Jorge Alderete. Ilustratzailea eta diseinatzailea

«Leku erosoetatik alde egiten dut»

Fermin Muguruzak eta Harkaitz Canok sortutako 'Black is Beltza' nobela grafikoaren marrazkilaria da Alderete, Latinoamerikako egile estimatuenetakoa. Berdin-berdin lan egin dezake «proiektu txiki edo erraldoi batean», baina, batez ere, zorroztasunez jokatu nahi du bere egitekoan.

IGOR SUSAETA.
Igor Susaeta.
Mexiko Hiria
2016ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Esfortzua baloratzen du Jorge Alderetek (Patagonia, Argentina, 1971). Horri buruz galdetuta, zera dio, apur bat sututa: «Orain esan diezazuket lan bat hilabete batean egin diezazukedala. Baina zergatik? Hamaika aldiz egon naizelako lanean lorik egin gabe, eserita, egiten eta berregiten. Oso gutxi dira jenioak; besteok lan egin behar dugu». Latinoamerikako ilustratzaile eta diseinatzaile estimatuenetakoa da, sortzaile poliedrikoa. Egin du Andres Calamaroren eta, besteak beste, Los Fabulosos Cadillacsen zenbait diskoren artea, argitaratu ditu liburuak pop iruditeriatik, zientzia fikziotik, B saileko zinematik eta, noski, musikatik edaten duten irudi oso bereizgarriekin, eta, kide batekin batera, surf, rockabilly eta garage rockaren azpigeneroetan espezializatutako Isotonic Records diskoetxea sortu zuen duela hamabost urte. Sonido Gallo Negro cumbia garaikideko taldean theremina jotzen du, gainera. «Gauza grafikoa» modan dagoela irizten dio; emaztearekin batera kudeatzen duen Vertigo galerian frogatu ahal izan du azken urteotan. 1998tik bizi da Mexiko Hirian.

Euskal Herrian, Katalunian, Espainian, Frantzian, Kolonbian, Japonian, Argentinan laster… eta Mexikon ere editatzen dute Black is Beltza nobela grafikoa. Zer-nolako harrera eduki du hemen?

Euskal Herrian bezala, hemen ere 2014ko bukaeran argitaratu zuten, eta edizioa birplanteatzen ari gara orain. Banaketa-eta nahiko arraroak izan dira, eta gure asmoa da aurten beste bultzada bat ematea. Hor-hor saldu da…

Nolatan kolaboratu zenuen Fermin Muguruza eta Harkaitz Canorekin?

Tomas Cookman Los Fabulosos Cadillacs taldearen AEBetako managerrak jarri gintuen harremanetan Fermin [Muguruza] eta biok. Ez nuen Fermin pertsonalki ezagutzen, baina banekien zein zen. Bere proiekturen bat zela-eta, Fermin Los Angelesen [Kalifornia, AEB] zegoen 2010ean-edo, eta Tomasekin [Cookman] topo egin zuen. Proiektuaren berri eman, eta adierazi zion ez zuela artista grafiko egokia topatzen… Tomasek erakutsi ziona izan zen 2009an nik Bilbon egindako erakusketa baten katalogoa. Nire lana ikusten hasi zenean, Fermin konturatu zen ezagutzen ninduela. Los Angelestik bertatik bidali zidan mezu elektroniko bat, eta nik, hasieran, uste nuen nahiko zuela bere diskoren bateko artea egitea…

Nik istoriotxoak egin nahi nituen nerabezaroan, baina gauza oso motzak besterik ez neuzkan marraztuta; nire ibilbidearen hastapenetan, gainera. Lantzeke neukan generoetako bat zen nobela grafikoa. Urteetan bidali zizkidaten gidoiak, baina bigarren orria irakurtzerako aspertzen nintzen… Ferminek bidali zidan gidoia, eta irakurri nuenean sentitu nuen niretzat bezala idatzita zegoela.

Zergatik?

Erreferentzia musikalak, mugimendu iraultzaileei egiten zaizkienak… Konturatu nintzen gauza asko konpartitzen genituela. Beraz, askoz ere errazagoa izan zen dena. Halere, hiru urte behar izan nituen marrazteko…

Asko al dira zuretzat?

Bai. Hiru urte horietan ezin izan nuen esklusiboki horretan jardun, proiektu independente bat zelako nolabait. Lan baten eta bestearen arteko tarteetan marrazten nituen orrialde batzuk.

Zure hastapenetara itzuli zinen nobela grafiko bat osatuz. Erronka handia izan zen, ala lanen planteamenduan ez duzu bereizten kartelak diren, diskoen azalak diren edo beste?

Nire lanean oso zorrotza izan naiz beti, eta berdin zait proiektu txiki edo erraldoi baterako aritu. Hori bai, erronka handia izan zen. Urteen joanean, proiektu konplexuak gehienez hilabeteko epean entregatzera ohitu naiz. Nik banekien, ordea, hori ez zela hilabeteko lana, ez nuela bukatuko bi gau lorik egin gabe pasatuta. Ez. Alde horretatik desafio bat zen, lana planteatzeko nire modua aldatu zuelako. Bestalde, banuen beste beldur bat, hamaika aldiz ikusi dudalako kontrakoa: lehen orrialdeetako kalitateari eutsi nahi nion azkenekoan ere. Beste lan batzuetan askotan nabaritu dut ilustratzaileak azken orrialdeak egin zituela entrega eguna gainean zuenean, eta horrek asko eragiten dio kalitateari.

Beraz, lanaren plangintzak sortu zizun buruhauste gehien.

Bai. Garapen grafikoari dagokionez, hasieran estetika eta lan egiteko era bat aukeratu behar izan nituen, eta horri eutsi behar izan nion ondorengo bizpahiru urteetan. Nire ilustrazioetako bakoitzean kurba edo marra bakoitzeko azken detaileak kontrolatzen ditut, baina tira kartel bat da, irudi bakar bat. Black is Beltza-n 150 orrialde ziren… Beraz, oreka bat bilatu behar izan nuen; estetikoki ondo funtzionatu behar zuen, baina ezin zituen eduki karteletarako egiten ditudan irudien xehetasunak. Gainera, nobela grafiko batean erritmoa ere inportantea da; ez da disko baten azala edo kartel bat bezala begiratzen.

Dela proiektu underground bat edo direla Nike-rentzako edo Universal-entzako lanak, egin izan dituzun bezala, ez duzu bereizketarik egiten. Ahal duzun bakoitzean filosofia hori edo lan egiteko modu hori aldarrikatzen duzu. Zergatik?

Batez ere Latinoamerikan ematen du atentzioa lan egiteko modu horrek. Los Fabulosos Cadillacs-ekin lan egin dezaket, marka handiekin, MTVn ere aritu nintzen bere garaian, baina gogo berarekin lantzen dut inork ezagutzen ez duen garage talde baten lehen diskoaren artea, adibidez.

Eta zergatik ematen du atentzioa?

Irudipena daukat zure lanbidean arrakasta, hazkundea lortzea lotuta dagoela proiektu txiki horiek, dirurik ematen ez dutenak, albo batera uztearekin. Kapitalismoak hori sartu digu buruan. Baina nik, nire osasun mentalaren mesedetan, beharra daukat proiektu handiak eta hau bezalakoak [Black is Beltza-ren ale bat adieraziz] uztartzeko. Bereizketa egiten duten kideekin topo egiten dut une oro. Esaten dute bi peso mexikar ordaintzen dizkieten lan bat eskaintzen badiete bi pesoko lana egingo dutela; eta 2.000 peso eskainiz gero, lana 2.000 pesokoa izango dela. Bada, ez: nik beti egiten ditut bi milioi pesoko lanak. Berdin zait zenbat ordaintzen didaten.

Esan izan duzu urte hauetan guztietan azaldutako koherentziak eta konpromisoak modua ekarri dizula askatasunez jarduteko. Baina galdu al duzu ezer bidean?

Ziurrenik, askorik inporta ez zaizkidan gauzak galdu ditut… Adibidez, publizitate agentzia batzuek eskaini izan didate marka batzuen arte zuzendaritza. Orain baino askoz ere diru gehiago irabazten arituko nintzateke, baina arazorik gabe esan izan diet ezetz.

Zure webgunean hainbat esaldi bildu dituzu, eta Georg Grosz margolari alemaniarrarenak zera dio: «Nire arteak fusila eta sablea izan beharra dauka». Hala ulertzen duzu zurea ere?

Bai, nire lanak bere kabuz hitz egin beharra daukalako. Lan grafiko bat, edozein dela ere, oharkabean pasatzen bada, ez du graziarik.

Baina batzuetan epatatzera ere jotzen da…

Bai, gerta daiteke, baina ahalegintzen naiz, noski, hori saihesten. Orekari eustea beti da zaila… Eduki nuen konformatzeko aukera, publizitate agentziek eskaini zidaten-eta diru asko, baina ez, ez dut nahi, horrek zure alderdi sortzailea hiltzea dakarrelako. Leku erosoetatik alde egiten dut, beharrezkoa iruditzen zaidalako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.