Literatura

'Lohizulo' eleberria kaleratu du Aitor Oñatek, umorez idatzitako satira politiko bat

Politikagintza eta delinkuentzia uztartu ditu idazleak bere lehen liburuan, eta hiru figura nagusi sortu: Marrolo gaizkile buruzagia, Aingeru Ajuria alkate demokristaua eta Aitziber Ertzilla ezkerreko liderra. Elkarrek plazaratu du lana.

Aitor Oñate idazlea, Donostiako Parte Zaharrean. JON URBE / FOKU
Aitor Oñate idazlea, Donostiako Parte Zaharrean. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
Donostia
2025eko maiatzaren 8a
04:25
Entzun 00:00:0000:00:00

«Euskal literaturan jendeari asko gustatzen zaio esatea: 'Umorezko nobela gehiago, horixe behar da euskaraz; maitasunezko nobela gehiago, abenturazko nobela gehiago...'.  Eta liburu honek hiru batean bezalako bat egiten du; badu umoretik asko, badu distopiatik pixka bat eta badu entretenimendutik mordo bat». Aurkezpen hitz horiek jarri dizkio Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak Aitor Oñateren Lohizuna estreinako nobelari, eta, horiek soilik ez, beste bi ezaugarri ere nabarmendu dizkio: «Misteriozko generoan edo poliziakoan koka dezakegu, eta badu satira politikotik ere dezente». Akabuan, «nobela aberats bat da, oso dibertigarria, ondo idatzia eta gauza interesgarri asko gordetzen dituena», Mendigurenen hitzetan.

Egilearentzat, berriz, «eleberri urbano bat» da Lohizuna, hasteko eta behin. Kontatu du hasieran buruhauste bihurtu zitzaiola nobelako hiria zein hiri izango zen zehaztea, baina azkenean «unibertso paralelo bat» asmatzearen alde egin, eta horrek «askatasun handia» eman dio. «Hiria da protagonistetako bat. Irakurleak ikusiko du ispilu moduko bat dela, ze identifikatu egingo du errealitate hori, baina toponimian, geografian, hor biltzen diren arraza eta etnia guztietan, politika kontuetan... errealitate paralelo bat asmatzeak askatasun handia eman dit, eta hori esplotatu dut». Hala, Lezama izena jarri dio irudikatutako hiriari, eta Bilbo, esaterako, txalet gutxi batzuek osatutako auzo txiki bat da nobelan.

«Saiatu naiz ezkerraren betiko dilemak muturrera eramaten: pragmatismoa ala koherentzia, etxe barruko familia guztiak nola eduki pozik, botereari uko egin ala gauzak barrutik aldatzen saiatu...»

AITOR OÑATEIdazlea

Talde sozialek pisua dutela ere esan du Oñatek, baina, batik bat, hiru norbanakori egin die azpimarra. Marrolo, lehena: hiriko delinkuentzia guztiaren jabe egin nahi duen gaizkile buruzagia, pertzero deituriko etniako kidea. Idazleak hala aurkeztu du pertsonaia: «Banda oso biolento baten mehatxua dator kanpotik, eta haiei aurre egiteko amarruak bilatu beharko ditu; oso tipo bitalista da, lasaia, ez da diruzalea, baina paradoxa hori du: pobre eta pozik bizi da, baina botere gosea dauka».

Hiriko alkatea da bigarren pertsonaia nagusia: Aingeru Ajuria, alderdi demokristaukoa, ideologia kontserbadorekoa. Urteak daramatza agintean, baina inkestak ez ditu alde oraingoan, eta hor sortuko da haren eta Marroloren arteko elkarlana.

Hirugarren hanka, berriz, oposizioko lider Aitziber Ertzilla izango da. «Militante sozial bat, gizarte lan handia egin duena hirian. Momentu batean, ezkerraren hamaikagarren birfundatzean, Fronte Aurrerakoiaren aurpegi ezaguna izateko eskatuko diote, eta nahiko lan edukiko du. Hor, saiatu naiz ezkerraren betiko dilemak muturrera eramaten: pragmatismoa ala koherentzia, etxe barruko familia guztiak nola eduki pozik, botereari uko egin ala saiatu gauzak barrutik aldatzen...».

Hiru bide horiek bat egitean sortuko dira nobelaren mami izango diren egoera «barregarriak». Tonua umoretsua dela azpimarratu baitu egileak, «umoretsua, satiraren edo fartsaren bidetik».

Putrionarioak eta txargelak

Oñateren (Bilbo, 1976) lehen liburu inprimatua da hau, baina sarean badu Ipuin suizidak deituriko narrazio bilduma bat ere irakurgai, Booktegiren webgunean. Aipatu duenez, «ipuin asko» idatzi ditu orain arte, baina Lohizuna aspalditik buruan izandako «albo proiektu bat» izan da, apurka garatuz joan dena. Ikasketaz filologoa da, eta, «akaso horregatik», esan duenez, eleberrian pisu handia eman dio hizkuntzari ere, hizkera propio bat lantzen saiatu baita pertsonaia bakoitzarentzat.

Hori izan da, hain justu, unibertso paralelo bat osatzeko beste arrazoi bat idazlearentzat. «Euskal Herriko hirietan ezinezkoa da hainbeste klase sozial eta lanbide topatzea euskaraz; orduan, mundu bat asmatu dut, eta euskara da hizkuntza hegemonikoa han —«are, iberiar penintsula osoan ere!», Mendigurenek albotik—. Euskarazko eleberri urbanoetan, normalean, edo ez ikusia egin eta hizkuntza neutro baten jarduten da, edo erdararekin jokatzen da; nik, ordea, hiri bateko bizitza ekonomikoa eta politikoa gidatzen duten azpiko korronteak islatu nahi nituen; eta, beraz, saiatu naiz hizkera berezi bat ematen hemen biltzen diren kultura, minoria, klase politiko, gaizkile eta militanteetako bakoitzari». Batez ere, pertzeroei sortu die argot berezi bat. Liburuaren lehen lerroetan, hala dio, esaterako, haietako batek, espetxe atarian dela: «Aizak, putrionario jauna, gure Diego askatuko duzue ala betiko geldituko da txargelan?».

«Euskarazko eleberri urbanoetan, edo hizkuntza neutro baten jarduten da, edo erdararekin jokatzen da; nik hizkera berezi bat eman diet hemen biltzen diren kultura, klase politiko, gaizkile eta militanteetako bakoitzari»

AITOR OÑATEIdazlea

Pertsonaiak sortzeko orduan «manikeismoetatik» urruntzen ahalegindu dela ere nabarmendu du Oñatek. «Guztiei onetik eta txarretik ematen saiatu naiz». Erreferentzia modura aipatu du John Kennedy Tooleren A Confederacy of Dunces lana (Ergelen batzarra, 1980), haren forma koralarengatik, eta egiturara ere eraman du hori. Denera, zortzi kapitulu ditu Oñateren lanak,  eta azpiatal laburrek osatzen dute haietako bakoitza. Guztiak hirugarren pertsonan idatzi ditu, baina, ikuspuntu aldaketekin jokatu, eta fokua pertsonaia batetik bestera mugitu du. «Normalean hiru talde horietako kideenak dira ikuspuntuak, baina badaude pertsonaia solteak ere, sateliteak. Mosaiko bat osatuz joan naiz guztien artean».

Beste erreferentzia bat ere aipatu du: Michel Houllebequeren Sumisioa. «Liburu horretan islamistak gobernura heldu dira, eta hau ez doa hortik. Baina egoera inprobablearen ideia hori baliatu nahi nuen. Bi mundu elkartu, eta zer gertatuko litzatekeen pentsatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.