1950eko hamarkadan hasi zen Richarden izenak hartuko zuen izar forma lehenengoz begiztatzen —Richard Wayne Penniman sortze izenez (Macon, Georgia, AEB, 1932)—. Tutti frutti (1956), Lucille (1956) eta Good Golly Miss Molly (1958) abestiekin jo zuen goia hastapeneko garai haietan, eta berak ere aitortua zuen: orduan hasi zen rock-and-rolla estreinakoz "kolpatzen". Gospel musika eta rhythm and blues doinuak —biak kultura beltzaren ikurrak— merkatu estatubatuar zurian indarrean zen popa gurutzatu zituen, eta horrekin lortu zuen zerrenda askotako lehen postuetan asteak irautea. Soinu berri bat zekarren, energia handikoa, piano indartsu eta ahots marrantatu batekin osatutako melodiekin.
[youtube]https://youtu.be/LVIttmFAzek[/youtube]
Rock-and-rollaren generoak aurrendaririk izan bazuen, Richard izan zen horietan nabarmenetako bat, Chuck Berry eta Jerry Lee Lewisekin batera. Haren lanak rol garrantzitsua jokatu zuen musika genero berrien hedapenean, soularen eta funkaren kasuan, esterako; bai eta, halaber, musikari belaunaldi berriei bideak irekitzean ere. Elvis Presley, The Rolling Stones eta Beatles bezalako talde ikonikoek onartu izan dute Richarden eragina, baita James Brown, Quincy Jones, David Bowie eta bestek ere. Asko izan dira, bada, haren kantuen bertsioak egin dituztenak.
Aitzitik, gutxietsia sentitu izana aitortu zuen behin baino gehiagotan musikari afroamerikarrak, oso kritiko haren historia nor eta nola idazten ari zen moduarekin. Hala berretsi zuen, esaterako, 2005ean, Gijonen (Espainia) emandako kontzertu baten aurretik: "Gu izan ginen, jende beltza, rock-and-rolla sortu genuenak. Elvis ikaragarria zen, baina ez zen izan sortzaile bat izan. Ez diot horrekin txarragoa zenik. Baina orain berdina gertatzen ari da Eminemekin eta raparekin, zeina beltzek sortutako beste estilo bat den".
Zuzenekoetan erakusten zuen gertutasun eta dinamismoak lagundu zioten 1950eko hamarkadaren erdialdean rock-and-rollaren oinarriak ezartzen eta jendearen berotasuna bereganatzen. Sasoi hartako kantuak geratu dira haren izenera itsatsien, baina gerora ere segitu zuen, sartu-irtenekin izanik ere, kantu gehiago idazten.
Eliza eta drogak bidean
Hamabi seme-alabetan hirugarrena izan zen Richard. Aitarengandik baino, amarengandik gertuago egon zen beti, eta hari esker jaso zituen piano eskolak. Etxean ez zela rhythm and bluesik onartzen kontatzen zuen urtetara, Bing Crosby eta Ella Fitzgerald baino ez zirela entzuten. 13 urte zituela aitak etxetik bota zuen, atzeman zizkion homosexualitate zantzuengandik aztoratuta. Tabernetan eta kale bazterretan hasi zen jotzen, eta bikote zuri baten bidetik heldu zen aurrenekoz klub batean kantatzera.
1950eko hamarkada heldu, eta lehiaketa bat irabazita grabatu zituen bere lehen kantuak, hasiera batean nahiko oharkabean igaro zirenak. 1953an The Upsetters taldea sortu zuen, baina horrek ere ez zuen arrakasta aipagarririk izan. Taldea utzi eta izen oneko musikariekin batera aritzeko proposamena egin zioten: lehen saiakerekin epel utzi zituen ingurukoak, geldialdi batean Tutti Frutti inprobisatzen hasi zen arte. Hitzak, ordea, lizuntzat jo zituzten, eta onomatopeia gisako errepika batera aldarazi zioten: «Tutti Frutti, all rooty, a-wop-bob-a-loon-bop-a-boom-bam-boom». Funtzionatu zuen, eta urte haietako kantu arrakastatsu gehiago ontzeko formula bihurtu zuen .
Gutxira, eta ezustean, agertokietatik desagertzea erabaki zuen. 1957a zen, eta apaiz protestante bihurtzeko bideari ekin zion. 1962an itzuliko zen, Erresuma Batutik bira arrakastatsu bat eginez, tartean, The Beatlesekin arituz. Bere lan aupatuenen bertsio berriak grabatu zituen, eta, bitartean, gehiegizkotzat jo ziren droga kontsumo eta sexu praktikengatik bota egin zuten bere Elizatik. Itzuli egingo zen denbora batera.
80ko urteak ziren musikara dedikazio osoz itzuli zenean, Jainkoak hala agindu ziolakoan. Zenbait pelikuletarako egin zuen lan; aipagarriena, Down and Out in Beverly Hills (1986) filmerako idatzi zuen Great Gosh A' Mighty! kantua. Fokupera itzuli zen harekin, eta 2013. urtean jakinarazi zuen bazihoala oholtza gaineko jardunetik. Hainbat sari jaso zituen azken bi hamarkadetan, musikaren historiari egindako ekarpenagatik, baina baita beste aitortza batekin ere: musika zerrendetako zein emanaldietako arraza-bereizketa gainditzen eragin izanagatik
[youtube]https://youtu.be/kvg_CME6uIA[/youtube]