Literatura kritikaren historiaren mugarri da Txuma Lasagabasterren izena Euskal Herrian (Donostia, 1931- Donostia, 2013). Aitzindari izan zen Europan indarrean ziren literatur teoriak ekarri, eta euskarazko letrei aplikatzen. Bera izan zen literatur kritikari ikuspegi akademiko bat eskaini zion lehen ikerlarietariko bat. Deustuko unibertsitatean aritu zen irakasle literatura eta literatur kritika eskolak ematen, eta asko izan dira haren eragina jaso duten ikerlariak. Jose Luis Alvarez Txillardegirekin batera ikasi zuen euskara, eta garrantzitsuak izan dira haren lanak. Erreferentziazkoak. 1981ean itxaropentsu bukatu zuenEuskal nobelaren gizarte kondairaren oinharriak artikulua. Euskarazko letren onena etortzeko zen susmoz: «Euskal nobelaren alderik pozkarriena eta interesgarriena bere etorkizuna da». Eta gerora izan du aukerarik etorkizun horren puska bat ezagutu, eta haren parte izateko. 81 urterekin hil zen atzo Donostian, eta bihar arratsaldean izango da hileta elizkizuna Donostiako Artzain Onan.
Bazen denbora makal zebilela. Agerikoa zen nekea Paulo Iztueta ikerlariak idatzitako Jesus Mari Lasagabasterrekin hizketan liburuaren aurkezpen ekitaldian (Utriusque Vasconum). Haren ikasle izandako jende mordoa bildu zen ekitaldira, ikertzaileak 81 urte betetzen zituen egun berean, eta omenaldi bilakatu zen aurkezpena. Iztuetaren hitzek eman zuten donostiarraren lanaren neurria «Egin zuena egin zuela sinesteak ere lanak ematen ditu. Euskara bere kasa ikasi, laguntzarekin baina katakunben garaian, eta testu akademikoak sortu zituen, berak beste batzuekin batera bidean jarritako Deustuko Unibertsitatean. Sinestezina da, eta alde horretatik mirespen osoa merezi du».
Filosofia eta letra doktoretza egin zuen Madrilgo Complutensean, eta Literaturaren eta Literatur kritikaren ikasketa bereziak Pariseko Ecole Pratique des Hautes Etudes-en. Esanguratsua da kaleratu zituen artikulu eta liburuen zerrenda. Barojazale izanik, idazleak euskal munduarekin izandako harremana aztertu zuen, eta euskal literaturaren historiagintzari buruzko lan garrantzitsua ere kaleratu zuen: La historiografia literaria vasca (1983).
Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua eta Ramon Saizarbitoriaren 100 metro lanak aipatzen zituen Lasagabasterrek euskal literatura modernoaren mugarri gisa. Eta nolabait ere euskal literaturaren historia berritu bat bilatzea izan zen bere erronka. Kritika etengabe baten beharraz mintzo zitzaion, adibidez, Argia aldizkarian Josu Landa kazetariari, 1987an: «Kritika akademikoak duen akatsetako bat hauxe da: aurreko gauzak izpiritu kritikorik gabe hartu eta gutxi gorabehera errepikatuz joaten direla».
Ikuspegi berri baten bila
Maiz aipatu zuen ikuspegia aldatzeko beharra. Eta maiz azaldu Euskal Herriko errealitate kultural konplexua kontuan hartuko zuen marko bat sortzeko nahia ere. Euskarazko literaturaz gain, frantsesezko eta gaztelerazko literaturak ere kontuan hartu, eta egoera diglosikoak sorkuntzan zuen eragina aztertzea zen bere ametsa. Giza zientzien ekarpenak, testuinguru soziolinguistikoa eta hizkuntzen errealitate konplexua hartuko zituen Euskal Herriko gertakari literarioaren erabateko argazkia, alegia. 1987an aurreratzen zuen asmoa, eta 2002an errepikatu EHUren Udako Ikastaroetan. Lehen ia ezinezkoa izango zitzaiona, erabat ezinezko izango zaio orain.
Literatur kritikaren aitzindari
Euskal Herriko literatur kritikari maila akademikoa eman zion Txuma Lasagabaster ikerlaria zendu da 81 urterekinBihar arratsaldean egingo zaio hileta elizkizuna Donostiako Artzain Onan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu