Loratzen ari den galera

'Ea, h-a galdu zuen... erria' topaketa egingo dute asteburuan Ean, hirugarrenez. Gonbidapena beharrezkoa izango da ekitaldi guztietan

Miren Agur Meabek hitzaldi bat emango du Ean, bihar. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Eako (Bizkaia) HEA Herrijeri Emon Arnasa kultur elkarteak duela hiru urte antolatu zuen lehenengoz Ea, h-a galdu zuen... erria topaketa. Antza denez, XIX. mendearen inguruan hasi ziren herriaren izena h hizkirik gabe idazten, baina horrek nolabaiteko galera bat ere eragin zuen herrian, HEA kultur elkarteko kideen arabera: «H ortografiko horrez gainera, sinbolikoki, beste galera bat ere izan zuen herriak; hortaz, topaketa hauen bitartez, bide berri horrek noraino eramaten gintuen esperimentatu nahi genuen». Elkarteko kideek nabarmendu dute pandemiaren ondorioz «ahalegin handia» egin dutela topaketa aurrera eramateko, eta gonbidapenik izan ezean ez bertaratzeko eskatu dute: «Oso pozik gaude topaketak izan duen harrerarekin, baina, aldi berean, pena ere ematen digu: edukiera bete-beteta dago, eta jende asko geratu da itxaron zerrendan, etorri ezinean». Ekitaldi guztiak Eskolondoko frontoian egingo dira, segurtasun neurriak errespetatuz.

Jardunaldiak bihar eguerdian hasiko dira, Miren Agur Meabe idazlearen hitzaldiarekin. Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena izena jarri dio hitzaldiari, eta Virginia Wolf idazlearen obrari keinu bat egin nahi izan dio. «Wolfi galdetu zioten ea zer behar duen emakume batek nobela on bat idazteko, eta hark erantzun zuen gela propio bat behar dela. Gertaera hori abiapuntutzat hartuta, Miren Agur Meabek sormenaren gela atontzeko bere modua azalduko du», kontatu du Asun Landa HEA kultur elkarteko kideak. Gela bilatzetik hasi, eta kontratua, espazioaren banaketa, argiztapena, altzariak, osagarriak eta estetika irizpideak izango dira landuko dituen gaietako batzuk, besteak beste. Hitzaldi «mamitsua» izango dela aurreratu du Landak; «eredugarri izango da edonorentzat».

Arratsaldeko zazpietan, berriz,Aritzakoa film laburra emango dute, Oskar Alegria zinema zuzendariak Ean grabatutakoa. Izatez, joan den urteko kultur topaketan estreinatu zuten ikus-entzunezkoa, baina, herritarren interesa ikusita, aurten errepikatzea erabaki dute: «Herriaren inguruko begirada berezi bat ageri da filmean; hau da, ohiko paisaia erakutsi beharrean, Alegriaren begien bitartez ikusitakoa transmititzen da».

Bestalde, aurtengo topaketako azken ekitaldiak literatura eta musika uztartuko ditu, igande eguerdian. Landaren hitzetan, «ikuskizun hibridoa» izango da, eta Joseba Sarrionandiak eta Ines Osinagak parte hartuko dute. Bi artistek Earako «espresuki» sortu dute Olatu arteko txalupa arraroa emanaldia, eta hitzek eta kantuek bat egingo dute hartan: «Sarrik duela hamar urte Kuban idatzitako hitzak abestuko ditu Inesek; Sarrik, bitartean, poema horien atzean dagoen historia kontatuko digu, banan-banan». Askotariko gaiak izango dituzte hizpide, eta gogoetarako ere baliatuko dute ikuskizuna: «Debatea ere sortu nahi dugu, jendeak gaur egungo gaien inguruan zer iritzi duen jakiteko».

Poesia Egunen ordezkoa

Poesia bizitzeko eta poesiaz gogoeta egiteko asmoz sortu zituzten Poesia Egunak Ean, 2004an. «Hamalau urteren ondoren, zikloari amaiera eman, eta hurbilagoko proiektu bat abiatzeko garaia zela erabaki genuen antolatzaileok», kontatu du Landak. Poesia Egunekin alderatuta, eskaintza «lokalagoa» egitea zen haien asmoa, eta hala jaio zen duela hiru urte Ea, h-a galdu zuen... erria kultur topaketa.

Urtero-urtero, kultur topaketetan parte hartzeko enkargua egiten zaie hainbat sortzaileri, eta horiek Earako «primizian» egindako lanak aurkezten dituzte: «Egia esan, zorte handia dugu; beti baiezkoa jasotzen dugu».

Bestalde, Poesia Egunetan egiten zuten bezala, Zaldiarri bilduman batuko dituzte aurtengo ekitaldiak ere. «Miren Agur Meaberen hitzaldia 11. zenbakian joango da, eta Sarrionandia eta Ines Osinagarena, berriz, 12. zenbakian». Erramun Mendibelanda artista arduratu da bildumaren diseinuaz, eta eskuragarri egongo dira ekitaldi horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.