LITERATURA. Nork du biolentzia kontagai?

Iratxe Retolaza Gutierrez.
2010eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Ezbairik gabe, literaturan hainbat esperientzia irudikatzeko ereduak eta erreferentziak behar-beharrezkoak dira, batik bat diskurtso sozial orokorretan isilarazten diren gertaerak edo esperientziak direnean irudikatu nahi diren horiek. Iban Zalduak garaturiko ideia hori berrestera dator euskal nobelaren bilakaerak. Izan ere, Arantxa Urretabizkaiak Zergatik Panpox (1979) nobelan emakume baten ahotsa gorpuztu arte, eta barne-min horren eta nortasun gatazka horren berri eman arte, ez genuen halako esperientzien berri euskal nobelan. Ez dirudi kasualitatea, bada, urte gutxira Anjel Lertxundik Hamaseigarrenean aidanez (1983) nobela idaztea, hain zuzen ere, emakume baten barne-minetik kontatua dena, emakumeak bizitako bazterketa eta biolentzia kontagai dituen nobela, era sinesgarrian gorpuztua. Lertxundi izan zen, oker ez banago, generoaren maskara jarri zuen lehen nobelagilea, narratzailea bere generoaz beste irudikatuz.

Badirudi eredu literariorik izan ezean, nobelagileek ez zutela ahots hori gorpuzteko nahikoa baliabiderik, edo eredu literariorik ez zutenez -jakina, euskal nobelan-, aukera literario hori ere alboraturik zutela.

Gaurko euskal nobelari erreparaturik, badirudi nobelagileek beste norabait jo dutela erreferentzia horien bila. Hedabideetara jo omen da. Irudipen hori izan dut behintzat azken aldian biolentzia matxistaren inguruan idatzi diren nobelak irakurtzerakoan. IƱaki Frieraren Zureak egin du eta Anjel Lertxundiren Zoaz infernura laztana nobelak ditut gogoan. Emakumeen kontrako tratu txarrak edo biolentziak dituzte kontagai nobela hauetan, besteak beste. Emakume kolpatu eta erasotu horien ahotsetik kontatu nahi izan da esperientzia, gainera. Saio ausartak, ezin uka.

Bi nobela hauetan biolentzia matxistaren berri emateko dimentsio psikologikoan sakontzeko ahalegina egin da, biolentziaren iturria pertsonaien soslai psikologikoaren arabera aurkeztu baita bi kasuotan. Ahalegina eskertzekoa da, baina, dimentsio soziala alde batean uztean, biolentzia matxista ez da kokatu gizarte matxista baten testuinguruan, ez da salatu, nik uste, egiturazko matxismo hori, biolentziaren iturria.

Ziur asko, horretan izango du zerikusirik bi nobela hauetan hautaturiko azpigeneroak, thriller-ak. Thriller-aren tonu horrek, nolabait, hedabideen sentsazionalismorako joera ekarri dit gogora, eta pentsatu dut, neurri batean, gai honen inguruko erreferentziak hedabideetatik jaso ohi ditugula gehienok. Eta ohartu, euskal nobelan ere, hedabideen diskurtso nagusi horrek itzal egin diela hainbat erasotuk han eta hemen gai honen inguruan idatziriko eta transmitituriko esperientzia gogor eta zaurgarriei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.