Lobo Electrico Tolosako taldeak bere azkeneko kontzertua emango du Ze Premikin jaialdiaren barruan, Donostiako Le Bukowski musika klubeko antolatzaileek aditzera eman dutenez. «Taldea deseginda dago berez, baina, nolabait esateko, agurtu gabe deegin ziren. Orain beste proiektu batzuetan ari dira. Halere, proposatu genien agur emanaldi bat egitea, eta ideia ona iruditu zitzaien». Willis Drummond, Lisabo, Inoreneroni, Atom Rhumba eta AEBetako Nobunny ere ariko dira martxoaren 27an, Egia auzoko Gazteszena aretoan. Azken talde horrek punk, rock eta garage doinuak uztartzen ditu.
Bi agertoki jarriko dituzte: nagusian musika taldeek joko dute, eta bestean DJ Makalak eta DJ Budinek musika jarriko dute. Sarrerak atzo jarri zituzten salgai www.kutxasarrerak.net webgunean, zortzi euroren truke. Egunean bertan hamar euroan salduko dira leihatilan, geratzen badira. 700 lagunentzako lekua dauka aretoak. Kontzertua 21:00etan hasiko da; antolatzaileek beste kontzertu bat ere iragarri dute egun bererako, ordubete lehenago. Le Bukowski tabernan AEBetako Bad Sports taldeakjoko da.
Aurten, Ze Premikin jaialdia luzatzea erabaki dute arduradunek, eta beste kontzertu bat izango da Le Bukowskin, martxoaren 29an. L'Asassins (AEB) eta The Jancee Pornick Cassino (Errusia/AEB) taldeen kontzertua izango da. Lehendabizikoek «post-apocalyptic vixen rocka» egiten dute, euren esanetan; Minneapolisko laukoteak garagea, 50eko hamarkadako emakume taldeen rock klasikoa eta punk&rolla nahasten ditu. Beste taldeak rockabillya, garagea eta 60ko hamarkadako doinuakjorratzen ditu.
Joan den urtean izandako arrakasta izatea espero dute Le Bukowskiko kideek: «Horrelako saltsa batean sartuta, joan den urtean ere bageneukan beldur puntu bat, batik bat jendearen erantzunagatik». Sarrera guztiak saldu ziren, ordea. «Sentipen onarekin geratu ziren bai musikariak, bai jendea... Urtean behin Le Bukowskytik atera nahi dugu», argitu dute. «Saltsero hutsak gara!».
Lobo Electricoren agur kontzertua, Ze Premikin-en
Willis Drummond, Inoreneroni, Lisabo, Atom Rhumba eta Nobunny ere ariko dira Donostiako jaialdian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu