LITERATURA. Bizitza ibaia da, eta ibaia, bizimodua

Jon Benito.
2010eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Klasiko hitzak zentzurik badu, klasikoa da A River Runs Through It. Obra handienen mailan dago Norman Macleanen lan hori, estilo edo balio batzuen erreferentzia gisara ia inork aipatzen ez duen arren. Robert Frost naturaren poeta errealaren jarraitzaile, 73 urte bete arte literaturara eman gabe bizi izan zen, harik eta semeek gogor hartu eta obra hau, bakarra, idaztera behartu zuten arte. Lehena eta azkena izan zen: biografia nobelatu bat, bere gaztaroko kontuak, semeei kontatu bezala jasotzen dituena.

Egileak, adinarengatik, bere garaiko munduaren eta bere memoriaren gordailu bat egingo zuela pentsatuko du irakurleak, eta hala da funtsean. Baina memoria antolatzeko zolitasunak eta handik unerik interesgarrienak azken xehetasuneraino kontatzeko gaitasunak bereizten du Maclean. Agure buruzuri batek ahanzturaren aurka egindako ahalegina baino gehiago, sakontasun handiko literatur obra bat da amerikar obrabakarrarena, jaiotzetik eta heriotzara arteko gertakarien segida bat izan ordez, idazleak uda zati bat hartzen baitu, anaiarekin eta aitarekin emandako garai bat erretratatu eta gizarte baten eta haien balioen garrantzia azpimarratzeko. Montana mendebaldeko ibai handietan arrantzan eman zuteneko uda bat da, baina irakurlearen begietara, beste edonongoa, beste garai batekoa izan zitekeen, ez balitz, bere horretan, mundu ia primitibo unibertsal bat.

Testuingurua

Hiru argitaletxetara aurkeztu zuen idazleak 73 urte zituela egin eskuizkribua. Hirutara aurkeztu eta hiruretan argitaratzea ukatu. Zergatik eta ibaiak eta zuhaitzak agertzen zirelako narrazioetan, ez zirelako kontakizun hiritar eta modernoak. Eta egia da, egia denez, naturak presentzia garrantzitsua duela; hain garrantzitsua, liburuari klasiko izaera naturaren presentzia edo izadiarekiko balio horiek eman diote. 1976an, argitaratu zenean, indarra hartzen ari zen mugimendu ekologistaren oheburuko liburua izan zen.

Naturaz ari da liburua, giza-jendeen errari jardun beharraz, arrantzaz eta horrek azpian izan dezakeen sinbologia guztiaz. Liburuaren lehen lerrotik dio egileak bere familian ez zegoela muga argirik erlijioaren eta ibaiko arrantzaren artean. Finean, liburu honetan erlijio bat bezala baita ibaiko arrantza, eta familiaren edo Jainkoaren mailan dago balioen eskalan. Aita zorrotzak ibaian arrantza egitea zer den erakusten die bere bi semeei (Norman narratzaileari eta Paul anaiari), bizitzako leziorik garrantzitsuena balitz bezala: «Nire aita oso ziur zegoen unibertsoari dagozkien kontu batzuez. Berarentzat, on zirenak -amuarraina eta betiereko salbazioa- graziaren bidez lortzen ziren. Grazia izateko artea behar zen, baina, eta grazia ez zen erraz lortzen».

Paul anaiak arrantzarako talentua zuen, eta horrek Jainkoarengana, gauza onetara gerturatzen zuen. Eskumutur fina izanik, arrantzarako abila zen, magikoa, egoerarik zailenetan arraina mugiarazten zuena. Norman liluratuta zeukan abilidade horrek: «Nire anaia ez da gainerakoak bezalakoa. Nire anaia da, eta artista da. Eta eskuetan lau ontzako kanabera bat duenean, zerutiarra da». Suma daitekeenez, hiru protagonisten buruetan arrantza da bizia eta bizimodua, arrantzaren ingurukoa da mundu perfektua. Munduan beste bizi eredurik, beste arterik ez balego bezala da: literaturan poetek idazten dutena arrantzaleek sentitu egiten dutela esaten du.

Hori baino gehiago ere bada: jendearen moralaren isla da arrantza. Arraina arrantzatzeko, bizitzan bezala, zoria behar da, denbora itxaron behar dira sariak, eta lortzen direnean, Jainkoaren opari gisara hartu behar dira.

Robert Frosten jarraitzaile izaki, natura paperean ia bizidun egitea lortzen du. Zuhaitzen izenak ezagutzen ditu, urtaroen ezaugarriak, animalien ohiturak eta basoan lan egiten dutenen errutinak. Baina memoria baino gehiago literatura egiten duela esan dut lehen, eta deskribapen erreala, natur munduaren kontaketa izan zitekeena plano mistikora garraiatzen du. Pertsona eta natura elkarri lotuta daude Macleanentzat, eta hala behar du, ondo izatera. Liburuaren irakasbide gisara, gizartearen perfektua hezur-haragizkoak naturarekin arrazoiari edo teknologiari zirrikiturik utzi gabe bat egiten duenean lortzen dela ondoriozta daiteke.

Unea eta lekua

Bere bizitzako une bat eta ibai bat nahikoa ditu Macleanek mundua begiratzeko modu bat azaltzeko. Unea, gaztaroa da; lekua, Big Blackfoot ibaia. «Zeinen ederra zen mundua garai haietan. Gutxienik haietarik ibai bat behintzat. Ia nirea zen, nire familiarena eta gutxi gehiagorena...». Garai hartan munduak naturaren logikaren arabera funtzionatzen zuela ematen du ulertzera: zuhaitzak, ibaiak, amua, mendia bizirik zeuden, uki zitezkeen... eta jendea ingurune hartako izaki bat gehiago zen, ez inoren ez ezeren ugazaba; izatekotan ere, ibaiaren ekarriaren meneko.

Baina ibaiak ez al du, literaturaren historian, metafora moduan funtzionatu? Ez al da bizitza baten ispilu izan? Nonbait hasi eta itsasoan amaitzen den elementu bizi eta misteriotsu bat, noizean behin ingeniaritza zibilaren bide zuzenetatik ez joaten tematzen dena, poesian hainbat garai eta kulturatan erabilia, hasi Heraklitotik eta Jean Renoireraino, beti urteen eta gertakarien iragatearen sinbolo.

Ibaia, tradizio literarioari jarraiki, naturaren adierazpen bat baino askoz gehiago da liburu honetan. Mundu primitibo batera itzultzen jolasten da idazlea Montanako lur oraindik zibilizatu gabeetan: ibaia han basatia da, bizitza moralik gabea izan daitekeen bezain basatia.

Amerikaren barrenetarako bidaia

Berriz lurraren eta munduaren erroetara itzultzeko saio bat da, natura eta, berarekin, giza izaera berraurkitzen ari diren jendeen historia eta bizitza deitzen dutena, bere oinarrizko zentzura ekarria da liburu honetan gordetzen dena. Haurrak ez dira eskolara joaten, aita presbiterianoak nahiago ditu semeak belazean barrena korrika utzi edo ibaiaren logika ulertzera ohitu, naturaren bidez jasoko baitute bizitzarako ikasi beharrekoa.

Ez al daude hor Ameriketako Estatu Batuen balioen funtsetako batzuk? Askatasun pertsonala, moral estu bat, ekimena fede bihurtuta eta erlijioa. Balio horiek, naturaren gorazarreak eta zineman izan zuen arrakasta ertainak (Robert Redfordek zuzendu zuen Macleanen lanaren zinemarako egokitzapena), literatur talentu landu batez gainera, bihurtu dituzte Macleanen hiru narrazio hauek AEBetako literaturaren klasiko garaikide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.