Lekueren deiak jaso du erantzuna

Arabako 30 bat kulturgilek manifestu bat sinatu dute, Krea eraikinaren egoera salatzeko eta Irantzu Lekue artistari atxikimendua agertzeko

Manifestua sinatu duten kulturgileak, Irantzu Lekuerekin batera, atzo, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
aitor biain
Gasteiz
2015eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Gasteizko Krea eraikinaren auzia dela eta, sortzaileentzat gune baten beharra aldarrikatzera deitu zituen Irantzu Lekue artistak joan den astean Gasteizko eta, oro har, Arabako herritarrak. Aldarri beraren harira, rangoli bat marraztu zuen artistak iazko abenduan eraikinaren aurrean, eta salaketa jarri zion haren jabe Kutxabank-ek —asteon erretiratu du salaketa—. Bada, Lekueren deiak berehalako erantzuna jaso du. Arabako 30 bat kulturgilek manifestua sinatu dute artistari babesa azaldu eta Gasteizko Udalari «behingoz» Krearen auzia konpontzeko eskatzeko. Lekuerekin batera, Eloi Beato antzerkigileak eta Juan Ibarrondo idazleak eman dute manifestuaren berri, Monstrenka aretoan eginiko agerraldian.

Krea eraikinak «hutsik» eta «inongo proiektu edo funtziorik gabe» jarraitzen duela salatu dute idatzian. «Arte Garaikidearen ikurra behar zuen izan eta, diru publikoarekin, 18 miloi euro gastatu ziren berritze lan horietan». Hori dela eta, «hausnarketa berri, demokratiko eta eraikitzailea» plazaratu nahi izan dute kulturgileek.

Auzia konpontze aldera, baina, lantalde bat sortzeko eskatu diote Gasteizko udalbatza osatzen duten taldeei. «Jakin badakigu Krea egitasmoa abiatzeko aurrekontu arazoak daudela, baina gizartearen interesen kontra doazen interes espekulatiboen gainetik, egoera honen aurrean ezer ez egitea ez da aukera bat», diote kulturgileek. Haien ustez, Gasteizko eta Arabako kulturgintzaren egoera aztertu eta hobetzea ere izan beharko luke helburu taldeak.

Manifestuaren sinatzaileen iritziz, eraikinaren jabeak, Kutxabank-ek, Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta kulturgintzan aritzen diren pertsonen ordezkariek osatu beharko lukete lantaldea. Izan ere, Arabako eta Gasteizko artistak biltzeko «leku fisiko baten irekiera» beharrezkoa dela uste dute, Lekuek iragan asteartean adierazi zuen moduan. «Bilerak egin, sinergiak sortu, artelanen erakusketak antolatu eta lan berriak sortzeko aproposa den zentro baten irekiera», hain zuzen.

Horren harira, datozen egunetan osatuko den Arabako Kulturgileen Mahai Sektoriala bitartekari «aproposa» izango litzatekeela uste dute manifestuaren sinatzaileek, udalarekin balizko negoziazioetan parte hartzeko.

Lorategia, lehen helburua

Arazoaren konplexutasunaz jabetuta, baina, jarrera on baten adierazle izango litzatekeen «keinu bat» eskatu diote udal gobernuari: Betoñuko komentu zaharraren aurrean dagoen lorategia herritarrentzako parke publiko izendatzea. Horretarako, finantza entitatearekin negoziatu eta akordioa lortzeko eskatu diote.

Ildo beretik jo du Krea eraberritzeko lanak diseinatu zituen arkitektoak, Roberto Ercillak ere. «Udalarekin harremanetan jarri eta negoziazioak abiatu behar dira. Gerra honetan lehia txiki bat irabaztean datza lehen helburua: lorategia publiko izatea». Manifestuaren sinatzaileetako bat ere bada Ercilla, eta Kreak erabilerarik gabe jarraitzea salatu du. Halere, beharrezkotzat jo du aurrez hirian dauden lokal hutsak aztertu eta kultur proiektuak sortzen hastea. «Eraikinaren mantentze kostua oso handia da. Zeinek ordainduko luke hori gaur egun? Hor dugu zailtasun handienetako bat. Baina argi dago Krea horretarako egin dugula eta ireki egin behar dela. Ni horren alde nago».

Gauzak horrela, manifestuaren sinatzaileak herritarrei ere mintzatu zaizkie, egoera denen artean «irauli» beharra dagoela iritzita. Hori dela eta, sinadura bilketa bat abiatu dute Interneteko plataforma baten bitartez. «Gure eskaerarekin bat datozen pertsona guztiei eskaera sinatzeko deia egin nahi diegu», adierazi du Irantzu Lekuek.

Manifestua sinatu dutenen artean daude, besteak beste, Belen Nevado aktorea, Bingen Mendizabal musikaria eta Juan Mieg margolaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.