Literatura. Hirudia

Literaturaren lainoan

2012ko azaroaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
AGarazik zioenez, literaturaren esparruaren mugak aldatu egiten dira denboraren poderioz (beste berba batzuk erabili zituen hark, baina tira), eta, esaterako, Marx-en lanak literatura izan ziren XIX. mendearen erdialde hartan, eta egun ez (edo ez dira, eskuarki, halakotzat hartzen: Armiarmaren Euskarari ekarriak atarian, Groucho Marxen berri duzu, baina ez Karlena). Hala ere, onartu beharra dago Brumarioaren (edo lainotearen) hemezortzia, bederen, lan bikaina dela, literatura-balio handikoa. Gurean, Mario Onaindiak euskaratu zuen, Caceresko kartzelan zegoela, eta Lurrek argitaratu 1973an. Ez al da literatura esaldi jakituriaz beteriko hau: «Historia errepikatu egiten da… lehenbizi tragedia gisa, hurrena fartsa gisa»?

Literatura zer den ebaztean, kantitateak ere badu zerikusirik. Oparotasunak mokofinak sortzen ditu, urritasunak gosetiak. Har dezagun euskal literaturaren emaitzen zerrenda, ea zenbat lan diren literatura-sorkuntza hutsezkoak. Etxeparez geroztik (1545), ehun urte baino gehiago egin behar genuke aitzina halakoren bat aurkitu arte: Oihenarten O.ten gaztaroa neurtitzetan (1657), Lazarragarena inprimatu gabe geratu baitzen. Garaitsu hartan, obra gehienak itzulpen ziren, eta itzulpen petoak ez ziren asko egokitzapen. Eta, itzulpen edo egokitzapen izan ez arren, garaiko «literatura militantea» zen dena, orduan militante izateko zegoen modu bakarrean: Eliza Amaren egiak zabalduz.

Eta hala lantzen dira orduko testuak unibertsitateetan: filologiaren ikuspegitik eta ez literatura-balioak kontuan izanda. Eta izan badituzte: Patxi Salaberrik Axularren Gero mehazturik apailatutako Axularren historiak gogoratzea besterik ez dago. Pentsatzekoa da hagiografiak irakurriz atsegin hartuko zutela garaiko euskaldunek, hango pasadizoekin, Laphitzekin batera San Ignazioren Mataroko egonaldia aletuz (Laphitz-en Bi saindu heskualdunen biziak) edo Arrueren eskutik Santa Genovevaren ibilerak adituz sutondoan.

Eta besterik sortu ez bazen izango zen, seguruenik, orduko euskaldun jendeak eta intelligentsiak besterik eskatzen (ezagutzen?) ez zutelako, outsiderrak outsider (Xaho, Oihenart, ahozkoa…). Orain, iup, orainaldira egingo dugu salto, Gerardo Markuletaren adierazpen buruargiok irakurtzeko: «Dezente egin dugu aurrera testu itzuli gozagarriak eskaintzeko ahalmenean, baina ez horrenbeste halako testuez gozatzekoan». Nork uka halakorik? Azken batean, euskal intelektualek talde trinko samarra osatzen dute, baina publikoa urria da, nahiz, egiari zor, irakurle taldeek, Literatura Eskolak, Literaturiak, Eako Poesia Egunek eta bestek berealdiko ahalegina egiten diharduten. Ez gaitezen nahas, hala ere: horietan bitik bat sortzaile izaten da.

Hortaz, arazoa zein den ez dago argi atzematerik. Amurizari duela gutxi entzun diogu gurea dela lehenbiziko belaunaldi alfabetatua, baina isildu zuen, nonbait, lehenbiziko belaunaldi osoki elebiduna ere bagarela; alegia, ez dela erdararik ez dakien euskaldunik. Eta, orduan susmoa har diezaiokegu argitaletxeen lanari, eta gure industria ez dela homologagarria esan, eta Hasier Etxeberriak aipaturiko «simulakroaren teoria»ren mamua zabaldu, baina argi dago horiek aspaldiko ajeak direla eta egun aski onbideraturik dagoela homologazioa. Rowling-en azken eleberria ingelesez plazaratu eta urte erdira, to, euskaraz. Eskandinaviar literatura beltza nahi? To, euskaraz. Camilleri gogoko duzula? Hartzank, euskaraz. Eta euskaraz sorturikoak aipatuz gero, berdin antzekoa litzateke zerrenda. Fruterian: «Zer behar duzu? Hori ere badugu. Ona, bai, ona dago». Edo Zalduak esango lukeen bezala: «Aizu, hamar mandarinatik bederatzi ez dira bikainak, baina bat horrekin loriatuko zara, erdalerriko fruterietan bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.