1680. urtea Sastarrain haranaren sarreran. Zestoan. 1525 inguruan eraikitako Lili jauregian bizi izan den leinuaren azken oinordekoak dira Sebastian Lili eta Magdalena Amilibia emaztea. Burgesia indartsuaren ordezkariak, dirutza egin dute burdinolen eta basoen ustiaketaren negozioekin. Baina ez dira garai onak, jauregia zaintzeko ere arazoak dituzte, eta ibaiaz bestaldean dagoen Portalekoa etxera doaz bizitzera. Leku erosoago batera. Liliko leihoak itxi egin behar dituzte. Sua betirako itzali.
Testuinguru horretan kokatuko du bere burua aurrerantzean Lili jauregira sartuko den bisitariak. Magdalena Amibilia Andre Madalen-ek egingo dio harrera, etxea betirako utzi baino lehen, eta hark erakutsiko dio eraikina, etxeko xehetasunak azaldu eta bere pentsamenduak hitzez azaleratzen dituen bitartean.
Lau urte iraun duen zaharberritze eta musealizazio prozesuaren ondoren, Lili jauregiak asteburuan irekiko ditu ateak. Azkeneko hilabeteetan jantzi egin dute etxea San Telmo museoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailuak emandako tresna eta altzariekin —horietako batzuk Lili jauregikoak izan zirenak: Sebastian Liliren kutxa armarriduna, hainbat arma—, eta hemendik aurrera bisitatzeko moduan egongo da. Ez da, baina, ohiko bisita gidatua izango, gidaria etxeko andrea izango baita, eta sentimenduetan nahiz pertzepzioetan oinarritutakoa izango delako haren jarduna. Agur Lili antzezlan-bakarrizketa Arazi IKT enpresak ekoitzi du, eta Amancay Gaztañaga arduratu da aktoreen zuzendaritzaz. Aurrerantzean lau aktorek —Ainhoa Casina, Leire Egaña, Mariaje Izeta eta Maialen Kortadi— izango dute Andre Madalenen rola jokatzeko ardura. Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira larunbat eta igandeetan, eta uztail nahiz abuztuan asteartetik igandera bitartean.
Lili jauregia hiru solairuko eraikina izan da, baina bisitetan lehenengo biak egongo dira ikusgai. Etxearen sarrera nagusiaren ondoan erakusketa areto txiki bat paratu dute, oinarrizko informazioa emateko panelekin. Jauregiaren gainerako guneak Andre Madalenek erakutsiko dizkio bisitariari. Jangela eta egongela handiak, logela intimoa eta abar.
Lili familia eta jauregia
Zestoa Gipuzkoan sortu zen azken hiribilduetako bat izan zen (1383), baina ordurako lilitarrak finkatuta zeuden han. Ez ziren nobleak, baina uraren eta egurraren jabe egin, botere ekonomiko eta politikoa eskuratu, eta, 1490. eta 1550. urteen artean, lehendabizi Lilibea dorrea eta ondoren Lili jauregia eraiki zituzten. Lilitarren aberastasuna burdinaren merkataritzatik eta itsasontzi eraikuntzarako zuhaitzen salmentatik zetorren, eta denborarekin hainbat baserri ere erosi zituzten.
XVII. mendearen amaieran, ordea, basoak agortzen hasi ziren, burdinola tradizionalak ere beheraka joan ziren, eta Lili sendiak etxea utzi zuen.
Gerora, Lili jauregiak eraldaketa handiak izan zituen, eta XVIII. mendetik aurrera baserri moduan erabili zuten. Dena dela, mantentze lan faltak erortzeko arriskuan jarri zuen. 2000. urtean azken maizterrek jauregia utzi eta Zestoako Udalak eraikinaren titulartasuna bere gain hartu zuen. Gerora, Ekain Fundazioaren esku utzi zuen zaharberritze lana. Hain zuzen ere, Ekainberri Lili jauregitik gertu dago.
Zaharberritzeko eta ikusgai jartzeko lanak 2009an hasi zituzten, eta iaz amaitu. Guztira, proiekturako 950.000 euro jarri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Zestoako Udalak osatzen duten Ekain Fundazioak. Hasiera batean, Historiaurrearen Gipuzkoako Museoa bertan egiteko asmoa zegoen —Ekainberriri lotuta—, baina aurreko legegintzaldian atzera bota zuten egitasmoa.
Liliko sua itzali zenekoa gogoan
Zestoako jauregi zaharberrituan harrera antzeztua egingo die bisitariei lilitarren leinuko azken biztanleak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu