Egilea: Juan Kruz Igerabide.
Ilustratzailea: Mikel Valverde.
Argitaletxea: Aizkorri.
Haur literatura tratatua
Imanol MerceroHiru urterekin hasi zuen lehen abentura Jonasek, -gogoratzen hozkailu dardartia?- eta sei bat urterekin eskaini digu azken abentura. Esan liteke Jonasek haur hezkuntza igaro duela guri abenturak eskainiz eta, koskortu delarik, agur esan digula, bere memoriak biltzen dituen 228 orrialdetako liburukote honekin.
Jonas pertsonaiaren bilduma sei liburukik osatzen dute: Jonas eta hozkailu beldurtia (1998), Jonasen pena (1999), Jonasen iratzargailua (2001), Jonas larri (2002), Jonasek arazo potolo bat du (2004) eta Adio, Jonas! (2007).
Gogora ditzagun bada. Hozkailu beldurtia abenturan, Jonas etxean bakarrik gelditzen da. Halako egoeran dituen beldurrak eta horiek hozkailuaren dardararekin eta bere irudimenarekin nola bihurtzen diren fantasia iturri ezagutuko dugu. Hurrena, Jonasen pena, haurrak gurasoekin osatzen duen hirukoteaz ari zaigu, gurasoen gatazkak eta pozak Jonasek bere nola egiten dituen. Hirugarrenak, iratzargailuarenak, arreba jaiotzen denekoa kontatzen du, dituen sentimenduak eta hura onartzeko egin zuen ahalegina. Laugarrena, Jonas larri, oinarrizko pultsioak menderatzeko egin behar dituen ahaleginez hitz egiten digu, txokolatezko arrautza lapurtuko baitu opildegian. Bosgarrenak, Arazo potoloa-k, gauetan pixari ezin eutsi dion aldia gogorarazten digu. Azkenik Adio, Jonas! dugu; Jonas kanpora begira jarri zaigu, eta kalean galdu egingo da. Eta okerrena dena, kalera joategatik arrebatxo txikia, zaintzailerik gabe, etxean bakarrik utziko du.
Obra gutxi daude euskal letretan Jonasen maila erakusten dutenak. Iholdi bilduma etortzen zait burura. Biek badute gainera ezaugarri bat baino gehiago berdintzen dituena: liburuki guztietan maila (on) bera erakusten dutela. Trantsizio adinean dauden haurrak dira, hura nerabezaroaren atarian, hau etxetik gizarterako jauzia egiten den aroan. Bi heroiek euren barne kezkak gardenki erakutsita ere, liburu hauetan emozioa, ezustekoa eta, oro har, abentura eskaintzen zaio irakurleari. Kalitatea dute ezaugarri.
Bilduma hau hiru eratan irakur daiteke; gomendagarriena, heldu batek haurrei irakurrita aritzea da. Honela eginik, Jonasen adinkideetaraino irits daiteke irakurketa, zeren 3-6 urte bitarteko haurrek zuzen-zuzen egingo dute bat Jonasekin. Bigarren irakurkera posiblea haurrak bakarka irakurtzea da. Aukera horrek gutxienez LHko bigarren mailan jartzen gaitu, tipografia eta testuen luzerak hala aholkatzen duelako. Kasu honetan irakurleak bera baino gazteagoa den pertsonaia baten abenturak jasoko ditu, eta interesgunea zeharkakoagoa izango da, baina ez horregatik gutxiesgarria. Oraindik bizi dituen sentimendu ezkutuak artikulatzen lagun diezaioke Jonasek. Hirugarren aukera irakurketa kolektiboa da. Normalean eskolako giroan egiten den irakurketa horrek testu ulerterrazak eta hizkuntza ezaugarri eredugarriak dituenak behar izaten ditu; bada, Jonasek ematen die hau guztiau: mezu argia izateaz gain, euskara bikainean idatzita dago.
Eta hauek hala baziren, kalabazan sartu ziren. Eta hantxe geratu, zuk noiz kaleratu.