Etxera itzuli da Irailekoak poesia jaialdia: Lekeitiora (Bizkaia). 2023an, Euskaltzaindiak lehen aldiz bertan antolatu zuen egitasmoa; iaz, ordea, Itsasun (Lapurdin) egin zuten. Eako (Bizkaia) Poesia Egunak jaialdia antolatzeari utzi ziotenean —2018an—, haren hutsunea betetzeko asmoz hasi ziren Irailekoak egiten, eta antolatzaileek hasieratik adierazi zuten urtero leku batean egingo zutela. Aurtengoa irailaren 26tik 28ra izango da. Euskaltzaindiak Lekeitioko Udalarekin, Recreativa elkartearekin eta Kitto merkatarien elkartearekin batera ondu du aurtengo festibaleko egitaraua.
Ekitaldien informazio xehea irailean jakinaraziko du antolakuntzak, baina, hala ere, pintzelkada batzuk eman dituzte gaur hedabideei helarazitako oharrean. «Euskal poeten lana gizarteratzea» da jaialdiaren helburu nagusietako bat, eta, horretarako, hainbat poetaren hitzaldi, errezital eta irakurraldiak prestatu dituzte. Gainera, poesia bakarrik ez, beste diziplina artistiko batzuk ere uztartuko dira aurtengoan, besteak beste musika eta artea ere landuko baitira.
Antolatzaileen esanetan, Euskal Herriko zenbait olerkariren eta beste bazter batzuetako egileen lanak aztertuko dituzte jardunaldietan, haien sorkuntzak «hauspotzeko» asmoz. Lehenengo aldi hartan bezala, Recreativa elkartearen egoitzan egingo dira ekitaldi nagusiak.
Presentzia
Herrian poesiari presentzia emateko asmoz, Kitto merkataritza elkartearekin elkarlanean, bertako kide diren saltokietako erakusleihoetan Euskal Herriko eta mundu osoko poeten olerkiak jarriko dituzte. Miren Agur Meabe, Castillo Suarez, Jon Gerediaga, Bernardo Atxaga, Anne Sexton, Alejandra Pizarnik eta Forugh Farrokhzad izango dira aukeratutako poetetako batzuk.
Gainera, festibalak irauten duen bitartean, Iraileko paperak aldizkaria argitaratuko dute; Irailekoak-ek emandakoaren lekukotza jasotzeko asmoz. «Oroigarri intelektual-poetiko» bat izango dela adierazi dute antolakuntzako kideek.