Ez zekien Alfred Nobelek bere aberastasunaren zati batekin azken mendeko saririk garrantzitsuena eta, logikaz, polemikoena antolatzeko agindua eman zuela hil aurretik. 1901etik gaur artean, urtez urte (salbuespenekin) gizarte atal askotako hainbat lagun saritzen dira. Laudatuena baino luzeagoa da saritu gabeen zerrenda, ordea.
Sariak zauria dakar, edo, gutxienean, polemika. Sariak erabakia esan nahi baitu, irizpideak ondoegi ezagutzen ez diren zerbaiten gainean hautatu beharra. Ekidinezina du iritzi saltsa, beraz, bat bai eta gainerakoak ez apustu egin beharrak. Bakezaletasuna, ekonomiaren bertuteak edota literatur balioak nola neurtu ote daitezkeen aztertzen hasi gabe, sariak eztabaida berekin du, irabazleak merezi ez zuela pentsatzen delako, edo sarituak merezi arren, beste askok ere merezi zutelako.
Sortu zirenetik, Literaturaren Nobelak idazle handi zenbait saritu izan ditu. Knut Hamsun, W.B. Yeats, Thomas Mann eta Luigi Pirandellok eskuratu zuten, XX. mendearen lehen hamarkadetan, adibidez. Geroztik, Pablo Neruda, Albert Camus edo Hermann Hessek ere euren biografietan jarri dute.
Helburuak eta paradoxak
Alfred Nobelek, bere testamentuan, saria «urteko libururik notableena egin zuenari» eman behar zitzaiola eskatu zuen. Erabakia hartzearen ardura Suediako Akademiari dagokio, bere zentzu orokorrean, oso jende gutxik baitaki ze pertsonak osatzen duten epaimahaia. Azken urteetan, aldiz, literatur ibilbide osoa saritzen da, nahiz eta ibilbide horretako liburu zehatzen bat aipatzen den hau arrazoitzeko argudioen artean.
Lehen urteetako palmaresarekin oso kritiko agertu zen garaiko kulturaren elitea. Idazle haiek, nonbait, ez zuten saritu gabeko beste askoren maila. Sully Prudhomme, Echegaray eta Heyse hautatu zituzten; baina Anna Karenina eta Gerra eta bakea idatzi zituenak, Leon Tolstoik, ez zuen urrezko dominarik. Emile Zolak ere ez zuen, Suedia bertako dramaturgia berritu zuen August Strindbergek ez zuen bezala. Eta hara paradoxa, palmaresa begiratuta, irabazleen artean, irakurle garaikideen liburutegi eta memorietan lekurik ez duten idazle asko daude: Theodor Mommsen, Henrik Pontoppidan, Sigrid Undset eta abar...
Lehen Mundu Gerra amaituta, prestigioa irabazi zuen Suediako Akademiak banatzen zuen sariak. Idazle kanonikoak hautatu zituen, baina horregatik ahaztuen zerrendak ez zion luzatzeari eta luzatzeari utzi. Marcel Proust, hurrengo urteetako idazleengan eta gaur gaurretan eragin handia izango duena, zegoen horien artean. Joseph Conrad ere urteroko hautagaien zerrendan zegoen, 1924an hil zen arte. Biak ala biak, Nobelaren loriarik gabe geratu ziren.
1930eko hamarkadan, Hemingway, T.S. Eliot eta Faulknerren lanak babestu zituen bezala, gerora literaturaren historiak ahaztu dituen beste zenbait ere (Frans Eemil Sillanpää edo Johannes Vilhelm Jensen) hurbildu ziren herrialde eskandinaviarrera.
Andre Gide, François Mauriac eta Boris Pasternakek laudatu zuten gero Nobelen abizena, bere lana sariaren zerbitzura jarriz, baina haien mailan ez zeuden zenbaitek ere izan zuten ospea: Jacinto Benaventek, adibidez. Larriagoa da Virginia Woolfen kasua. Gerraurre, gerra tarte eta gerra osteko garai haietan zer baliabide ote zituen Suediako Akademiak Europan egiten zen literatura bakarrik ez, mundu osoan egiten zena irakurri eta behar bezala baloratzeko? Nago, Woolfena James Joyceren kasu bera dela. 1941ean hil ziren biak. Joyce Irlandako historiako idazlerik garrantzitsuena da. Esaten denez, garaiko konbentzioekiko zuen atxikimendu eskasak utzi zuen saria eskuratzetik kanpo. Baina arrazoi literarioak oraindik irakurgai daude eta Ulises XX. mendeko literatur lanik garrantzitsuena da.
Baina ez da hor amaitzen saririk gabekoen zerrenda. Joyce bezala, ez Kafkak, ez Kavafisek ez eta Portugalgo poetarik handiena den Fernando Pessoak zapaldu zuten Suediako Akademia. Egile hauek ez saritzeak badu arrazoirik baina, euren lanen gehiengoa beraiek hil ostean argitaratu baitzen. Ziurrenik, epaimahaiak ongien arrazoitu ditzakeen «ahaztuak» dira hauek.
Hamarkadaz hamarkada
Zerrenda begiratzen hasita, bati baino gehiagori Winston Churchillen izena irakurtzea egingo zaio harrigarri. 1953an eskuratu zuen gerra garaiko bere memoriengatik Nobelaren domina. Ondorengo urteetan Ivo Andric, John Steinbeck, Giorgios Seferis, Jean Paul Sartre, Mikhail Sokholov, Yasunari Kawabata eta Samuel Beckett izendatu zituzten meritudun. Baina gehiago ziren ez sarituak eta ez ziren talentu gutxiagokoak. Zerrenda hau, Ibsen, Paul Valery, Vladimir Nabokov eta Bertolt Brechtek gizentzen zuten, besteak beste.
70eko hamarkada poetena izan zela esaten da, Eugenio Montale eta Czeslaw Milosz saritu baitzituzten, lehen aipaturiko Pablo Nerudarekin batera. 80ko hamarkada sari goiztiar baten polemikarena da: Gabriel Garcia Marquez artean gazte baten alde egin zuen Akademiak, eta Hego Amerikako literaturaren lehen eztanda biderkatu. Jorge Luis Borges, Juan Rulfo eta Julio Cortazar ziren lehen olatu haren izenik sonatuenak, baina haien ordetan, Garcia Marquezek eman zuen beste batzuek eman ez zuten urratsa.
Azken hamarkadetan Afrikako eta Asiako idazleei emandako sariak ugaritu dira, Nobel sariak Europa eta Ameriketako orbitatik atera eta munduko beste literaturak bistaraziz. Hala, Wole Soyinka, Naguib Mahfuz, Nadime Gordimer, Kenzaburo Oe eta John Maxwell Coetzeeren lanek merkaturatze harrigarria ezagutu dute Europan, sarien ostean.
Bakarra saritzearen logikak beste asko ahaztea edo ez saritzea esan nahi du, baina arrazoiak arrazoi nekez uler daiteke W.H. Auden bezalako poeta bat ez saritzea, eta gutxiago egile berak Dag Hammaskjolden poemetan egindako itzulpen akatsak izatea horren arrazoi. Soziologikoki, gizonezko eta emakumezko sarituen arteko aldea azpimarragarria da; Europa eta gainerako munduko idazleen sarituen proportzioa harrigarria den bezala.
Egun Cormac McCarthy, Haruki Murakami, Ernesto Sabato, Tomas Tranströmer eta beste asko aipatzen dira urtero-urtero kinieletan, eta litekeena da, hemendik urte batzuetara, horietako zenbaitek, Kafka, Auden eta Rulforen zerrenda itsuan egotea. Akaso, horietakoren bat, hurrengo urriren batean sarituen artean egongo da. Batek daki.
LITERATURA. Irabazleena baino luzeagoa den zerrenda
Literatura Nobela sari gisara idazleei eman dakiekeen garrantzitsuena da. Hura jasotzen duena komunikabideen bidez munduaren begietara idazle handia da. Urtean bakarra da saritua, ordea, eta asko dira saria jaso ez eta halaber obra handi, ibilbide interesgarri eta klasikoak idatzi dituztenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu