Literatura ihesbide eta topagune izango da aurtengo Literaturian

Maiatzaren 23tik 25era egingo dute Literaturia Zarautzen (Gipuzkoa). 'Ihes' leloa jarri diote aurtengo festibalari. Garoa liburu denda omenduko dute, eta, lehenengoz, gaztetxoentzako literatura tailerra egingo dute.

Garoa liburu dendan egin dute Literaturiaren aurtengo aldiaren aurkezpena. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Garoa liburu dendan egin dute Literaturiaren aurtengo aldiaren aurkezpena. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2025eko maiatzaren 8a
20:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Beste leku eta garai batzuetara bidaiatzeko, beste pertsona batzuen larruan jartzeko, edota beste errealitate batzuk ezagutzeko balio dezake, besteak beste, literaturak. Funtsean, egunerokotik ihes egiteko aukera ematen du, eta, zehazki horri heldu diote Literaturiako antolatzaileek, aurtengo leloa aukeratzeko: «Ihesak eta literaturak harremana dutelako erabaki dugu Ihes leloa erabiltzea», azaldu du Itziar Iruretagoienak, antolatzaileetako batek. Maiatzaren 23tik 25era egingo dute festibala, Zarautzen (Gipuzkoa). Gaur aurkeztu dute, Zarauzko Garoa liburu dendan. Jaialdia 2009an egin zen lehen aldiz, Larrabetzun (Bizkaia), eta, 2014az geroztik, Zarautzen antolatzen da. Aurten ere, BERRIA hedabide babeslea izango da.

Maiatzaren 23an, ostiralean, hasiko da Literaturia, manifestua irakurtzearekin batera. Aurten Ander Lipus antzerkigileak izango du hura irakurtzeko ardura. Iruretagoienaren esanetan, beste aldi batzuetan poesian edo narrazioan ibiltzen diren idazleak edo sortzaileak aukeratu izan dituzte; oraingoan, ordea, beste profil bat otu zitzaien antolatzaileei, eta Lipusen izena izan zen proposatu zutenetako bat. «Beste era bateko profila izango da, baina ziur gaude interesgarria izango dela». Modelo aretoan irakurriko dute manifestua, 20:00etan.

Urtero euskal literaturaren alde lan egiten duen talde, kolektibo edo norbanakoak omentzen dituzte festibalean. Aurten, Zarautzen bertan dagoen Garoa liburu dendak jasoko du aitortza, liburu azokan egingo den ekitaldian, maiatzaren 24an. 50 urtetik gora igaro dira denda ireki zenetik, eta, Iruretagoienak esan duenez, herrian pisu handia du: «Literaturarekiko konpromisoa uztartzen dute gune horretan; eskuzabaltasuna adierazten du horrek. Herrian eta herritik kanpo literatura maite dutenentzat etxe garrantzitsu bat da, nire ustez».

Gaztetxoak gerturatzea

Literaturiako antolatzaileek «aspalditik» zuten nerabeak festibalera gerturatzeko ahalegina egiteko gogoa. Izan ere, haurrentzako emanaldiak eta jarduerak antolatu izan dituzte —Literattipia atalean—, baina ez zuten eskaintzarik izaten gaztetxoentzat. «Bagenuen gaztetxoekin zerbait egiteko nahia, eta aurten egingo dugu lehenengoz», azaldu du Iruretagoienak. Idazketa tailerra antolatu dute 12 eta 16 urte bitarteko nerabeentzat, maiatzaren 24rako. Oier Guillanek izango du tailer hori gidatzeko ardura. Parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea; literaturia.zarautzen@gmail.com helbidera idatzita eman daiteke izena.

Egun horretan bertan egingo dute bertso saio espekulatiboa ere, 22:00etan. Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal eta Unai Iturriaga bertsolariek hartuko dute parte, eta Leire Vargas ariko da gai jartzaile. Hainbat euskal idazleren liburuetan hizpide izandako gaiak hartu, eta etorkizunaren inguruan mintzatuko dira bertsolariak. Antolatzailearen esanetan, «ezohikoa» izango da saioa, «baina berezia». Sarrera zortzi eurokoa izango da.

«Puri-purian daude podcastak azkenaldian; gorakada handia izaten ari dira. Zorionez, euskaraz ere badaude, eta lantzeko gai interesgarria iruditzen zitzaigun»ITZIAR IRURETAGOIENALiteraturiako antolatzaileetako bat

Elkarrizketei eta solasaldiei dagokienez, bi prestatu dituzte. Lehenengoa podcasten ingurukoa izango da. Iruretagoiena: «Puri-purian daude podcastak azkenaldian; gorakada handia izaten ari dira. Zorionez, euskaraz ere badaude, eta lantzeko gai interesgarria iruditzen zitzaigun». Modelo aretoan egingo da solasaldia, eta han arituko dira Xabier Gantzarain, Hizlandia podcasteko gidaria; Xabier Etxeberria, Artxipelagoa fikziozko podcastaren egilea; eta Garazi Urkola Enkantea podcastaren egileetako bat. Ainhoa Etxebeste Eitb Podcast plataformaren arduradunak gidatuko du saioa.

Bigarren solasaldia maiatzaren 25ean izango da. Garbine Ubeda idazle eta BERRIAko kazetariak Arantxa Urretabizkaia idazlea elkarrizketatuko du. Gainera, Olaia Inziartek musikatuko du solasaldia. Santa Klara komentuko elizan izango da ekitaldia.

Azoka eta antzezlanak

Iaz, aukeratutako lelotik abiatuta —(B)egia izan zen—, hiru ikuskizun sortu edo moldatu zituzten Literaturiarako. Aurten, baina, ez dute horrelakorik egin. Jada taularatuak dauden hiru ikuskizun emango dituzte. Horietako bat Formol laborategiaren Heriotzak Eduardo du izena izango da. Munduko Poesia Kaieren bildumak hamar urte bete dituela-eta sortutako antzezlana da, eta, horregatik, jaialdian emateko egokia iruditu zitzaien antolatzaileei. Maiatzaren 23an egingo dute.

Festibaleko bigarren egunean, Eñaut Elorrieta musikariak eta Iñigo Astiz idazle eta BERRIAko kazetariak Enplego zoriontsuago bat taularatuko dute. Gabriel Arestiren poemetan oinarritutako errezital musikatua izango da. Amaitzeko, maiatzaren 25ean, Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez antzezlana egingo dute Modelo aretoan. Hiru ikuskizunetarako sarrerak eskuratu beharko dira.

Urtero bezala, liburu azoka egingo dute; maiatzaren 24an izango da aurten. Lege Zaharren enparantzan egingo dute, bai goizez, baita arratsaldez ere. Azokak iraun bitartean, Ahotsenea sortzaileen gunean liburu aurkezpenak egingo dituzte. Antolatzaileek adierazi dutenez, datozen egunetan emango dute aurkezpenen inguruko informazio xehea.

Emanaldi eta bestelako saioetarako sarrerak literaturia.eus webgunean eskuratu daitezke bihartik aurrera. Bertan dago ikusgai, halaber, festibalaren egitarau osoa. Literaturiako egunak gerturatu ahala, «geroz eta urduriago» daudela azaldu du Iruretagoienak. Hala ere, gogotsu dira datorrenerako: «Ilusio handiz gaude. Iruditzen zaigu egitarau oparoa eta erakargarria prestatu dugula».

egitaraua

MAIATZAK 23
20:00 Modelo aretoa. Ander Lipusek Literaturiarako prestatutako manifestua irakurriko du.

20:15 Modelo aretoa. Heriotzak Eduardo du izena, Formol laborategia.

 

MAIATZAK 24
11:30-14:00 eta 17:00-20:00 Lege zaharren enparantza. Liburu azoka.

11:30-14:00 eta 17:00-20:00 Ahotsenea. Liburu aurkezpenak.

10:30 Etxezabala. Idazketa tailerra, Oier Guillan.

12:00 Lege zaharren enparantza. Garoa liburu dendari omenaldia.

12:30 Modelo aretoa. Entzuteko liburuak, podcasten inguruko solasaldia. Ainhoa Etxebeste, Xabier Gantzarain, Xabier Etxeberria eta Garazi Urkola.

18:00 Modelo aretoa. Enplego zoriontsuago bat. Iñigo Astiz eta Eñaut Elorrieta. 

22:00 Modelo aretoa. Bertso saio espekulatiboa. Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Unai Iturriaga eta Leire Vargas.

 

MAIATZAK 25
11:30 Santa Klara komentuko eliza. Ihes egitea zilegi balitz, elkarrizketa. Garbine Ubeda, Arantxa Urretabizkaia eta Olaia Inziarte.

16:45 Modelo aretoa. Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez. Tanttaka teatroa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.