Lokatzetan sortutako kaos ordenatua

«Taldearenagoa» da Broken Brothers Brass Banden bigarren diskoa: 'In the Mud'.Rap ukituak gehitu dizkiote ohiko soinuari

Broken Brothers Brass Bandeko kideak. ABEL CASTRO.
Igor Susaeta.
2015eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Kalean, haien habitat naturalean,tronpetak, tronboiak, saxofoiak, helikoia eta zenbait perkusio instrumentu jotzen ari direnean, hurbiltzen zaie jendea Broken Brothers Brass Bandeko kideei, adinekoa batez ere, eta, Ion Celestino taldearen arima eta tronpeta jotzaileak jakinarazi duenez, zera komentatzen diete: «Ba al dakizue Umore oneko pieza jotzen?». Glenn Millerren kantu mitikoa da, In The Mood deiturikoa. «Nahiz eta instrumentazio antzekoa izan, abesti hori gehiago da swing estiloko Big Band batentzat egokia». Eta Broken Brothers iruñearrak brass dira erabat; alegia, haize instrumentuak, batez ere, eta perkusiozkoak dauzkan taldea. «New Orleansen [AEB] kalean jotzen ibiltzen diren musika taldeak termino horrekin definitzen dituzte». Swinga batetik, eta brass-a bestetik, beraz.

Broken Brothersekoek, dena den, Millerren doinu eternoari keinu bat egin diote, bigarren diskoaren izenburuan: In The Mud (Errabal). Hau da, lokatzetan. Izan ere, Celestinok dioenez, lokatzetan egotearena taldekideen artean askotan erabiltzen duten adierazpidea da. Eta lohietan sortzen da, tronpeta jotzailearen esanetan, «kaos ordenatu bat», inprobisazio kolektibotik datorrena. 11 abestiko lana da emaitza —euskarazko, ingelezko eta gaztelerazko izenburuak dituzte, eta instrumentalak dira ia-ia osotasunean—, joan den abuztuaren 17an Andoaingo Garate estudioan Fredi Pelaez teknikariarekin grabatutakoa.

Aurreneko diskoarekin, The Life We Deserve-rekin konparatuta (Errabal, 2012), «pertsonalagoa, taldearenagoa» da, Celestinoren aburuz. «Oso tradizionala zen planteamenduan, eta talde askok egin ahalko zuten disko bera». Orain, aldiz, egin dute haien «ahots propioa» bilatzeko ahalegina, eta saiatu dira «beste talde batzuek egingo ez dutena-edo egiten».

Zenbait abestik, esaterako, rap ukitua daukate, scratch-ak eta sartu dituztelako. «Rapa aditzen dugu, interesatzen zaigu, eta benetan ongi uztartzen da taldearekin». Gainera, esan du New Orleanseko taldeek berek ere naturalki txertatzen dutela estilo hori. Hamaika tokitan jo dute Broken Brothersekoek; besteak beste, Donostiako Jazzaldian hiru aldiz.

Celestinok aitortu du taldekideetako batzuen irakasle izandako Reinhard Valeruz Renato-ri esker barneratu zirela, erabat, jazzean. «Eta jazzak New Orleanseko musika tradiziotik edaten du». Celestinorentzat, hiri hartan dago musika afroamerikar gehienaren jatorria: gospela, funka, rhythm and bluesa... «Guk tradizio hori barneratu dugu».

Eta tradizio horrek dio inprobisazioari tarte handia utzi behar zaiola. Hortaz, Celestinok ontzen du abestiaren oinarrizko azpiegitura, «baina diskoan grabatuta dagoena da ia-ia kantua oso-osorik ematen den lehen aldia; edo bigarrena, gehienez».

KONTZERTUA

Non. Ermuko Labiano kultur etxean.

Noiz. Gaur, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.