Lisabo, Obits, Bigott eta Belako izango dira Jazpana Festen asteburuon

Erroma, No More Lies, Aliment, Estereotypo, Muturbeltz eta Cuarto de Hora taldeek joko dute Beasaingo jaialdian

Obits AEBetako taldeak larunbatean joko du Beasainen. BERRIA.
Irune Berro Urrizelki.
2012ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Krisiaren ondorioz, «inoiz baino nekezagoa» izan da Beasaingo (Gipuzkoa) Jazpana Fest jaialdiaren egitaraua osatzea, antolatzaileek adierazi dutenez. Haatik, «inoizko jaialdirik osoena» izango dela sinetsita daude, eta «oso pozik» daude ondorioz. «Jaialdiaren jarduera guztiak mantentzea lortu dugu. Kontzertuez gain, erakusketa bat eta argazkilaritza, saskibaloi eta skate lehiaketak egingo ditugu». Asteon ireki dute erakusketa, Goierriko artisten lanekin, Igartza jauregian. Eta kontzertuak ostiral eta larunbatean egingo dituzte. Sarrera doakoa izango da.

«Izen handiak, gorantz doazen talde gazteak eta banda mitikoak» elkartzeko ahalegina egin dute Jazpana Fest jaialdiaren antolatzaileek. Hala, ostiralean Erroma, Muturbeltz, No More Lies eta Lisabo ariko dira, ordena horretan, Bernedoenea aparkalekuan.

Talde hasi berria da Erroma, eta Jazpana Festekoek aspaldi zuten begiz jota. «Baina beasaindar bat zebilela ikusi arte ez ginen ausartu talde berritzaile hau ekartzera», esan dute. Ordea, Muturbeltz aspaldiko ezaguna dute, eta hasieratik zeukaten «agendan». «Rock doinu indartsuak dira taldearen ezaugarri nagusia, eta taldekideen artean Sexty Sexers eta Hot Dogs taldeetan ibilitako jendea dagoela ikusita, ez genuen zalantzarik izan», azaldu dute. No More Lies «Bartzelonako talde mitikoak», berriz, «belaunaldi oso bat markatu du, nahiz eta bandaren ibilbidea ez den egiten duen punk eta hardcorea bezain indartsua». Lisaborekin itxiko dute ostiral gaueko kontzertuen txanda. Antolatzaileen «urteroko ametsa» izan da Irungo taldeak jaialdian jotzea, eta pozarren daude azkenean lortu dutelako. Ordiziako Busbu disko jartzaileak jarriko du musika ondoren.

Halaber, larunbata ez da makala izango. Ezta gutxiago ere. Ordu bat gehiago izango du gauak, ordu aldaketaren ondorioz. Eta, beraz, gau «magikoa» iragarri dute Jazpana Festen antolatzaileek. Cuarto de Hora, Sumision City Blues, Belako, Aliment, Wilhelm & The Dancing Animals, Estereotypo, Bigott eta Obits izango dira Beasaingo festibalean.

Cuarto de hora taldea Beasaingoa da, eta iaz ziren jotzekoak Jazpana Festen, baina emanaldia bertan behera utzi behar izan zuten, taldekide bat gaixotu egin zelako. Sumision City Blues, Sexty Sexers eta Obligaciones taldeetako musikariek sortutako banda da.

Izan ere, Jazpana Fest talde berrien plaza izatea nahi dute. Hala, Belako eta Wilhelm & The Dancing Animals ere izango dira Beasainen. Jaialdian jotzeko deitu zietenean, duela zenbait hilabete, ez zuten oraingo sona ez batek eta ez besteak. «Etorkizun ona zeukatelakoan ireki genizkien jaialdiko ateak, eta errealitate bihurturik datoz».

Kataluniako Aliment taldeak disko berria aurkeztuko du; eta Kantabriako (Espainia) Estereotypo taldeak ikusleak jarriko ditu dantzan, indarrez beteriko doinu elektronikoekin. Bigott ariko da ostean, «une bakoitzean sudur puntan jartzen zaiona egiten duen artista»; eta Obits izango da oholtzara igotzen hurrena. «Harro» daude Jazpana Festekoak, «lehen aldia izango delako AEBetako talde baten bira Beasaindik pasatzen dena». Mether & Zacker disko jartzaile kataluniarrak izango du gaua ordu txikiak arte luzatzeko ardura. Iaz ere Beasaingo jaialdian izan zen, eta saio gogoangarria eskaini zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.