Iazko aldiaren helburua Loraldia zer zen jakinaraztea izan zen, Narbaizak dionez: «Aurten, programazioa aberastea eta zabaltzea izan da». Ia esparru artistiko guztietako ikuskizunak hartuko ditu Bilbok hiru asteburutan eta tarteko egun guztietan —larunbatez hasi eta igande batean amaituko da—: musika, dantza, antzerkia, zinema, literatura, bertsolaritza, performancea... Orotara, 50 sortzaile baino gehiago izango dira egun horietan jaialdian, eta 30 ikuskizunetik gora ikusi eta entzuteko aukera izango da. Gainera, hiri guztian zabaldutako espazioak hartuko ditu. Aurtengo berritasun nagusietakoa da Azkuna zentroak ere hainbat ekitaldi jasoko dituela. Arriaga antzokia, Campos antzokia, Ribera kafetegia, Rekalde aretoa, 7 Kaleak aretoa, Guggenheim museoa, Kafe Antzokia, La Fundicion aretoa, Arte Ederretako Museoa eta Itsasadarra itsas museoa izango dira beste espazio eta topaguneak.
Loraldia jaialdiaren helburua garbia da: euskarazko kultur produkzioa hirian txertatzea; baina baditu zeinu berezko eta berezi batzuk ere. Batetik, kultur diziplina diferenteetako sortzaileek elkarlanean egindako obren erakusleiho izatea. Esaterako Garden ikuskizunak musika eta dantza uztartzen ditu; Alos Quartet taldearena da musika, Oreka TX-ena txalaparta, eta Aukeran konpainiak jartzen du dantza. Etorkizuna perfektua balitz egitasmoan, literatura, bertsoak eta musika batzen dira. Anjel Lertxundik testu bat idatzi du geroari buruz. Miren Amurizak eta Maialen Lujanbiok testuaren gainean gogoeta egingo dute bertsoz, eta musika Igelaren Banda taldeak jarriko du. Bestalde, sortzaileekin beraiekin batera jaialdirako propio egindako ekoizpenak bultzatzeari garrantzi berezia eman diote aurten.
ESTREINALDIAK
Kultur ekoizpenaren erakusleiho izatetik harago, «ekosistema osatzen duten eragileen arteko elkarlana sustatzeko espazio ere izan nahi du» Loraldia festibalak, antolatzaileen hitzetan. Hots, artista, sortzaile, ekoizle, banatzaile eta abarren topagune. Aurten, Loraldia kultur elkarteak eragileekin batera ekoiztutako hainbat ikuskizun estreinatuko ditu.'BILBRONX'
Noiz: Apirilak 9.
Lekua: Azkuna zentroa.
Kaleko arteak bilduko ditu. Euskal Herriko II. Beatbox Txapelketa, Nizuri Tazuneriren euskarazko rapa, DJ Kanaky, La Basu eta Taycoren (Norte Apache) parte hartzea...
'LABOA JAZZ'
Noiz: Apirilak 16.
Lekua: Campos antzokia.
Laboaren kanturik ezagunenetako batzuk abestuko dituzte Ainara Ortegak eta Maria Berasartek, Laboaren piano jotzaile izan zen Iñaki Salvadorren jazz giroko musikak eta Anjel Unzuren gitarrak lagunduta.
'MAURIZIA'
Noiz: Apirilak 17
Lekua: Campos antzokia.
Pandero jotzaile mitiko horri eskainitako koreografia dakar Aukeran dantza konpainiak. «Emakume guztiak omendu nahi ditu» sustraiak abiapuntu izanik dantza garaikidea eskaintzen duen lanak.
'SHANE MACGOWANEN GIBELA'
Noiz: Apirilak 22.
Lekua: Campos antzokia.
The Pogues taldeko kantaria izan zen Shane MacGowan. Unai Elorriaga idazlea haren bizitzan oinarritu da gidoia osatzeko, eta Gibelurdinek taldeak —Fredi Paia, Josu Aurrekoetxea, Ekain Iurrebaso eta Katxo Larrazabal— The Poguesen bertsioak joko ditu.
'MAITE. K'
Noiz: Apirilak 23.
Lekua: Campos antzokia.
Pier Paul Berzaitz gidari dutela, Joxean Goikoetxea, Juhane Dascon eta Kukai dantza konpainiak osatutako taldeak zazpi emakumeren bizitza pasarteak plazaratuko ditu: Inesa Gaxen, Kattalin Agirre, Mentxu Gal, Bizenta Mogel, Emiliana Zubeldia, Madalena Jauregiberri eta egungo emazte bertsolari zenbaiti gorazarre egiten dio kantua, musika, irudia eta dantza uztartzen dituen sentikariak.
BADOK GERO KONTZERTUAK
BERRIA egunkariarekin eta Badok musika atariarekin elkarlanean, hiru kontzertu antolatu ditu Loraldiak aurtengo aldirako, «egungo euskal musikaren ertz desberdinak» taularatzeko asmoarekin.AGUXTIN ALKHAT
Noiz: Apirilak 14.
Lekua: La Ribera.
Behe Nafarroako kantari horrek Haizeen meneko azken lana aurkeztuko du, Willis Drummond taldeko zenbait kidek osatutako banda lagun duela.
MADDI OIHENART ETA ANARI
Noiz: Apirilak 15.
Lekua: Campos antzokia.
Iazko urtearen hondarrean kaleraturiko Doi diskoa aurkeztuko du Maddi Oihenartek, eta Zure aurrekari penalak lana Anarik. Antolatzaileen hitzetan elkarrekin ere arituko dira, «behin giroa berotutakoan».
ENKORE ETA LAGUNAK
Noiz: Apirilak 16.
Lekua: Kafe Antzokia.
Bilboren bihotzean sortutako rock eta hardcore taldea da Enkore. E diskoa aurkeztuko dute, baina ez dira bakarrik arituko. Hainbat lagun batuko zaizkie agertokira, baina oraindik ez dute aurreratu zein izango diren.
LORALDIA ESKOLA
Ikasleentzat eta familia osoarentzat bi ikuskizun prestatu ditu aurtengo festibalak, Loraldia Eskola goiburupean.'MUXUA'
Noiz: Apirilak 20.
Lekua: Arriagako Kuartitoa.
Bi ikasle eta irakasle bat. Hiru ikuspuntu istorio bera kontatzeko. Tanttaka Teatroaren antzezlan honek maitasuna, gorrotoa eta indarkeria ditu hizpide. Benetan jazotako gertaera batzuetan oinarritua dago.
HITZALDIA MASKARADEI BURUZ
Noiz: Apirilak 20.
Lekua: Campos antzokia.
Mixel Etxekopar kantari eta txirulari zuberotarrak pastoralen eta maskaraden berri emango die gazteei, zuzeneko musikarekin lagundutako hitzaldiaren bidez. Etxekoparrek berak Orhipetik musika emanaldia eskainiko du Beñat Axiari kantari eta perkusio jotzaile baxenabartarrarekinbatera, apirilaren 20an, La Ribera aretoan. Sustraietatik abiaturik, musika garaikidea eta ezustez beterikoa aurkeztuko dute.
ABONAMENDUA
Lehen egunean, apirilaren 9an, Joxemiel Bidador, Iruñeko euskaldunak pastorala ikusi ahal izango da aurrenekoz Bilbon, Azkuna zentroan. Anne Etxegoienek kontzertua emango du Biotz Alai abesbatzarekin batera, apirilaren 21ean, Arriaga antzokian. Bi horietara eta Maurizia eta Maite. K ikuskizunetara joateko abonamendua erosteko parada jarriko du Loraldiak, Elkar dendetan eta jaialdiaren webgunean. 50 abonamendu baino ez dira salduko, 30 euroren truke, hau da, sarrerak banaka erosita baino %40 merkeago. Abonamenduak apirilaren 1era arte egongo dira salgai. Gainerakoan, sarrerak ikuskizun bakoitza izango den aretoko leihatilan edota webgunean erosi ahalko dira. Ikuskizun batzuk doakoak dira, baina gonbidapena behar dute. Gonbidapenak ere webgunean eskatu beharko dira.LORALDIA +
Elkar etxeko dendek ere bat egingo dute aurten Loraldia jaialdiarekin. Hainbat ekitaldi egingo dira Bilboko Elkar dendetan festibalak irauten duen artean. Besteak beste, Goizalde Landabasoren Babeserako kopia liburuaren performancea eta Petti & Etxeko Uztaren kontzertua izango dira.Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.loraldia.eus/