Udaberriarekin heldu da BilboraItziar Okariz (Donostia, 1965) artistaren 1,1,2,1... erakusketa. Carreras Mugica arte galerian inauguratu zuten herenegun, eta artista Bilbon da egun hauetan, New Yorketik (AEB) bueltan. Azken hamar urte eman ditu han bizitzen, nahiz eta Euskal Herrira maiz etorri den. AEBetan urte asko daramatza, baina, azaldu duenez, arteetako bere «interlokuzio taldea» hemen izan du beti, eta ez du baztertzen etorkizun hurbilean hona bizitzera bueltatzea. Atzo goizean bildu zen BERRIArekin bere lana erakusten duen arte galerian, erakusketaren eta bere obraren inguruan hitz egiteko.
Erakusketari izenburu ematen dion performancearen bideoa eta hainbat dokumentu bildu dituzte, Ghost Box (Rekalde Aretoa, 2008) eta How do you do (ARCO 2010, Madril) proiektuetako zenbait dokumenturekin batera. Performancearen arrastoak, denak, izan ere, performancearen erabilera oparoa da Okarizen obraren ezaugarrietako bat. «Seguruenik, historia kontu bat dago horretan, oso iturri ideologiko feminista gogorretatik nator, eta, arte feministaren barruan, performancearen inguruko erabilera eta gogoeta zabala dago historikoki. Nire kasuan, ez naiz inoiz zuzenean iritsi performancera, baizik eta dokumentuen bidez izan dut horren berri. Baina suposatzen dut hor zegoen zerbait zela eta, nolabait, nigan filtratu dela».
Okarizek lasai egiten du berba, irribarrea ahoan beti, inguratzen duen oro behatuz. Izan ere, behatzaile fina da, eta urte asko eman ditu bere lanetan gizabanakoaren eta gizartearen arteko harremanak, identitatearen eraikuntza eta keinu kulturalak aztertzen. Lengoaia eta ikurrak hartu ditu ikergai oraingoan 1,1,2,1... lanaren bidez. Guy de Cointet artistaren marrazki batzuk oinarrian harturik eraiki du bere lana. «Musac-eko erakusketa batera gonbidatu ninduten aurreko urtean, eta erakusketa hartan Guy de Cointeten marrazki bat zegoen, zenbaki segida bat. Matematiketatik atera badu ere, marrazkia segida horren irudikapena da. Biok eremu horrekin liluraturik gaude, eta nik marrazkian finkaturik bezala geratu nintzen».
Zenbakien irudikapen grafikoa testuekin aldatuta marrazki berriak sortu zituen Okarizek. Marrazkiek eta horien errezitaldiaren bideoak osatzen dute lana. Pertsona bi agertzen dira bideoan, Okariz bera da horietako bat; ikus-entzuleak aurrean izango balituzte bezala, zenbaki segida bat errezitatzen dute eta eskuekin irudikatzen dituzte zenbakiak: «Ikur bat, zenbaki bat, hitz bihurturik eta gorputzaren lengoaian sartzen duzunean, keinuetan zehaztasuna galtzen du, eta, era berean, zenbakien izaera abstraktu hori galtzen du». Berak keinu horietan jartzen du interesa, «zentzu anitz duten keinuetan».
Akzioaren polisemia
Lengoiaren polisemia asko interesatzen zaio: «Nabarmendu nahi dudana zera da lengoaia oso gauza zabala dela, batez ere, oso oreka hauskorra duen zerbait dela, eta, era berean, oso zehatza eta abstraktua izan daitekeen zerbait. Gorputzak, ahotsak, hizkuntzak… hainbeste gauza ematen diote forma…». Horien artekoak dira gizartea eta ohiturak ere. Horien konbentzionaltasuna agerian uzten saiatzen da bere lanetan, eta normalean dagozkien testuinguruetatik kanpo ateratzen ditu horretarako: «Ikurrak testuinguru batera lotuta daudela agerian uzten duen teknika da, eta horretatik kanpo jartzen dituzunean agerian geratzen da guztiz testuinguru horren beharra dutela. Askotan testuinguru ideologikoa, gizartekoa… da. Horretatik ateratzen duzunean, agerian usten da ikur horren gizarte izaera, politikoa… eta horrekin batera ikurraren esanahia zabaldu egiten da eta malguago bihurtzen da».
Hori dela eta, testuinguruekin jolasten saiatzen da, eta performanceak, edo akzioak, behin baino gehiagotan errepikatzen ditu, testuinguruak ezartzen dizkien baldintzak agerian utziz berriro ere: «Gertatzen dena zera da, eta hau ideologia feministatik datorren gogoeta da, zeure burua subjektu bihurtzeko, emakume, gizon, euskaldun… edo beste edozein gauza zarela ere, zeure performanceak jarraia izan behar du eta etengabe errepikatu behar duzu. Errepikapena ez da inoiz berdin-berdina, eta nahiz eta saiatu zerbait etengabe errepikatuz gauza bera izaten jarrai dezan, ezberdintasun horretan, errepikapenak usten dituen zirrikituetatik esanguren arteko mugimenduak egoten dira, bai identitateei dagokienez, bai eta bestelako gauzetan ere, eta gauza bera gertatzen da performancean».
Bere akzioen subjektua bera izaten da gehienetan, «nire identitatearen inguruan aritzen naiz normalean. Izan ere, errazagoa da; zu zeu osatzen zaituzten elementuak ezagutzen dituzu, eta nire lanean, horien inguruko azterketa dago». Ez da hori, baina arrazoi bakarra: «Akzioak nik neuk egitea ez da hautaketa bat, baizik eta nire lanaren esperientzia gustatzen zaidala. Beste pertsona batek egiten duenean ez dut esperientzia hori, eta ez dut horren gaineko kontrolik, ez dute mikroerabakien gaineko kontrolik. Hori adierazgarria izan daiteke, edo ez; batez ere, esperientziaren kontuarekin du zerikusirik».
Itziar Okariz. Artista
«Lengoaiaren hauskortasun handia nabarmendu nahi dut»
Itziar Okariz artista donostiarraren '1,1,2,1...' erakusketa inauguratu zuten, herenegun, Bilboko Carreras Mugika arte galerian. Lengoaiaren eta keinuen esanahiez ari diren zenbait akzioren bideo, testu eta marrazkiak bildu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu