Mireia Gabilondo. Filmeko zuzendaria

«Liburua irakurri nuenean jada irudiak ikusten nituen nire buruan»

Lekeitio
2012ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Karmele Jaio idazlearen Amaren eskuak eleberria moldatu du Mireia Gabilondo antzerkigile eta zinemagileak bakarka zuzendu duen aurreneko filmean. Atzo Lekeition (Bizkaia) izan zen pelikularen hainbat eszena grabatzen.

Zergatik Amaren eskuak?

Irakurri nuen nobela irten zenean eta jarraian harremanetan jarri nintzen Karmelerekin, irakurri nuenean jada irudiekin ikusten nuelako nire buruan. Oso liburu zinematografikoa iruditu zitzaidan. Oso barruko istorioa da, egunerokotasuna oso ondo adierazten duena. Ama bat galtze hori zer den eta nola mugiarazten dizun dena barrutik, horrelako momentuak bizitzan asko bizi direlako. Bizitzak krak egiten du eta dena etortzen da batera. Hori iruditu zitzaidan oso polita eta oso ondo kontaturik zegoela.Hori izan zen, emozio guzti horiek irudietan adierazteko gogoa.

Aurretik antzezlan ugari zuzendu badituzu eta Kutsidazu bidea, Ixabel eta Mugaldekoak filma eta saila Fernando Bernuesekin batera zuzendu badituzu ere, bakarka zuzentzen duzun lehenengo filma da hau. Nolakoa izaten ari da lana?

Aurretik pelikula pare bat egin ditut, baina Fernando Bernuesekin biak. Ondo konpontzen gara biok, alde batera egiten dugu lan. Baina gogoak nituen nik bakarrik istorio hau kontatzeko. Eta nola sentitzen naizen? Ba gustura, beldurra beti daukagu lan egiten hasi aurretik, baina azkenean nik behintzat lanean jartzen naizenean horretan jartzen naiz eta uste dut okerrago pasatzen dudala aurretik. Beti esaten dut niretzat igandeak zailagoak izaten direla astelehenak baino, nahiago dut egin behar dudanean, aurreko egunean nola egin beharko dudan pentsatzea baino. Bestaldetik, istorioarekin oso gustura nago eta lantaldea ezaguna dut. Azkenean istorio bat kontatzea da, bai zineman, bai antzerkian, hizkuntza ezberdina da, baina azken finean istorio batekin lan egiten duzu. Oso gustura nago, ez bakarrik aktoreekin, baizik teknikoekin ere. Egunero jende asko behar da hau egiteko, artean jende asko dago, produkzio lanetan.

Banaketa aukeratzerakoan, argi al zenuen hasiera batetik zein aktore izango ziren pertsonaiak antzeztuko zituztenak?

Protagonista argi neukan hasieratik Ainara Gurrutxaga izango zela, eta gero izekoaren papera egiten duena ere bai, Loli Astoreka ikusten nuen. Besteak jauzten joan dira, baita Lewisen papera egiten duena, protagonistaren senarra, ingelesa da, eta argi nuen aktore ingelesa nahi nuela adierazgarritasun hori lortzeko. Besteak irizten joan dira. Casting-a egiterakoan batez ere fijatzen zara ze feeling-a zeukaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.