Ahotseneko txokoa mukuru bete, eta hala zaharrak nola gazteak baina bereziki umeak adi dituela, haurtzaroko bizipen bat kontatu du aurtengo Literaturiako omenduak, Zarauzko (Gipuzkoa) Garoa liburu dendaren jabe Imanol Agirrek. Istorio poetiko bat dirudi ume izandako baten oroitzapena baino gehiago, eta ezin hobeki esplikatzen du omendua izateko modua eman dion ibilbidearen abiapuntua.
Garoa liburu denda gurasoen esku zegoen egunetara egin du atzera Agirrek, aita-amak liburu artean lanean ikusten zituen garaira. Liburuak «gauza inportantea» zirela uste omen zuen orduan, idazleen letrek jendearen etxeko apalategietan amaitzen baitzuen, eta horrek objektuaren garrantziaren seinale izan behar zuen nahitaez. Gainera, Agirrek sinesten omen zuen idazleen hitzek bezala gurasoen letrek ere aparteko tokia hartzen zutela jendearen etxeko apaletan, liburuen prezioa eskuz idazten baitzen garai hartan, barra kodeak eta antzekoak artean zabaldu gabeak izaki.

Ihes lelopean egin den Literaturia azokako saio zentrala izan da Garoa liburu dendaren omenaldia. Hori baino lehen, bizipenei estuki lotutako bi liburu aurkeztu dituzte, hain zuzen ere. Ane Labaka idazle eta bertsolariak, esate baterako, Hezur berriak (Susa) poema liburua xehatu du. «Ama izatean sentitutakoari leiala izan natzaio: nire bizipenak kontatu ditut», aitortu du Uxue Alberdiren galderei jarraika. Ama bat idazle izan nahian, eta idazle bat ama izan nahian, horiek biak tentsioan ageri dira poema liburuan barrena.
Amaiur Epher idazle eta musikariak Haize beltza (Txalaparta) eleberria izan du hizpide Literaturian. Liburuko protagonista Tomasek eleberri beltz bat idazteko beka bat jaso du, eta haren idazketa prozesuak hartzen du pisu handiena istorioan. Epher: «Idaztea galarazten dioten kezkak ditu Tomasek, baina uste dut haren alferkeria estaltzeko aitzakiak direla. Ni ere irakasle naiz lanbidez, eta beste aktibitate batzuk ere baditut, idazteaz gainera; Tomasen bidez, nire prokrastinazioa erakutsi nahi nuen».
Hilotzik ez duen nobela beltz bat dela esan izan da Epherren liburuaz, eta horren gaineko gogoetarik ere egin du idazleak: «Tomasek superstizioak ditu: uste du idazteak berak ondorioak dakartzala bizitzan, eta beldur hori ere bada nire subkontzientean».
«Tomasek [Haize beltza eleberriko protagonista] superstizioak ditu: uste du idazteak berak ondorioak dakartzala bizitzan, eta beldur hori ere bada nire subkontzientean»
AMAIUR EPHER Idazlea
Podcastak
Xabier Gantzarainek, Xabier Etxeberriak, Garazi Urkolak eta Ainhoa Etxebestek, berriz, paperezkoaren senide den audio liburua eta fikzioari emanak diren podcastak xehatu dituzte, besteak beste, Modelo aretoan.
Xabier Etxeberria idazle eta Ulu Mediako gidoilariak hiru denboraldiko Artxipelagoa podcastari eta haren komiki bertsioari heldu die batez ere, eta formatu baten eta bestearen arteko aldeak markatu: «Hainbat formatutan aritzea istorio bera hizkuntza ezberdinetan kontatzea bezalatsu da: bakoitzak bere erregistroak ditu. Audioa denean, entzumenetik eman behar da informazio guztia, entzuleak ez baitu ikusten. Eta pertsonaia bat lodia izateak garrantzia baldin badu istorioan, adierazi egin behar da». Audioak sortzeak literaturaren antza duela gaineratu du Etxeberriak: «Entzuleak, irakurleak bezala, parte aktiboa du istorioan, haren irudimenez bete behar baitu hitzez zehazten ez den hori». Entzulearen ekarpen horri «traizioa» egin omen zioten komiki bertsioa plazaratu zutenean, irudimenaren menturan utzitako xehetasunak —hala nola pertsonaien deskribapenak eta janzkera— definitu egin behar izan baitzituzten marrazkietan: «Jende askok esan zigun pertsonaiak ez zituztela horrela imajinatzen».
Nolanahi dela ere, gidoiek egokitzea eskatzen dute beti, bai entzunezkotik idatzizkora aldatzean, bai eta, kontrara, idatzitik entzunezkora pasatzerakoan ere. Garazi Urkola aktore eta Enkantea podcasteko produktoreak hainbat aldaketa aipatu ditu: «Aktore batek pertsonaia jakin batena egiten duenean audiorako, doitu egin behar izaten da gidoia, beharbada hitzak ez datozelako bat aktorearekin, edo ez lukeelako horrela hitz egingo. Eta edizioan ere egin behar izaten dira halakoak». Alegia, aktorearen ezaugarri eta ahaletara egokitu behar da gidoia.
«Aktore batek pertsonaia jakin batena egiten duenean audiorako, doitu egin behar izaten da gidoia, beharbada hitzak ez datozelako bat aktorearekin, edo ez lukeelako horrela hitz egingo»
GARAZI URKOLAAktorea eta podcast produktorea
Hizlandia podcasteko kide Xabier Gantzarainek alderantzizkoa du prozesua. Podcast horretako saio bakoitza liburu bati eskainia da, eta liburuaren egilearen hitzak izaten dira oinarria. Gantzarain: «Lehenik, gonbidatua hartu eta harekin hitz-aspertu bat egiten dugu. Horren ondoren osatzen da gidoia, elkarrizketa horretako pasarteak hartuz». Liburuko pasarteak ere irakurtzen dituzte, baina aparteko dramatizaziorik gabe: «Munduko irakurlerik onenak ditugu: deklamazioari ez diogu halako garrantzirik ematen. Nik neuk testua dagoen bezala irakurtzeari erreparatzen diot batez ere».
Audio liburua beste genero bat dela nabarmendu du Etxeberriak: «Liburu osoa irakurtzen denez, arreta handiagoa jarri behar zaio. Liburu osoan esatari bakarraren ahotsa entzungo bada, beti lagungarria da esatari horrek ahots desberdinak jartzea eta antzezten ari den pertsonaiaren arabera aldatzea». Urkolak bereziki azpimarratu du gorputzak nolako garrantzia duen halakoetan, eta Etxeberriak, berriz, estudioan sortutako estanpak aipatu ditu Urkolaren hitzen lagungarri: «Artxipelagoa-n, Eneko Sagardoi aktorea grabatzen aritu zenean, eskuetan zerbait behar izaten zuen beti, eta, uretan zihoala kontatzeko pasarte batean, erratz bat eman genion. Arraunean bezala aritu zen erratzarekin. Ikustekoa zen».
EITBko podcasten plataformako arduradun Ainhoa Etxebestek entzulearen jarreraz galdegin du, podcastek kontzentrazio handirik eskatzen ote dioten entzuleari ala afaria prestatzen ari den bitartean entzuteko modukoak ote diren. Gantzarainek ez dio garrantzirik eman horri: «Ez dago gure esku. Berrogei minutuko elkarrizketa bat entzutea exijentea izango da batzuentzat, baina beste batzuentzat ez». Harago ere jo du Hizlandia-ko kideak: «Askotan galdetzen da zergatik ez den jendea bildu, futbol partida batengatik izan ote den, edo eguraldi onagatik. Etorri ez bada, ez du axola: okerragoa litzateke afaria erretzea».

Baita musika ere
Eric Ditxarri antropologo, artista eta idazleak, duela bi urte idatzitako Deus liburua ez ezik, haren bertsio musikatua dakarren biniloa ere erakutsi du Literaturian —Badok atarian dago entzungai—. Biniloaren azalak arreta ematen du: «Irudiak albumeko testu guztiak ditu konprimatuta», azaldu du diskoa eskuetan hartuta. Estetikaren zaleentzako moduko goxokia da. Cannesko Zinema Jaialdiaren afixaren egileak egin dio grafismoa Ditxarriri, Christophe Renard Oiartzabalek; Magnum Photoko zuzendari artistikoa ere bada. Ditxarri: «Parisen bizi da aspaldidanik, baina angeluarra da sortzez, eta prest da beti hemengo proiektuak laguntzeko».
Hitz jokoa eginez, Literaturiara «deus saltzeko esperantzan» heldu dela esan du Ditxarrik, eta lan horren beraren jatorria ere azaldu du: Jose Angel Irigaraik Sarako Idazleen Biltzar batean esan zionak ireki omen zion liburua idazteko bidea. Ditxarri: «‘Deus saldu duzu?’ galdegin zidan, eta zalantza horretan jarri nuen burua, deus hori zer zen, 'ezer ez' ala besterik ote zen. Hortik abiatu zen liburua». Literaturatik musikara eta musikatik literaturara jauzika dabilen lana Desmesure gitarra jotzailearekin batera ondu du Ditxarrik.