Lengoaia berrien ikerlari

Fernando Larrukert zinemagile eta argazkilaria zendu da. 'Ama Lur' filma ondu zuen Nestor Basterretxearekin, euskal zinemagintzaren mugarritzat jotzen dena

Ama Lur filmaren fotograma bat. Z / BERRIA.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko urriaren 21a
00:00
Entzun
«Ezer garrantzizkoa egiten ari ginen kontzientziarik gabe egin genuen Ama Lur». Miel Anjel Elustondori hala kontatu zion, Argia-k 2009an plazaratutako elkarrizketa batean, Fernando Larrukertek. Baina egin, egin zuten zerbait garrantzizkoa berak eta Nestor Basterretxeak, Ama Lur filmak jarri baitzion abiapuntua 1968an euskal zinema garaikideari. Euskal zinemagintzan lengoaia propioa bilatzeko saioa egin zuten bi sortzaileek, eta lana mugarritzat jo izan da horregatik. Baita euskal zinemagintzaren erreferente nabarmenetakotzat Larrukert bera ere. Irungo (Gipuzkoa) bere etxean, atzo hil zen zinemagile eta argazkilari izandakoa, 82 urterekin.

Irunen sortu zen Fernando Larrukert Agirre, 1934. urtean. Musikaren arloan hasi zuen bere ibilbidea. Alaiki abesbatza sortu zuen 1950ean, eta urte batzuk geroago, Irungo Ganbera abesbatza zuzentzen hasi zen. Ibilbide oparoa egin zuen taldeak haren gidaritzapean, baita sari ugari eskuratu ere. Baina zinemagintzak ere erakartzen zuen, baita lagun zuen Nestor Basterretxea artista ere; Jorge Oteiza artista ere laguna zuten, eta hark animatuta, besteak beste, zaletasun hari bide ematea erabaki zuen. Operación H (1963) film esperimentala izan zen elkarlanaren lehen emaitza, Juan Huarte mezenas nafarrak lagunduta aurrera atera zutena, eta industria-diseinua ardatz zuena. Oteizaren eta Luis de Pablo konpositorearen laguntza ere izan zuen bikoteak lehen lan hartan.

Filmak egiten jarraitzeko, bi lagunek Frontera Films Irun ekoiztetxea sortu zuten. Bi film labur ondu zituzten hurrengo urteetan: Pelotari (1964), euskal pilota jokoari eskainitakoa, eta Alquezar, retablo de pasión (1966), Aragoiko (Espainia) mendialdeko herritxo batean kokatutakoa. Bi urtera iritsi zen haien lanik nabarmenena: Ama Lur. Bi urte egin zituzten grabatzen, eta zentsura frankistaren trabak bata bestearen atzetik gainditu behar izan zituzten, Euskal Herriaz eta bizi zuen egoeraz mintzo baita filma. «Hobe zentsuratu izana, horrek loria tanta eman zion-eta Ama Lur-i. Zentsoreak ez baitira inoiz oso buruargiak izan (...)», azaldu zuen Larrukertek elkarrizketa hartan. Baita berezko lengoaia edo narratzeko modu propio baten bila aritu zela ere. Pisua kentzen zion gerora berak horri guztiari, «ezer ez zegoen arloan nabarmendu» zirela esanda. Baina mugarritzat jotzen dute guztiek begirada hura.

Juanmi Gutierrez zinemagileak, esaterako. «Niretzat erabateko maisua da». Ama Lur eginda, baina baita lehenagoko film laburrak ere, bi sortzaileek «euskal zinemagintzan planteamendu bat finkatu» zutela dio, «euskal sustraien mentalitatea, narratzeko euskal modua berriro aurkitzea» xede zuena. «Ordura arte, euskal zinema nahiko primitiboa izan zen, eta Larrukerten eta Basterretxearen esku hartzearekin hasi zen helduago egiten». Azaldu duenez, euskararen egiturak eta, bereziki, kopla zaharrak hartu zituen oinarri Larrukertek narratzeko euskal era horretara itzultzeko; bertsolarien gisan, mezuaren bukaera pentsatuz lehenik, eta gainerakoa ondoren eraikiz topatu zuen lengoaia hura. Baina horretan ez ezik, Euskal Herriaren egoeraz hitz egiteko hautuan ere ikusten du berritasuna Gutierrezek. «Haiek izan ziren, Ama Lur filmarekin, Euskal Herriari buruz hitz egiteko tabu hori hautsi zutenak».

Haren ondotik, beste hamaika lanetan parte hartu zuen Larrukertek, muntatzaile gisa askotan, baina zuzendu zuen besterik ere —Euskal Herri-Musika (1979) eta Agur Everest (1981), kasurako—, eta haietan hasierako ildo berari jarraitu zion. «Baina hori pixkanaka agortuz joan zen, zinemara gehiago ez gerturatzea erabaki zuen arte», azaldu du Gutierrezek. Argazkilaritzan erabat murgildu zen orduan: Lamia argazki denda ireki zuen sorterrian, eta haren inguruan aritu zen lanean aurrerantzean, semeekin. Erakusketarik ere egin zuen. «Bere lanak eragina izan du, erretratatzen zuen jendearen identitate sakonera sartzen zelako. Izan zitezkeen herriko jende ospetsuak, eta baita herritar xumeak ere. Haien kanpoaldea ez ezik, zuten izateko era islatzen zuten bere argazkiek», Gutierrezen esanetan.

Liburua, bidean

Larrukerten heriotzak ezustean harrapatu zuen Gutierrez. Laguna zuen, eta hari buruzko liburua prestatzen dabil Carlos Roldanekin —Euskadiko Filmategiak, ondo bidean, urte amaieran argitaratuko du lana—. Lau elkarrizketa luze egin zizkioten udan, eta haiek dira lanaren oinarria. Larrukertek agertutako eskuzabaltasuna goraipatu du Gutierrezek, eta gizon hunkigarria zela adierazi. «Zorretan sentitzen naiz, genuen adiskidetasunagatik; beti sumatuko dut haren falta».

Larrukerten lan «izugarria» nabarmendu —«Ama Lur eginda, zegoen basamortua apurtu zuten»—, eta Euskadiko Filmategiarentzat atzokoa «oso egun tristea» izan zela adierazi zuen Joxean Fernandez zuzendariak. «Euskaltzale amorratua zen, eta harreman estua izan dugu. Niretzat gizon benetan maitagarria zen». Eusko Jaurlaritzak ere doluminak agertu zituen, ohar baten bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.