Idazle urratzaile eta modernoa. Modernoa eta urratzailea idazkeragatik, baita landutako gaiengatik ere. Ia berrogeita hamar urtean euskal literaturari egindako ekarpena eskertzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina emango dio Ramon Saizarbitoriari abenduaren 15ean egingo den ekitaldi batean.
«Euskara batuari atea ireki zion belaunaldi bati» esker ona emateko modu bat da saria, Imanol Lasa aldundiko bozeramaileak atzo azaldu zuenez, eta Saizarbitoriak bi arlotan eginiko lana saritu nahi dute: «Batetik, euskara batua hizkuntza eredu estandar gisa finkatzeko egindako ahalegina, eta, bestetik, euskal literatura modernoari egindako ekarpena».
Saizarbitoriak (Donostia, 1944) 1969an argitaratu zuen Egunero hasten delako lehen eleberria. Lan horren bidez ezarri zituen bere ibilbidean egingo zituen hurrengo lanen marka pertsonalaren nondik norakoak eta teknikak: Frantziako Nouveau Roman-en objektibotasuna, elipsia, flashback-a... Urte horretan bertan idatzi zuen orain arteko poesia liburu bakarra: Poesia banatua. Nobela da gehien landu duen literatur generoa, nahiz eta saiakerak eta narrazioak ere idatzi dituen.
Idazle modura egindako lehen bi lan haien ondotik etorri zen Ehun metro nobela. Euskal Herriko garaiko errealitate politikoa abiapuntutzat hartu eta ETAko kide baten historia kontatu zuen 1976an. Euskal literaturaren nobela ezagunenetakoa da baita gehien irakurrietakoa ere. Besteak beste, gaztelaniara, frantsesera, italierara eta ingelesera itzuli dute. Urte berean argitaratu zuen Ene Jesus! nobela ere. Hizkuntzaren azterketari eta amaren irudiari buruzko gogoeta sakona da. Lan horri esker jaso zuen lehenengo Espainiako Kritika saria.
Lan horren ostean, ia hogei urte igaro zituen Saizarbitoriak lanik plazaratu gabe. Isiltasun horren arrazoiak ezagutzen ez diren arren, liburu bat amaitzen duen bakoitzean «depresio» modukoa sentitzen duela dio: «Liburu bat bukatzen duzunean, badago depresio post-partum hori, eta batek ez daki zer egin».
Isilaldia amaitu, eta egindako lanen bidez jaso ditu sari gehien. Izan ere, 1995ean, Hamaika pauso lanari esker bigarren aldiz jaso zuen Espainiako Kritika saria. Handik urtebetera argitaratutako Bihotz bi. Gerra kronikak lanari esker, bere ibilbideko hirugarren Kritika saria eskuratu zuen, eta laugarrena Gorde nazazu lurpean narrazio bildumarekin 2000an. Hain justu, lan horrek eman zion ibilbideko lehenengo Euskadi saria. Bigarrena, berriz, Martutene nobela mardulari esker. Orain arte idatzi duen azken nobela 2015ean argitaratutako Lili eta biok da.
Aranbururekin eztabaidan
Euskararen eta euskal kulturaren inguruko hausnarketak Aberriaren alde(eta kontra) saiakerara eraman zituen 1999an, eta, euskara hizkuntza gutxitua den heinean, euskal idazleek jasotzen dituzten diru laguntzek ez dietelaaskatasuna mugatzen adieraziizan du beti. Hain justu, joan den astean, Donostia 2016ren karietara Donostiako Lagun liburu dendan egin zen solasaldian eztabaida gogorra izan zuen Fernando Aranburu Donostiako erdal idazlearekin.
2011n Aranburuk esanak: «Euskaraz idazten duten idazleek diru laguntzak jasotzen dituzte, eta ez dira askeak». Duela bost urte esandakoak berretsi zituen joan den astean Aranburuk, baita Saizarbitoria haserrearazi ere. «Euskarazko literaturari emandako subentzioak, azken batean, ezinduei ematen zaizkienen antzekoak dira».
Ramon Saizarbitoria
Liliri eta besteei saria
Euskal literaturari egindako ekarpena eta euskara batua hizkuntza eredu gisa indartzeko ahalegina sarituko dizkiote Gipuzkoako Urrezko Dominaren bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu