Jende askok esango dizue belaunaldi literarioez hitz egiteak ez duela ezertarako balio, eta nik ere ez dut uste itzelezko garrantzia dutenik, baina badago zerbait. Hor dituzue, adibidez, Scott Fitzgeralden belaunaldi galdua, Garcia Lorcaren 27koa edo Lizardiren gerra aurrekoa. Sinplifikazio dira, baina zenbait kontu hobeto ulertzen laguntzen dute batzuetan.
Lander Garrok bere aurreko artikuluan esan zuen bezala, gure literaturan maiz aipatu da azken urteotan nire belaunaldia, Jon Alonsok tropel deitutakoa, aurreko eta ondorengo guztiak baino jendetsuagoa delako. Niri oso harrigarria egiten zait gure belaunaldiaren gaia hedabideetan zenbat aldiz agertzen den ikustea. Orain dela zortzi bat urte atera zen gaia indarrez lehen aldiz, eta harrezkero behin eta berriro ikusi ditut hari buruzko aipamenak. Lehengo astean, hain zuzen ere, ETB 1-eko Sautrela saiorako elkarrizketatxo bat egin zidan Lander Garrok berak, gure belaunaldiko hainbat idazleri bezala, monografiko bat burutzeko asmoz.
Orain dela hainbat urte gaia lehen aldiz plazaratu zenean jakin ez nekien gure belaunaldia oso jendetsua zenik ere. Orduan nolabaiteko ikerketatxo informal bat egin nuen XX. mendeko idazleez, jaiotze eta argitaratze datei begira. Eta, bai, egia zen, aurreko belaunaldi guztiak baino oparoagoa zirudien gureak kopuruz, eta garbi gelditzen da idazle boom baten antzeko zerbait gertatu zela 1958tik 1964ra bitartean jaio eta 80etan batez ere argitaratzen hasi ginenon artean. Alabaina, badirudi gure belaunaldia ez dela famatua egin bere kalitateagatik, kantitateagatik baizik. Eta hori bidegabekeria handitzat jotzen omen dute hainbatek, gure belaunaldikoak ez diren zenbait idazle eta kritikarik barne. Egia da gure belaunaldiarentzat bidea ez dela erraza izan, asko garelako agian. Baina ez digute orokorrean kalitatea ukatzen. Gutaz hitz egiten dutenean kritika onak eta salmentak txarrak nabarmentzen dituzte. Gehiegizko sinplifikazioa iruditzen zait.
Zenbat eta handiagoa izan pilatzen diren belaunaldien idazle kopurua, orduan eta zailagoa izango da guztientzat salmenta onak izatea, noski. Gu idazten hasi ginenean bost axola zitzaigun liburu gutxi saltzea. Seinale txarra zen ia. Orain, ordea, harrigarria da idazle bat salmentez batere ez arduratzea.
Tropel belaunaldiaren ondoren agertutakoa 70etan zehar jaiotakoa da, eta gurea bezain oparoa ez bada idazle kopuruari dagokionez, txikia ere ez da inondik inora. Minitropel belaunaldia deitu behar litzaioke. Hain zuzen ere, gure tropelarekin hasi baziren ere, gure belaunaldiak sortutako Susa aldizkaria haien zerbitzura jarriz adibidez, pelotoi nagusitik ihes egin zuten azkar, gu guztiz atzean utziz salmentei dagokienez, nahiz eta oso kritika txarrak jasotzen dituzten maiz. Beharbada ihesaldi belaunaldia deitu behar genieke, zenbait kontutan eskapista samarrak baitira gurekin konparatuta.
Niretzat pixka bat harrigarriak dira belaunaldien arteko haserreak eta liskarrak. Baina ulergarriak ere badira. Gogoratu nola negar egin zuen beat belaunaldiko Allen Ginsberg poetak (berak aitortua) Bob Dylanen abesti bat lehen aldiz entzun zuenean, zeren «zuzia hurrengo belaunaldira argi eta garbi pasatu zela» ikusi baitzuen. Batzuetan zuzi historiko horrek belaunaldi aldaketa ezagutzen du eta beste batzuetan «sexu txandaketa». Uler bedi ongi, ez naiz txantxetan ari. Gehien irakurtzen dutenak emakumeak omen dira, eta, zorionez, inoiz baino emakumezko idazle gehiago sortzen ari dira, asko ez izan arren oraino. Hain zuzen ere, azken bolada honetan asko aipatzen den beste belaunaldi bat Erasmus izenarekin bataiatutakoa da (edo Orgasmus txantxetan), emakumez osatuta antza denez, eta ez dakit oso ondoihesaldi belaunaldian sartu behar litzatekeen ala belaunaldi berri bat den, ia denak 80etan jaio zirenez gero. Agian bai. Jasotzen duten egur kritikoagatik asko kexatzea da beren ezaugarrietako bat. Nik, egia esan, errespetuz eta sinpatiaz ikusten eta irakurtzen ditut, nire gustuak ezberdinak diren arren, eta miresgarria iruditzen zait nola defendatzen duten elkar duintasun handiz.
Orokorrean esan daiteke pozgarria dela belaunaldi andana bat egotea, eten ez den kate bat, eta gustatu egiten zait dagoen bizitasuna, liskarrak sortu arren. Kontrakoa seinale txarra izango litzateke, gure literatur sistema ahultzen eta hiltzen ari dela esan nahiko luke. Gainera, belaunaldi gazteenek batzuek mespretxatzen duten berritasun mota bat ekarri dutela iruditzen zait, guri gustatu edo ez, eta haiekin gure literatura aberatsagoa eta osoagoa da.
Literatura. Hirudia
Literatur belaunaldiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu