Lehen euskal nobelagilea litzateke, kronologikoki, baldin eta Los pillos de la playa bere estreinako eleberriaren (1865) kreditu orrialdeetan ziurtatzen duena egia balitz, alegia, obraren jatorrizko bertsioa euskarazkoa dela. Ez da gaurdaino bertsio hori ezagutzen, ordea, eta beste meritu ez makalago batzuk direla medio igaro behar izan du Serafin Barojak (Donostia, 1840) historiaren urrezko orrietara: hasteko, barojatarren leinu emankorraren iturburu izan zelako, zentzu literarioan. Hark kutsatu zien letra-zaletasuna Pio eta Ricardo semeei, Carmen alabari eta, neurri batean, baita haren seme Pio Carori ere. Gaur dira 100 urte hil zela.
Bizitzeko egokitzen den garai eta tokiaren itzaletik inor gutxi salbatzen bada ere, Baroja bereziki baldintzatu zuen lehen karlistaldiaren osteko Donostian jaiotzeak. Ameriketako kolonien galerak krisian sarrarazi zuen merkataritza, eta gremiokoak arnasa hartu ezinik zebiltzan; 10.000 biztanle eskaseko hiria hasia zen suteak eragindako errautsetatik bizkortzen; eta, gainera, aduanaren gatazka zela eta, hiriburua eta probintzia kontrajarririk zeuden. Liberala zen Donostia; karlista, ostera, probintzia.
Konstituzio plazako Casa Baroja inprimategiko semea izanik, gaztaroan ekin zion inprimategian argitaratzen ziren liburuak leitzeari —gehienak pentsaera liberalez zipriztinduak, tartean Adolphe Thiersen Frantziako Iraultzaren historiaren gaztelaniazko itzulpena, eta Juan Ignacio Iztuetaren zenbait obra—. Baina, bereziki, Pascual Madoz iruindarra ezagutzeak markatu zion ideologia. Madoz, Diccionario Histórico-geográfico sonatuaren koordinatzailea eta gerora bigarren desamortizazioaren eragile izango zena, politikari liberala zen, eta hark gomendatu zion Barojari Meatzetako Ingeniaritza ikasketak Madrilen egiteko. Hala, aukera izan zuen bere gisako ideiak zituztenekin tertulietan aritzeko.
Madrilen ezagutu zuen, halaber, Carmen Nessi ere. Harekin ezkondu zen 1866an, harekin izan zituen lau seme-alaba, eta harekin joan zen Huelvara bizitzera (Andaluzia), Rio Tintoko meategietan lanpostua eskuratu bezain pronto. Izan ere, lan kontuak zirela-etaalde batetik bestera ibili behar izan zuen Barojak luzaz; Valentzia (Herrialde Katalanak), Nafarroa, Granada (Espainia) eta Bizkaia izan zituen bizitoki, besteak beste.
Sortzaile eta itzultzaile
Hala ere, oroz gain, literaturak bizi zuen, eta oso gazterik hasi zen idazten. Gainera, inprimategia gertu edukitzeak erraztu egin zion bere lehen lanen publikazioa. Hala, bi lan eman zituen argitara 1865ean, eleberri bat —lehen aipaturiko Los pillos de la playa, novela escrita en vascuence por Tantanfirulet, célebre tamborilero de Mizpirandienea— eta ipuin bilduma bat —Noveluchas y cuentos, sucedidos y pasatiempos, edición ilustrada con excelentes grabados en papel—. Lehendabizikoaren kasuan, novela escrita en vascuence delakoa amu gisara erabili omen zuen, jende gehiago erakartzeko asmoz —handik bi urtera Jean Baptiste Daskonagerre lapurtarrak Les échos du Pas de Roland eleberrian egingo zuen moduan—. Ez zuen, ahatik, euskara sekula baztertu, eta 1875ean Gaci guezac poesia liburua argitaratu zuen, ele bitara. Santo Tomasco feriya-n (1878) erdarazko almanakak itzuli zituen, eta euskarazko lehen opera idatzi zuen orobat (Pudente), Jose Antonio Santestebanen musikaren lagungarri—kantuen letragile moduan aritu zen gehiagotan ere; besteak beste, haren lumatik atereak dira Sarriegiren Donostiako Martxako hitzak—. Urte bereko lanak ditu Nury, Hernaniri, Guetariarrai, Asto-contuac, SanMarcosi eta Cecen suscoa. Bertso-antzerkiak ere papereratu zituen; 1882ko Hirmi arma alabac, kasurako.
Literatur sorkuntzan ez ezik, itzulpenetan eta kazetaritzan ere aritu zen Baroja. Zorrilla, Garcia Gutierrez, Lopez de Ayala, Campoamor, Becquer eta Alarcon euskaratu zituen, baita Calderon, Lope de Vega eta Shakespeare ere. Era berean, azken karlistaldiko gerrate kronikak bidali zituen Madrilgo El tiempo egunkarira;El Urumea: periódico no político sortu zuen 1879an, Ricardo anaiarekin elkarlanean, eta Bai jauna bai: periódico bilingüe castellano vascuence astekaria argitaratzeari ekin zion Iruñean 1883an. Azken horrek gutxi iraun zuen, baina: harpidedun faltagatik utzi zuten bertan behera.
Donostiako herriak egiten zuen euskalkian idatzi zuen, oso era malgu eta askean, garbizaleen joeratik urrun zeharo: «Nahi duenak segi ditzala Bonaparte, Azkue, Campion edota Arana; nik Larramendi, Iztueta eta Iparragirre segiko ditut beti», argiro utzi zuen idatzirik. Hala, garai hartan oso zabaldua zen logika betetzen da Barojarengan ere: apaizek eta gisako ahaidetasun ideologikoak zituztenek jo ohi zuten garbizalekeriara (Larramendik salbu), eta jende laikoak hizkuntza pragmatiko eta malgua erabiltzen zuen, baina ez, haatik, konpromiso urriagoz.
Euskaltzalea bazen, hortaz, eta baita liberala ere —Bilintx eta Ramon Artola idazle donostiarren tankeran—. Donostiako boluntario liberalen konpainian jardun zuen borrokan bigarren karlistaldian, eta karlisten aurkako kantu batzuk idatzi zituen, Jose Manterola foruzaleak Cancionero Vasco bilduman jaso zituenak 1877an.
Begirada ludikoa bizitzari
Julio Caro Barojak aitonaren «irudi alaia» izan ohi zuen gogoan, bere euskaltasuna poztasunez bizi zuen norbait bezala oroitzen zuen. Frantsesezko hitz bat erabili zuen haren jarrera bitala definitzeko: Jovialiter. Bizitzari zentzu ludikoz begiratzen zekiena, baikorra, ironikoa eta enamoratua omen aitona, bilobaren begietara. Eta ingurukoen aldeanberezia. Ezin nabarmenago antzeman dakioke hori Los Baroja liburuan (1972), pasarte honetan: «Aitona ez zen bere lagun euskaldun askoren ezpal berekoa: ez zuen amesten politikariak, aristokratak edo toreatzaileak ezagutzearekin, ez eta ezkontza erraldoiekin edo administrazio publikoan ibilbide oparo bat egitearekin ere. Hori izan ohi zen, eta hori da oraindik ere, familia oneko seme-alabek nahi izaten dutena».
Jostariak ditu poemak, jostari begiratzen zion hainbeste liluratzen zuen Donostiari, eta, hiltzeko modu jostaririk baldin bada, bat behintzat berea: Hiru Damatxo abestuz eman omen zuen azken arnasa, Itzean, barojatarrek Beran (Nafarroa) duten etxean.
Leinuko lehen Baroja
Sortzaile leinu emankor bateko lehendabiziko pieza hil zenetik 100 urte bete dira. Serafin Baroja idazle eta ingeniariak meatze eta paper artean igaro zuen bizitza, baina, batez ere, Donostiarekin sutsuki maiteminduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu