Bizitza osoan herriko kaleak izan dira nire zerumuga. Txikitan, gaztetan, heldutasunean, zer esanik ez zahartu ondoren. Gorrirekin bizitzen jarri nintzenean, Euskal Herritik sekula atera gabea nintzen. Ezkondu ginenean ere Arantzazura joan ginen, lauzpabost egunez, Joxe eta biok. Are gehiago, gauzarik normalena irudituko zitzaidakeen hori, Gorrirengatik ez balitz. Handirengatik ere bai, baina Handik askoz leku gutxiago du nire memorian.
Nire gurasoak airean gerra usaina sumatzen hasi zirenean egin zuen alde Gorrik, Frantziara. Lehenik, Baiona ingurura, eta laster Bordelera. Eskolako liburuaren mapetan ikusi nuen nik non zegoen Bordele eta etxetik kanoikadak aditzen genituenean beti pentsatzen nuen mapan gugandik zentimetro pare batera zegoen hirian ez zuela Gorrik halakorik sufrituko: beldurra, batez ere, gurasoen gorputzak uzkurtzen zituena. Orduan ez nekien nire senarra izango zenak beste beldur klase bat ezagutuko zuenik, benetakoa, itsasoan, Matxitxakoren parean, han errotuko zitzaiola, betirako, azkenean burua ustelduko zion zera.
Herriko kaleetan dago idatzita nire bizitza. Eta portuan, noski. Zenbat antxoa jan dugun, zenbat hegaluze, zenbat berdel. Jan eta saldu ere bai, sarritan eramaten bainuen Joxek ekarritako arraina Handiren gurasoen tabernara.
Gorrik, berriz, mundu osoa du buruan, eskolako mapak bere bizitzaren plano bilakatu izan balitu bezala. Niretzat herriko kaleak direnak, kontinenteak dira Gorriren buruan. Eta, egunero, behin baino gehiagotan igartzen zaio hori. Lorategirako landareak aukeratzerakoan, adibidez, nire liburuan ere ez zeuden loreak aipatu zituen.
Azkenean, Kalok erabaki zuen Gabonak gurekin pasa ondoren joango zela. Azken momentuan, Laida ere elkartu zitzaigun, Gorrik Gabon gaua bakarrik pasa behar zuela jakin zuenean. Semeak ere esan zidan ea bere emaztearen etxera joan nahi nuen. Eskertu nion borondatea, baina nahiago nuen gure etxean geratu, eta hori ez nekiela zer nolako orfeoia antolatuko genuen gau hartan, zer nolako algarak aterako zitzaizkidan. Erabaki genuen Eguberri egunean bere etxean bazkalduko nuela, bila etorriko zitzaidala, ordu batean. Bere etxean, esan zuen, andrearen gurasoen etxean esan beharrean.
Kontu zaharrekin hasi genuen afaria eta frogatu nuen zeinen gezurtia den memoria, nola desitxuratzen dituen gertakizunak. Ez genuen Gorrik eta nik ezer berdin-berdin gogoratzen, ez xehetasunetan behintzat. Laidak esaten zuen txikikeriak zirela, baina kanpotik ikusten zituelako da. Adibidez, herriko festetan lehen aldiz dantza egitera atera ginen aldia, dantza egitera edo besteak dantzan ikustera. Gorrik bere anaia zena gogoratzen zuen gurekin eta nik ezetz, bakarrik atera ginela hiru Mariak. Gustura jarduten du Gorrik aspaldiko kontuez, gustura apaintzen ditu, zuri-beltzeko argazkiak gainetik margotuko balitu bezala. Niri, berriz, ez zait iraganean murgiltzea gustatzen. Agian horregatik baztertu dut hain aise, ustez zaharron betebehar nagusia dena. Iruditzen zait oroitzapenak lore lehorrak direla, besterik ezean, bista pittin bat alaitzeko gai direnak, baina lore bizien ondoan triste gelditzen direnak. Eta nik benetako loreak sortu nahi ditut, ez ordezkoak.
Kaloren ohoretan, haragiz eta artoz egindako pastela afaldu genuen, eta aldez aurretik, nik egindako arrain zopa, gure aita zenak egiten zuen modura. Laidak turroiak ekarri zituen eta Kalok auskalo nondik lortutako osagaiz atondutako entsalada. Ez nekien nire ahosabaia hain zapore desberdinekin gozatzeko gauza zenik.
Postrearen ondoren kantari hasi baino lehen kontatu zigun Laidak emana zuela Handi aurkitzeko lehen urratsa. Ba omen dago herrian zetaz jositako abizena duen gizon bat, itsas merkataritzako kapitain izana eta hark eman omen zion Handiren senarraren izena:
Ignazio Sainz de Buruaga. Banekien nik izen euskalduna eta abizen konposatua zituela. Ignazio Sainz de Buruaga, horixe zen, dudarik gabe. Gizon aberats batek eman behar beste aberats baten izena, nola ez. Bizkorra da Laida, saiatua. Gaztea, hori bai, gure Marijosek izango zukeen adinekoa.
Benga, Txuri, kanta ezazu, esan zuen Gorrik xanpain botila ireki bezain laster, eta nik ezin nuela, galdua nuela ahotsa, aspaldian utzia parrokiako korua. Gorri, ordea, ez da berehala amore ematen duten horietakoa eta, azkenean, artean txokolatezko mazapanaren zaporea ahoan nuela, «Arrauna bizkarrian» kantatu nien, Joxek eta biok bi ahotsetan kantatzen genuen hura, hasieran zalantzaz betea, ahapean, eta Gorri elkartu zitzaidanean, seguruago. Arrauna bizkarrean, surbesta eskuan. Ze demontre da surbesta, galdetu zuen Gorrik bukaerako txaloak isildu zirenean. Ez nuen galdera erantzuten jakin eta Gorrik esan zuen seguru aski frantsesetikhartutako hitza izango zela, «sur veste», jakaren gainean janzten den zerbait. Frantzian neskame ibili zen garaian ikasi zuen Gorrik frantsesa eta oraindik ere gustuko du frantsesez hitz egitea, edozein aitzakia dela medio. Batzuetan, hizkuntza horretan bakarrik aurkitzen du hitz aproposa.
Eztarria ia urraturik nuenean amaitu ziren kantuak. Gau erdiko mezaren ordua izango zela bururatu zitzaidan, urteetan ahaztuta nuen zerbait izan arren. Agian aspaldiko kontuen haritik etorriko zen oroitzapen bitxi hura nire burmuinaren azalera (...)
Gorrik egindako soineko urdina jantzi nuen eta gainean artilezko txaketa lodi bat. Semearen emaztearen etxea hotz gogoratzen nuen. Justu berokia janzten ari nintzela itzuli zen Kalo. Poztu egin nintzen, ez zitzaidan Eguberri egunean Gorri bakarrik uztea egoki iruditzen. Elkarrekin utzi nituen sukaldean, txutxu-mutxuka, bezperako kondarrekin bazkaria prestatzen. Inbidiaren antzeko zerbait sumatu nuen bien arteko lotura sendo haren aurrean, semeak eta biok ez baitugu sekula antzekorik lortu.
Semeari besotik helduta jaitsi nintzen aldapan behera, porturantz, hark zeraman aterkiaren azpian. Ez nion neure buruari horrelakorik aitortu nahi, baina seguruago nenbilen norbaiten besotik. Bezperako afarian gertatuak azaletik kontatzen jardun nuen, semearen galderei erantzunez. Berak esan zidan goiz oheratu zirela, andrea nekaturik zegoelako.
Lasaia izan zen bazkaria, adeitsua. Iruditu zitzaidan haurdunaldiak samurtu egin zuela nire erraina. Bazkalondoan, ez dakit nola, bakarrik gelditu ginen semea eta biok. Orduan galdetu zidan Gorriren etxean luzaroan jarraitzeko asmoa ote nuen. Esan nion ez nekiela zenbat denbora gelditzen zitzaidan, baina hura izango zela nire etxea aurrerantzean. Ez zait sekula erraza gertatu semearen sentikizunak igartzea, baina iruditu zitzaidan ez zuela ezer nire erabakiaren kontra. Esan zidan, kasu horretan, gure etxea pittin bat konpondu eta han biziko zirela bera eta emaztea, umea jaio bezain laster. Eta beti izango nuela han gela bat, hura beti izango zela nire etxea.
LIBURU AURRERAPENA. 3 Mariak
Arantxa Urretabizkaiak datorren astean aurkeztuko du '3 Mariak' nobela berria (Erein). Eskolako lagunak ziren nobelako hiru Mariak. Oso lagunak. Orduan elkarri egindako promesa egia bihurtzen hasiko da eleberrian. Gerrak eta bizitzak elkarrengandik urrundu zituzten hiru lagunak. Txuri, Gorri eta Handi emakume zaharrak dira, baina ez dute horregatik bizitzeko ilusio gutxiago. Etorkizunari begiratzen diote, ilusioz beteta, eta elkarrekin bizitzeko umetako promesa bete nahiko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu