Liburu elektronikoak jakin-mina piztu du, baina salmentak oso mantso doaz

Iragan Eguberrietan irakurgailu elektroniko asko saldu zen, baina erabilera oraindik ez da uste zen adina zabaldu

Juan Luis Zabala
2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Irakurgailu elektronikoak ez du azken urteetan espero zen adinako gorakadarik izan, baina liburu digitalen irakurketarako gailu eta euskarri berrien komertzializazioak susperraldia ekarri du azken hilabeteotan. AEBetako datuak esanguratsuak dira: iazko urtarrilarekin alderatuz gero, aurtengoan %115,8ko gorakada izan du liburu digitalen salmentak, AEBetako Editoreen Elkarteak eman dituen datuen arabera. 32,4 milioi dolar fakturatu ziren iazko urtarrilean, 69,9 aurtengoan. Audio-liburuen deskargen salmentak ere gorakada nabarmena izan du, %8,8koa.

Hala ere, liburuen salmenten fakturazioak %2ko jaitsiera orokorra izan du. Kontuan hartu behar baita liburuen fakturazio orokorraren %10 inguru dela AEBetan liburu digitalei dagokiena.

Euskal Herrian ere —azken urteetan salmentak nahikoa geldituta egon ostean— irakurgailu elektronikoen salmentak igoera handi samarra izan zuen iazko abenduan, hainbat saltoki handitako saltzaileek BERRIAri adierazi diotenez. Eguberrietan izan zen gorakadarik nabarmenena, oparitarako objektu gisa batez ere.

Gorakada handiaren zain

Ez da, beraz, oraindik ere iritsi irakurgailu elektronikoen —eta horrekin batera liburu digitalen— esperotako boom-a, baina salmentek gora egiten jarraitzen dute, eta litekeena da, saltzaileen ustez, bat-bateko gorakada ez urruti izatea.

Donostiako Udal Liburutegiaren Sareak irakurgailu elektronikoak maileguan hartzeko aukera eskaintzen du iazko maiatzaz geroztik. Teknologia berrien erabilerarako diru laguntzak baliatuta, 35 irakurgailu erosi eta sareko liburutegietan banatu zituzten, etairakurgailu guztiak maileguan eta erreserbatuta egoten dira beti harrezkero. «35 aparatu gutxi direla ikusi dugu, eta gehiago erosteko eta eskaintzeko asmoa dugu», adierazi du Arantxa Urkiak, Donostia Kulturako liburutegi zerbitzuko arduradunak.

Irakurleen artean irakurgailu elektronikoaren inguruan jakin-min handia dagoela erakusten dute datu horiek, Urkiaren ustez, eta liburutegietako irakurgailu elektronikoetan liburu berriagoen kopia digitalak balira, are estimazio handiagoa izango lukete aparatuek. Donostiako liburutegietako irakurgailu bakoitzak 300 liburu digital ditu barruan, eta horien %20 inguru baino ez dira euskarazkoak, Auspoa saileko aspaldiko obrak gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.