Lertxundi: «Kazetari nahiz idazle, lekukotza zuen garrantzitsutzat»

Martin Ugalderengan exilioak eta elebitasunak utzitakoak aletu ditu Anjel Lertxundik, Donostian

Anjel Lertxundi, atzo, Martin Ugalderi buruzko hitzaldian, Donostiako Literaktum jaialdiaren barruan. GORKA RUBIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun

«Hizkuntza bat, edozein, etxea da». Lehen harria Anjel Lertxundik. «Hizkuntza-etxeak babesa ematen digu, eta arnasa, teilatua, sukaldea eta ohea. Bertako izateak ez gaitu etxearen ez lurraldearen jabe egiten, baina bai onuradun eta oinordeko, etxearen zaintzaile zein etxekalte». Hannah Arendten hitzetan, «mundua ez naiz ni, baina munduan nago, mundua bizi dut, hizkuntzari esker, bereziki». Baina jakina da: ez dira etxe guztiak, hala hizkuntzak, ez pareko, ez libreki hautatuak. «Etxe hitzak zentzu bera al du jaiotetxeaz ala bizi izan garen beste etxeez ari garenean?», Lertxundik. Martin Ugalde: Exilioak eta hizkuntzak, ahulenak gogoan hitzaldia eskaini zuen idazleak, atzo, Donostiako Literaktum jaialdiaren barruan. Ugalderengan exilioak eta hizkuntzak utzitako markez jardun zuen.

[YouTube]https://youtu.be/GakquIPJD8g[/YouTube]

11 apunterekin osatu zuen hitzaldia Lertxundik. Erbestealdiko garaiaz aritu zen batez ere, baina argi utzi zuen Ugaldek sorterriko Andoainen (Gipuzkoa) bizi izan zuela bere lehen desterrua: «Etxe arrotz batean bizitzen ikasi behar izan zuen: elebitasun inposatuan». Arendtek «bizitza biluzia» deitzen bazion exilioari, eskolan oina jarri orduko kendu zizkioten arropak haur hari: «Lehen egunetik berea ez zen traje bat jantzi zioten burutik behera».

15 urte zituen Ugaldek 36ko gerra piztu zenean, eta, Lertxundiren hitzetan esanda, «arbolari harria botatakoan txoriak aztoratu eta sakabanatzen diren bezala sakabanatu zen haren familia». 1945ean elkartu ziren etxeko laurak ostera Venezuelan, eta hara joan bezperako urteak ostera Andoainen igaro zituen Ugaldek, amarekin. Lertxundi: «Literaturaren historian oso inportanteak izan dira pogromen kontakizunak. Espainiako gerra ostekoari, ordea, inoiz ez zaio hala deitu, baina pogrom bete bat biziko dute ama eta Martinek Andoainen: galtzaileak dira, gorriak dira, ez dira fidagarriak eta arima laztekoak dira iristen zaizkien berriak».

«Erresistentziako ipuinak»

Gaztelaniaz «dotore» zekien Ugaldek Venezuelara heltzean, baina, gutxik bezala egin zuen ahalegina Andoainen ikasitako gazteleraren ordez, Venezuelakora hurbiltzeko. Venezuelako irakurleak, ez soilik euskaldunak, zituelako gogoan. Lertxundi: «Venezuelako hizkuntza-etxearen leihoetatik begiratzen zion errealitateari, eta ez penintsulako leiho inperialetik». Han egin zen kazetari eta idazle, bai gazteleraz eta bai euskaraz. Lehenengoaren kasuan, Venezuelako jende xehea hartu zuten literaturarako gai; euskaraz idatzitako obretan, ordea, euskal gizartearekin lotutako auziak: Iltzaileak-en (1961), gerra galtzaileak; Mantal urdina-n (1984), zahar jendea; Itzulera baten historia-n (1990), exilioa.

Hizkuntza bietako lanak «samurtasuna» ezaugarri zituela nabarmendu zuen Lertxundik, eta oroitarazi Hego Amerikako idazleen goraldi dirdiratsua bizitzea tokatu zitzaiola. «Exilioak ez dakar dena txarra, inondik ere, batez ere, gizatasunari begira jartzen den exiliatua izanda». Oihartzun hura nabari daiteke Ugalderen ipuinetan, Lertxundiren arabera: «Trazu eskematikoekin emandako erretratu sakonak, estilo gero eta pertsonalagoa, elipsiaren erabilera oso elegantea, erritmo aldaketa eta foku mugimenduekin, lurra eta elementu telurikoak, tragedia pertsonalen paisaia eta lekuko mutua». Eta horiekin, «kreoleen mentalitatera» hurbiltzeko lana.

Idazle zein kazetari bide aitortua egiten ari zen gaztelaniaz, baina «jatorrizko etxea» zaintzeko ardurari leial, euskara lantzen hasi zen berriz, euskal etxearen bueltan. «Ikusten zuen euskaraz nekez lortuko zuela bere hizkera gaztelaniazkoak lortutako galga artistikoa, baina saiatu zen, ez zion [euskarari] bizkarra erakutsi, ez Venezuelan, ez hemen».

Iltzaileak da horren lekuko behinena Lertxundirentzat; haren «euskarazko lanik onena», idazlearen ustetan. «Lehen euskal ipuin modernoak dira horko bostak; kazetaritzari asko zor diotenak». Egileak «erresistentziako ipuinak» deitzen ei zituen: «Kazetari nahiz idazle, Ugaldek lekukotza zuen garrantzitsutzat, ez gertakarien deskribapen hotza. Onak eta gaiztoak baino gehiago, irabazleak eta galtzaileak markatzen ditu». Eta oharra: «Begiradan dago inon egotekotan obra literario baten dimentsio morala».

Franco hil osteko sasoian esperantza handia zuen jarria Ugaldek, eta kolpea hartu zuen Euskal Herriratzean topatutakoak. Euskal kulturaren dibulgaziorako baliatu zuen gaztelania itzuleran; euskara, literatur lanerako. Euskara Batuaren eztabaidetan sufritu zuena ekarri zuen gogora Lertxundik, eta nola aritu zen zorrotz zubigintzan, «kazetari on bat bezala». Bizitzako azken urteetan, Euskaldunon Egunkaria-ren «ametsak» arnasa beste oinaze ekarri ziola ere ezin aipatu gabe utzi. Lertxundi: «Apunte honen izenburua da bururatzen zaidan omenaldirik zehatz bikainena: historiaren biktima izanagatik, historiaren eragile izan genuen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.