Iñigo Roque. Itzultzailea

«Lobo Antunes orain euskal idazle bat da, edo izan zitekeen»

Inigo Astiz
Bilbo
2014ko urriaren 9a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Bihurria da Antonio Lobo Antunesen idazkera, eta zail egiten du horrek itzulpena. Horregatik, denbora behar izan du Iñigo Roque itzultzaileak portugaldarraren Gauzen ordena naturala euskarara errenditzeko, eta, dioenez, esfortzu hori saritu nahi izan dute. «Iruditzen zait erresistentzia ahalegin horregatik eman zaidala saria».

Beraz, erronkaren neurria lagungarri izan zaizu oraingoan?

Luzitzeko aukera ere ematen dute halakoek, nahiz eta ezkutuan segitu behar duen itzultzaileak. Nik hau lanbide ez dudanez, halako lanak beti erronka modura hartzen ditut. Nobela sinple eta erraz bat balitz, ziur aski, ez nukeen itzuliko. Akuilu bat da liburuaren zailtasun hori, eta luzitzeko aukera ematen dizun idazlea da Lobo Antunes. Halere, harekin urte eta erdi egin eta gero, egia da halako maitasun-gorroto harreman bat sortzen dela.

Milan Kunderarena omen den esaldi bat aipatu duzu aurkezpenean: «Liburua idazteko gai naizela jakingo banu, ziur aski ez nukeen idatziko». Diozunez, halako zerbait gertatzen zaizu zuri itzulpenarekin.

Bilaketa lan bat badago, bai. Idazle bakoitzak behar du bere itzulpena. Niri amorru handia ematen dit itzultzaile batzuek itzultzen dituztela liburu guztiak eurenak izango balira bezala. Hartzen duzu liburua, eta badakizu nork itzuli duen. Iruditzen zait bestearen larruazalean sartu behar duzula. Jatorrizkoak dituen baliabide guztiak ezingo dituzu erabili, baina konpentsazio lege moduko bat baliatu behar duzu.

Itzulpengintza lanbide ez izateak askatasun handiagoa ematen dizu zer itzuli erabakitzeko?

Bai. Jende askok ez du ulertuko, baina nik gozatu egiten dut itzultzen; lasaitu egiten nau. Beharbada, ariketa neurotiko xamarra izango da. Nik itzuli ditudan gauzak zorionez nik aukeratuak izan dira, salbuespen bakarrarekin.

Euskarazko itzulpenak irakurtzeko zailak diren topikoari aurre egiteko ere baliatu duzu zure tartea. Oraindik ere indarra du ideia horrek?

Uste dut Borgesek esaten zuela itzulpenak egiten duela literatura unibertsala, eta gaur egun Lobo Antunes euskal idazle bat da, edo izan zitekeen. Guk erdaraz asko irakurtzen dugu. Eman dezagun Kunderaren azken liburua erosten dugula. Gaztelaniaz irakurrita, ez gara ohartu ere egingo itzulpena denik. Euskaraz, berriz, ez genuke esango «Kunderaren azken liburua irakurriko dut», baizik «itzulpen bat irakurriko dut» edo gisakoren bat. Irakurle klubetan ahalegin handia egiten dute hori aldatzeko, beti saiatzen direlako itzulpenak sartzen. Nik uste lana egin beharra dagoela. Irakurlearengana heltzeko, ni neu ere batzuetan ibiltzen naiz batetik bestera. Nik joan behar nuke irakurle klubera Lobo Antunesen liburuaren kontura, adibidez? Hori da nire lana? Agian ez, baina, era berean, pentsatzen duzu editorea oso tipo jatorra dela eta lan horretan ez duela dirubiderik eta... Itzultzaile militantearena egitea ere tokatzen da, eta gustura. Feedbacka funtsezkoa da halako gauzetan. Idazleek ere badakite.

Eta, beraz, beste izaten pasatu behar eguna.

Bai! Hor dago puntu neurotikoa. Ostiralean noa Irisarrira, Pessoa irakurtzera, hemen Lobo Antunesekin, bihar-etzi Scott Fitzgeraldez hizketan... Heteronimia hori guztia zure barruan bizi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.