«Orain ezagutuko duzuen manifestua bost elkarteren artean adostua da, euskararen ekosistematik sortua eta euskararen ekosistemara zuzendua», hasi du agerraldia Pello Eltzaburu Pamielako editore eta Editargi Nafarroako Editoreen Elkarteko kideak, gaur goizean, Donostian. Abiapuntua bistan da: COVID-19ak sortu duen salbuespen egoerak areago larritu du kultur arloa eta liburugintzaren industria guztia». Eta eskakizun zehatzak egiteko baliatu du sektoreak unea: diru-laguntzez harago, baliabide eta inbertsio bideak adostu daitezen. Eltzabururekin batera, Garbiñe Ubeda Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak, Karlos Del Olmo EIZIEko lehendakariak, Larraitz Orkolaga Galtzagorri Elkarteko idazkariak eta Joxemari Sors Euskal Editoreen Elkarteko presidenteak hartu dute parte agerraldian.
«Kinka larrian ginen lehendik ere, baina koronabirusaren izurrite honek lehendik zetorrena lehertu du», adierazi du Ubedak, eta azpimarra jarri dio kultura eta hizkuntza erdigunean jartzeko aldarriari: «Industria laguntzen da, toki berera eramanez denon baliabideak. Eta esaten zaigu kultura lagundu egin behar dela. Baina niri hitz paternalistak iruditzen zaizkit: kultura ez da lagundu behar industriaren soberakinak emanez. Ez da lana definitzen gaituena, kultura da; eta hura erdian jarriz egin behar da beste guztia». Sorsek erantsi du, aldiz, diru laguntzen bidez iritsi dela euskal kultura egun dagoen lekura, eta, hori eskertu badu ere, nahikoa ez dela adierazi du: «Laguntzak ondo etorriak izan dira, baina argi geratu da ez direla aski. Behar da beste pauso bat eman, eta ez utzi alderdi politiko edo norbanakoen ikuspegiaren arabera erabakitzen, herri beharren arabera baizik».
Euskal Herriaren zatiketa administratibo guztien gainetik jarduteko asmoa dutela nabarmendu dute, halaber, elkarteetako ordezkariek, eskakizunak lekuan lekuko errealitatera egokitzea dela asmoa. Eltzaburu: «Euskararen ekosistema txikia da tamainan, baina anitza errealitatean; eta berdin laguntzetan». Gogora ekarri du, esaterako, Nafarroan ez dagoela euskarazko liburuari zuzendutako politika jakinik. «Manifestu hau orokorra da, eta errealitate ezberdinak jasotzen ditu. Tokian toki joango gara gero debatitzen».
Gaur aurkeztu duten dokumentua «lehen urrats bat» dela adierazi dute, baina helduko dira gehiago, «euskal gizartearen kudeaketa administratiboan erantzukizuna duten alderdi, politikari, hautetsi eta erakundeekin» biltzeko ahalegina egingo dutela aurreratu baitute. Aurrerantzean batera jardun nahi dute, eta horren garrantzia azpimarratu du Ubedak: «Elkarteen arteko elkartasun hau ere sendotu nahi dugu, elkarrekin indar handiagoa egiten ahalegindu».
Sektorea pizteko neurriak
Bi multzotan aurkeztu dituzte sektorea berpiztera zuzendutako neurriak. Sortzaileei, hots, idazle, itzultzaile, ilustratzaile, kontalari eta besteri zuzendutakoen artean honako hauek aurkeztu dituzte: krisiak eragin dien kaltearen %100a ordaintzea; beka gehiago ematea; estatus berezi bat aitortzea («liburuen edozein jardun odisea burokratiko bihur ez dadin»); abantaila fiskalak aplikatzea; hezkuntza sailek abiatutako programa literarioak ez etetea; liburutegi, mediateka, kultur etxe eta abarren ekimenez antolatzen diren jardun literarioak laguntzea, «besterik ez bada telematikoki egin daitezen»; eta liburuaren inguruko mugimendua ez eteteko «baliabideak» eskura jartzea.
Liburuaren kate osoa izan dute elkarteek gogoan neurriak pentsatzerakoan, eta kate hori osatzen duten enpresa eta autonomoak (argitaletxeak, liburu dendak, banatzaileak) bultzatzeko neurriak bildu dituzte bigarren multzoan. Ondorengoak dira: kreditu lerroak irekitzea, instituzioen abalpean; legez, liburua «lehentasunezko» produktutzat aitortzea; liburuari zergak murriztea; %25eko igoera literatur argitalpenen laguntzetan; hezkuntzako materiala sortzeko funtsak handitzea; liburu bonu kanpainak bultzatzea, urteko sasoi desberdinetan; liburutegi publikoetarako erosketak arintzea eta gehitzea; eskoletako liburutegietarako erosketa plan bat bultzatzea; familiei liburu erosketetan laguntzeko zergak arintzea; eta irakurketa bultzatzeko eta sektoreari «prestigioa» emateko sustapen, promozio eta publizitate kanpainak egitea.
Euskal liburuaren sektorea «kultura hegemonikoen» ondoan bizi dela ekarri dute gogora idatzian, eta, horiekin elkarbizitzan aritzera, euskal kulturak «baliabide eta inbertsio» gehiago behar dituela ohartarazi. «Ez da nahikoa nola hala eustearekin. Asimilazio prozesu batean ez erortzeko modu bakarra gurea balioestea, sustatzea eta funtzional bihurtzea da».