LITERATURA. Bazinga!

2010eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Iratxe Retolazaren azken artikulutik:«Badirudi, beraz, parodiari onartzen zaiola kritikarako eta jarrera ludikoak sortzeko bide aproposa dela. Hori bai, idazle edota eragileak kaltetzen ez badira. Parodikoa, oso».

Galdera, beraz, onartzen dugu idazle edo eragileak parodiatzeko eskubidea?

Nire erantzuna? Nola ez. Nola egingo zuen Martes y Trecek «enpanadilla» haien txistea, era berean Encarna Sanchezen lepotik barre egin gabe? Nola idatziko Ur Apalategik Gure Gauzak S.A. eta kritikagarri jotzen zituenak salatu, inori/ezeri buruz hitz egin gabe? Beste kontu bat da denok mintzen garela batzuetan, badirela parodia krudelak eta ez dugula zertan parodian salatzen denarekin ados egon.

Adibidez: behinola, lagunekin, telebistari buruz hitz egiten. HBO telebista kateari buruz hitz egin genuen, eta kexatu ginen hain izen ona hartu duenez halako uste bat sortu dela, egiten duen guztia ona dela. Ez da kontuan hartzen Showtimebatek ere gauza ausartak egiten dituela (Dexter) edota HBOren telesail batzuk ez direla onak (True Blood? Benetan?!). Lagun batek zera esan zuen; «A, orduan HBO euskal argitaletxe bat balitz HautaHau litzateke?». Zirikada zen, ona zen, eta, behin batek esan zidan bezala, grazia egiteko behar diren bi elementuak zituen: gaiztoa zen eta egia zen.

Orain ez da erraza erabakia.

Nola du zentzu handiagoa artikulu honek? HautaHauri izena jarrita edo jarri gabe? Ez esateak irakurlearen irudimena pizten du eta unibertsalago egiten du parodia? Edo kriptikoegi, ulergaitzegi eta, finean, tontoegi? Minduko da norbait esaten badut? Ez da hori helburua. Edo grazia egingo dio, eta egingo diogu geure buruari barre? Kasu horretan, onartuko dut bueltan niri buruzko zirikada? Zer da literatura, eztena kentzen badiogu? Eta nor naiz ni, eztenkada bakarrak hiltzen banau? Ez erantzun. Googlen agertzen den txotxolatxo hori naiz, behin «ez dut inoiz ajerik izan» esan omen zuena. Artikulu honen lehen bertsioa argitaratzeko prest zegoena naiz, hain politikoki zuzena ulertu ere ez zela egiten. Ez dakit, igual hori naiz, eta Susako inork txistea gaizki hartu baino lehen nahiago dut isildu.

Zaila da norbera nor den jakitea. Edonor garela ere norbaitek larrutuko gaituela, beharbada horixe da egia bakarra. Zortea badugu, liburu on batean egingo dute, idazle handi batek.

Zorterik ez badugu, batek daki, igual Irati Jimenezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.