Donostiako Zinemaldiaren 63. edizioa datorren irailaren 26an amaituko da, London Road filmaren lehiaketaz kanpoko emanaldiarekin. Aurrez, Torontoko zinema jaialdian izan da film hori. BBC Filmsek, British Film Institutek eta National Theatrek ekoiztua, eta Rufus Norrisek zuzendua, Alecky Bytheren gidoiarekin eta Adam Corken musikarekin, izen bereko musikalaren pantaila handirako moldaketa da filma. National Theatren bi denboraldi erabat arrakastatsu izan ondoren, lan nabarmengarri eta berritzaile gisa laudatu dute musikala.
London Road-ek benetako gertakari bat kontatzen du, Suffolkeko konderriko biztanleak astindu zituena: 2006an, Ipswich hiriko lasaitasuna galdu zen, bost emakumeren gorpuak aurkitu zituztenean. London Road kaleko auzotarrek urteak zeramatzaten protestan, kale horretan maiz ibiltzen baitziren prostituten zerbitzuak eskatzen zituzten gizonak. Komunitatea zoritxarreko gertakari horien epizentro nola bihurtu zen deskribatzen du filmak.
Film korala da, eta aktore-talde bat du protagonista: besteak beste, Olivia Colman, Clare Burt, Rosalie Craig, Anita Dobson, James Doherty eta Hal Fowler.