Ia bi aste dira udazkena hasi zela. Eguraldian baino ziurtasun eta fidagarritasun handiagoz antzeman daitezke urtaro berriaren zantzuak liburu dendetan , tantaka-tantaka baina etenik gabe agertzen ari baitira liburu berriak erakusleihoetan nahiz apaletan. Halaxe jarraituko dute, abenduaren hasieran Euskal Liburu eta Diskoen Durangoko Azoka hasten den arte.
Aurtengo udazkenean liburudendetara iritsi diren eta iritsiko diren liburuen artean bada, urtero izan ohi den bezala, irakurleen ikusmina pizteko modukorik. Horien artean, nor bere egilearen itzulera dakarten hiru liburu: Xabier Amurizaren Dinosauroak horizontean nobela, Joan zirenak izenburua izango duen zazpi nobelako egitasmo zabaleko estreinakoa; eta Jose Luis Otamendiren Erlojuen mekanika eta Jon Aranoren Zeruak eta ifrentzuak poema liburu berriak.
Amurizaren itzulerako nobelaz gain, Felipe Juaristiren bi nobela berri ere eskainiko dizkio aurtengo udazkenak euskal narratibaren jarraitzaileari: Etxeko negarra eta Ez da gaua begietara etortzen. Nobelaren esparrutik irten gabe, Jokin Muñoz, Lutxo Egia, Pedro Alberdi, Edorta Jimenez, Xabier Mendiguren Elizegi eta Asel Luzarraga daude genero horretako liburu berri bana dakarten idazleen artean; narrazioen atalean, berriz, Karmele Jaio, Eider Rodriguez eta Rafa Ugalde.
Poesia arloan ere bada eskaintzarik, Otamendi eta Aranoren lan berriez landa: Gotzon Barandiaran, Luis Garde, Mikelats Gorroto, Pello Otxoteko eta Asier Serranoren liburu berri bana, gutxienez.
Saiakera, kronika eta kazetaritza arloan ere, azken urteetako joerari eutsiz, oparoa eta askotarikoa izango da eskaintza. Liburu berrien egileen artean Jon Alonso, Pako Aristi, Joxe Azurmendi, Eneko Bidegain, Miel A. Elustonmdo, Xabier Etxaniz Erle, Joxerra Garzia , Luis Haranburu Altuna, Patziku Perurena, Txillardegi eta Markos Zapiain daude.
Udazken honetako beste liburu garrantzitsu bat Mariasun Landaren Festa aldameneko gelanautobiografia izango da; eta Zaldi Eroren De Rerum Natura 2 komiki bildumak ere izango du estimaziorik.
Haur eta gazte literaturako eskaintza ere inor goseak ez geratzeko modukoa izango da (aldameneko zerrendan ageri direnak atal honetan argitaratuko diren liburu gutzien zati txiki-txiki bat baino ez dira). Bernardo Atxagak garai bateko astakilo ospetsuak berreskuratu eta berritu ditu, BERRIAk banatuko duen Astakiloen abenturak saileko zortzi liburuak osatzeko, Jokin Mitxelenaren ilustrazioak lagun hartuta. Horretaz gainera, Pello Añorga, Katixa Agirre, Aitor Arana, Pako Aristi, Yolanda Arrieta, Arrate Egaña. Juan Kruz Igerabide, Antton Kazabon, Fernando Morillo, Joxan Ormazabal, Karlos Santisteban, Ana Urkiza, Iñaki Zubeldia eta beste hainbat idazleren liburu berriak ere izango dira.
ESKAINTZA OPAROA ITZULPENETAN. Literatur itzulpenaren arloa da, hala ere, azken urteekin konparatuta, hazkunderik handiena izan duen atala. Kanpoko idazle askoren liburuak egingo ditu bere euskarak udazken honetan, honako hauenak besteak beste: Chinua Achebe, Woody Allen, Bill S. Ballinger, Charles Bukowsky, Gesualdo Bufalino, Lydia Flem, Nathaniel Hawthorne, Franz Kafka, Orhan Pamuk, Francisco de Quevedo, Ernesto Sabato, Luis Sepulveda, Stendhal, Robert Louis Stevenson, Mikhail Sholokov, Patrick Suskind, Kressmann Taylor, Oscar Wilde, Stephen Zweig...
Liburuak horizontean
Amuriza, Otamendi eta Arano literaturaren plazara itzuliko dira udazken honetan, aspaldiko partez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu