Festa handia izan da gaur goizean Donostiako Kursaal auditoriumean. Euskadiko Orkestrak eta 1.300 haur inguru dituen abesbatza batek Logelan logale kantata aurkeztu dute. Musika Gela zikloko eskola kontzertuetako bat da, lau abesbatza pilotu ditu —Easo Gazte, Andoaingo udal musika eskolako abesbatza, Hernaniko udal musika eskolako abesbatza eta Pasaia Txiki abesbatza—, eta LHko 5. eta 6. mailako 22 ikasle taldek parte hartu dute. Estreinaldia izan da gaurkoa, eta beste bi emanaldi ere egingo dituzte: bihar, Kursaal auditoriumean, eta etzi, Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan. Ordu berean izango dira biak: 12:00etan.
Leire Bilbaoren eta Jagoba Astiazaranen elkarlanaren bidez sortu da proiektua. Lehenengoarena da libretoa, eta bigarrengoarena jatorrizko musika. Hainbeste haur koordinatzeko, ordea, jende askoren lana behar izan du proiektuak. Eva Ugalde arduratu da eskola guztietako abesbatzak koordinatzeaz, eta Amaia Zipitria pianistak osatu du formakuntzaz arduratu den lantaldea. Era berean, beste hainbat kidek ere hartu dute parte proiektuan: Maria Goirizelaiak egin du proposamen eszenikoa, eta Juanjo Oconek zuzendu du Orkestra.
Kepa Errasti aktorea da ipuineko protagonista, eta berak egiten du bakarlari lana emanaldi osoan. Haur baten gau fantasiatsu bat kontatzen du istorioak; lo egin nahi baina lorik egin ezin duen haurraren gaua, alegia. Emanaldiko azken kantak, Logelan logale-k, ederki laburbiltzen du: «Logelan logale/ amets egin nahi dut/ begiak zabalik/ Logelan logale/ amets egin nahi dut/ lorik egin barik».
Euskara hutsean
Astiazaranek adierazi duenez, hasieran kosta egin zitzaien gaia aukeratzea Bilbaori eta berari. Gainera, proiektu hau abiatu aurretik ez zuten elkar ezagutzen. Proiektuak elkartu ditu, eta, adierazi dutenez, «lagun giroan eta elkarlanean» lan egiteko aukera izan dute. «Musikala izango zen zerbait egin nahi genuen, eta hotsen bat egon zedila. Kanpaiaren hotsa aukeratu genuen, eta instrumentu horri bueltaka etorri zitzaigun gauaren irudia». Bilbaorena izan zen gauaren ideia, eta horri lotuta etorri zitzaion loarena ere. Astiazaranen esanetan, «bete-betean» asmatu zuen. «Proiektu honen helburuetako bi dira berdintasuna eta inklusioa, eta loak gizaki guztiak berdintzen gaitu».
Beste erabakietako bat hizkuntzarena izan zen. Euskara hutsean egin da ikuskizuna, eta hasieran itzulpenen bat egiteko «tentazioa» izan bazuten ere halakorik ez egitea «hautu bat» izan dela nabarmendu du sortzaileak: «Logelan logale euskaraz sortu da euskaraz egiteko, eta daukan balioa eman behar zaio horri. Gure kultura esportatu behar dugu, baina bere horretan eta itzulpenen beharrik gabe».
Haurrek egin duten lana ere goraipatu nahi izan dute proiektuaren bultzatzaileek. Astiazaranek, adibidez, abestien zailtasuna azpimarratu du, haurrek egin duten lana goraipatzeko: «Guztira, hamar abesti dira. Elkarren artean oso desberdinak, eta ez dira errazak umeek interpretatzeko. Urtebeteko lana egin dute, eta merezi izan du haurrengan eta jaso duten irakaskuntzan sinestea». Bide beretik jo du Bilbaok ere: «Erronka bat izan da haurrentzat. Konfiantza izan behar da haiengan, batzuetan izan ohi duguna baino askoz gehiago».
Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteko lehendakaria da Bilbao, eta irakasleei tailerrak eskaintzea izan da bere lanetako bat. Bilbao: «Irakasleak izan dira proiektuen altxor handietako bat. Lan handia egin dute, eta ilusioa transmititu diete haurrei. Irizpideak bateratu ditugu, eta aholku txiki batzuk eman dizkiet, haurrek teknika pixka bat ikasiz landu ahal izateko musika».
Goirizelaia eszena zuzendaria, berriz, halako proiektuen beharraz eta garrantziaz mintzatu da: «Funtsezkoa da horrelako proiektuak egitea. Haurrak gure etorkizuna dira, eta Euskadiko Orkestra bezalako erakunde batekin lan egitea pribilegio bat da haientzat».