Izenburutik bertatik adierazi du Joserra Senperenak bere disko berriaren mamia: 10 trio piano, biolin eta akordeoirako (Gaztelupeko Hotsak). Eta bildumako piezen tituluek bakoitzaren gaineko informazio gehigarria ematen diote entzuleari: Si bemol maiorreko 1. trioa, Sol diese minorreko 4. trioa, Do maiorreko 8. trioa... Musika klasikoan edota garaikidean erabili ohi diren hitz eta kontzeptuak guztiak.
Alabaina, pop musikari lotuak ikusten ditu piezak Senperenak. Edo kantuek «pop egitura» dutela uste du behinik behin: «Hiruzpalau minutuko kantuak dira, eta denek dute introa, estrofa, leloa eta koda». Eta hala ere, denak dira ezberdin. Denek dute ezaugarri propioren bat. «Doinuak harmonikoak dira, baina hizkuntza ezberdinak erabiltzen dituzte. Eta pasarte melodiko eta lirikoetatik abstrakziora pasatzen da etengabe diskoa». Bi esparru horien arteko oreka interesatzen zaio, «aire cantabile-a, entelekia kontzeptual eta intelektualik gabe». Alessandro Baricco idazlearen aipu bat gogora ekarriz, Senperenaren ustez, XIX. mende amaieran abangoardiak agertzearekin batera, musika klasikoak eta garaikideak publikoarekiko lotura galdu zuten. «Konexioa desagertu zen». Bera saiatu da «une idorrenetan ere, emozioarekiko lotura ez galtzen».
Musika klasiko eta garaikideko hirukote ohikoa pianoak, biolinak eta biolontxeloak osatzen badute ere, lan berrian akordeoiak ordezkatu du biolontxeloa. Nahiz eta hasieran ez zuen hori asmoa. «Formatu horretarako lanean hasi nintzen. Baina txeloarekin klasikoagoa aterako litzateke dena. Seriotasun kutsu bat emango lioke. Eta ez nuen hori nahi. Akordeoiak beste ukitu bat ematen dio, popagoa, herrikoiagoa».
Izan ere, pop musikari oso lotua egon da bere ibilbidea: «Ni hortik nator, pop-rocketik. Eta hori nabaritzen da. Bakarrik musika garaikidea egingo banu,diskoa ezberdina zatekeen». Besteak beste, Bide Ertzean, Fito y Fitipaldis, Mikel Erentxun, Jabier Muguruza, Duncan Dhu, La Buena Vida eta Rafa Berriorekin egin du lan, zuzenean nahiz grabazioetan.
Eskarmentu handia duten bi musikarekin grabatu du 10 trio piano, biolin eta akordeoirako Senperenak. Xabier Gil biolinista Euskadiko Orkestra Sinfonikoko bakarlaria da eta Lyongo Orkestra Nazionalarekin zein Okzitaniako Tolosako Capitoleko Orkestrarekin kolaboratzen du.Naiara de la Puente akordeoi jotzaileak, berriz, nazioarteko hainbat sari irabazi ditu, eta Felix Ibarrondo, Ramon Lazkano eta Gabriel Erkoreka konpositoreekin egin du lan, besteak beste. Biak ala biak Krater Ensemble musika garaikideko orkestrako kideak dira.
Musikari profesionala izan arren, bakarkako lanak egiteko denbora hartu behar izaten du. Horretarako propio. «Bi egun libre izateak ez dit ezertarako balio. Ez naiz hasten ezer konposatzen. Proiektu bat hasten dudanean, lehenengo bi asteek egitasmoan sartzeko baino ez dute balio». Hori dela eta, une honetan ez du kantu berririk; izan ere, Fito y Fitipaldisekin ari da biran.
Diskoa otsailaren 1ean aurkeztuko dute zuzenean Senperenak, Gilek eta De la Fuentek Donostian, Viktoria Eugenia antzokiko klub aretoan. Eta diskoko ordena berean joko dituzte kantuak, etenik egin gabe. Eta hortik aurrera ere nahiko luke pianistak kontzertuak ematea, «zaila egon arren».
Bere bakarkako ibilbidean bost disko grabatu ditu Senperenak: Joserra Senperena (1999), Blues pasadizoak (2002), Mandarin dotore (2003), Jose Inazio Ansorena txistulariarekin grabatutako Chillida-Lekutik (2004) eta Dardaren interpretazioa (2008). Iaz, berriz, Dora Salazarrekin eta Harkaitz Canorekin elkarlanean ondutako Cuentos para adultos liburua argitaratu zuen.
Lirikatik abstrakziora
«Pop egitura» duten piano, biolin eta akordeoirako piezak bildu ditu disko batean Joserra Senperenak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu