«Letek eta biok malenkonia badaukagu, baina ironia fina ere bai»

Karlos Linazasorok irabazi du Xabier Lete poesia sariketaren lehen ekitaldia, 'Ezer gehiago behar gabe' lanarekin

Karlos Linazasoro, atzo, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza nagusian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak Xabier Lete poesia sariketaren lehen deialdiaren berri eman zuenean, aukera ezin egokiagoa iruditu zitzaion hura Karlos Linazasorori azken urteetan landutako poemategia aurkezteko. «Pentsatu nuen saria irabazten banuen poz handia hartuko nuela, eta seguru asko Xabier [Lete] ere pozik egongo zela saria nik irabaziz gero», azaldu zuen atzo Linazasorok, Aldundiak sarien irabazleak nortzuk ziren jakinarazteko antolatutako aurkezpenean. Ezer gehiago behar gabe poemategiarekin irabazi du Linazasorok Xabier Lete poesia saria, eta, sariarekin batera, 10.000 euro, Jose Ramon Anda artistak diseinatutako egiaztagiri artistikoa eta poemategia liburu bihurtzeko aukera. Aurten argitaratuko du liburua, Pamiela argitaletxearekin ia seguru; argitaletxe horrek kaleratu zuen Lete zenaren Egunsentiaren esku izoztuak liburua, 2008ko neguan.

Miresten zuen poeta eta kantaria izateaz gain, adiskide ere izan zuen Linazasorok Lete. «Azken urteetan Letek eta biok askotan egiten genuen topo», ekarri zuen gogora, «eta beti esaten zuen: 'Hemen gaudek Euskal Herriko bi melankolikoak'; edo 'bi melankoliko', ez naiz oroitzen oso ondo zehazki nola esaten zuen. Neurri batean egia da, biok gara malenkoniatsuak. Baina esaldi horrek badu bere buelta ere;Xabierrek irribarrez esaten zuen hori. Uste dut nostalgia eta malenkonia badaukagula, baina umore eta ironia fina ere bai».

«Ibai baten antzekoa»

Azken zazpi urteetan, amaren heriotzaz geroztik, idatzitako ehundik gora poema bildu ditu Karlos Linazasorok (Tolosa, 1962) Ezer gehiago behar gabe poemategian. Izadia, maitasuna eta denbora dira poemen gai nagusiak, egilearen ohiko eta betiko gaiak. Poemen irakurketa «ibai baten antzekoa» izan dadin saiatu da, hermetismotik ihesi, irakurleak aurrera «xuabe-xuabe» egin dezan, «malkarrik gabe».

Lourdes Otaegik, Tere Irastortzak, Igor Estankonak, Jose Angel Irigaraik eta Joxerra Garziak osatu dute Xabier Lete poesia sariketara aurkeztutako 22 lanen artean Linazasororena hobetsi duen epaimahaia. Aurkeztutako 22 lanen artean «kalitateari dagokionez, dozena bat gailendu dira», epaimahaikideen iritziz.

Ezer gehiago behar gabe poemategiari «eder eta jasoa» iritzi dio epaimahaiak, «aurkikuntza poetiko ugari dituena, ideia, metafora eta esateko moldean». Poemategiaren ahots lirikoak «espresioaren laburtasuna, mintzagaiaren kontzentrazioa, hautematearen estatismoa eta hausnarketaren sakontasuna» ditu ezaugarri nagusi. «Bereziki aipagarria da sentipenak eta natura uztartzeko era dotorea, bai eta maitasuna eta paradisu galduak nostalgiaz kantatzerakoan darabilen autoironia ere». Poesia klasikoaren ezaugarriak dituen arren, «sentsazioen adierazpenean sorturiko irudiek eta hausnarketek surrealismoaren askatasuna bilatzen dute» Linazasororen poemategian.

Xabier Lete euskarazko poesia sariketarekin batera, Gabriel Celaya gaztelaniazko poesia sariketa ere antolatu du aurten lehenengoz Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Miguel Sanchez Robles izan da garailea, Treinta maneras de mirarla lluvia poemategiarekin. Caravaca de la Cruz herrian (Murtzia, Espainia) jaioa da irabazlea. 10.000 euro eskuratuko ditu, Leopoldo Ferran artistak diseinatutako egiaztagiri artistikoaz eta poemategia argitaratzeko aukeraz gain. Elena Romanek, Jose Maria Parreñok, Carlos Aurtenetxek eta Felix Marañak osatu dute epaimahaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.