Donostiako 71. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Lotsak eraginiko isiltasuna

Pedofiliaren gaiari heldu dio Joachim Lafossek 'Un silence' filmean. 'La práctica' eta 'MMXX' lanak ere aurkeztu dituzte Urrezko Maskorra irabazteko lehiaketan

Joachim Lafosse zuzendaria —ezkerretik bigarrena— eta Un silence filmeko aktoreak, atzo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola
Donostia
2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Victor Hissel abokatuak Marc Dutroux pederastaren biktimen senideak ordezkatu zituen 1990eko hamarkadan, eta, urte batzuk geroago, 2010ean, haur pornografia izateagatik zigortu zuten. Kasu horretan oinarritu da Joachim Lafosse zinemagile belgikarra bere azken filma, Un silence, ontzeko, nahiz eta atzo goizeko emanaldiaren ostean eginiko agerraldian azaldu zuenez, kasu hori abiapuntua baino ez zen izan beretzat. «Kasu batek ez du film bat sortzen; pertsonaiak eraiki behar dira». Sail Ofizialeko lehian atzo aurkeztutako hiru filmetako bat da Un silence. Beste biak Martin Rejtman argentinarraren La práctica eta Cristi Puiu errumaniarraren MMXX izan ziren.

Astrid (Emmanuelle Devos) abokatu oso ezagun baten (Daniel Auteil) emaztea da, eta 25 urte daramatza sekretu bat gorde nahian. Senarra pederastia kasu batean ari da lanean, prentsaren presio handiarekin, baina, halako batean, iragana bueltan iritsiko zaio, batik bat seme-alabek jakin nahi dutenean zer gertatu zen urte batzuk lehenago. Lafossek adierazi zuenez, «lotsari lotzen zaion pozoiaz» hitz egiten du filmak, eta baita horrek berak dakartzan ondorio zorigaiztokoez ere. «Gakoa da [Astriden] pertsonaia nola iristen den dagoen puntura. Psikosian eta sufrimenduan arakatu nahi nuen. Astriden itomenean».

Astriden isilaldia ez duela epaitu nahi izan ere adierazi zuen Lafossek, beretzat isilaldi hori ez baita «konplizea», baizik eta traumak eragindakoa. «Astrid pertsonaia konplexua da, eta baita heroikoa ere, jarrera aldaketa bat ere baduelako filmean».

Autielek interpretatzen duen abokatuak, berriz, «logika perbertsoa» erabiltzen du, zinemagilearen arabera. «Uste du bere burua sendatuko duela berak eragin duen krimen beraren biktimak salbatuz. Ez du alde batera apartatzeko behar den buru argitasuna».

Horri lotuta, bere zinema ez dela moralista argitu nahi izan zuen zuzendariak, «nahiz eta gaineratu zuen moralaren ikuspegi bat» baduela.

Devosek, berriz, azaldu zuen filmaketan asko eztabaidatu zutela zuzendariak eta aktoreek, bakoitzaren jarrera hobeto ulertzeko. «Ez da erraza izan, geure buruari zentzumenen aldetik lan egiten utzi behar izan baitiogu. Ez da filmaketa dibertigarria izan, baina bai oso interesgarria».

Lafosserentzat ez da Donostiako Zinemaldian lehiatzen den aurreneko aldia, 2015ean zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi baitzuen Les chevaliers blancs filmarekin.

Yoga eta bizitza

Martin Rejtman zinemagile beteranoak, berriz, oso bestelako abiapuntua izan du Sail Ofizialeko lehian aurkeztu duen La práctica filma ontzeko, yoga jarri baitu lanaren ardatzean. Hain zuzen, urteak dira berak ere yoga erregularki praktikatzen duela, eta, azaldu zuenez, aspalditik zuen buruan horrekin film bat egitea. Hari horren inguruan, halere, hainbat istorio josi ditu, eta umore berezi bat gehitu die horiei. Kursaaleko publikoak gustura hartu zuen haren proposamena atzoko emanaldian.

Bikote baten gorabeherekin abiatzen da filma, baina laster batuko zaizkie mota askotako pertsonaia gehiago ere. Gustavo (Esteban Bigliardi) eta Vanesa (Manuela Oyarzun) yoga irakasleak dira, eta banandu egin dira. Biek partekatzen zuten etxean geratu da andrea, eta yoga eskolak ematen zituzten estudioan gizona. Hala, Vanesak eskolak emateko zailtasunak ditu orain, hutsetik hasi behar baitu, eta etxe bat aurkitzekoak, berriz, Gustavok. Aldi berean, belaunean min hartu du gizonak, eta bere eguneroko yoga praktika ezin eginda dabil. Gimnasio batera joko du aurrena, baina, pixkanaka, yoga praktikatzera itzuliko da, eta horrekin batera, bere bizitza bideratuz ere joango da.

Saioaren osteko agerraldian, zinemagileak ukatu egin zuen halako praktika bat zorrotz jarraitzeari buruzko lan bat egin nahi zuela. «Ez dut uste horrekin zerikusia duenik, ez dut modu dogmatiko batean aurkeztu nahi izan. Gustavok yoga uzten du, gimnasioko ariketak efektu bera sortzen dio, ez da inoiz samadhi egoerara iritsi...». Hain zuzen, filmaren osagai nagusietako bat umorea da, eta haren orain arteko lanetatik komediara gehien hurbiltzen dena hauxe dela iritzi dio Rejtmanek. «Gogoko dut komedia lantzea purua ez den modu batean, amaiera zoriontsurik eta halakorik gabe». Tarteka umore fisikoa ere erabili duen arren —azaldu zuenez, Txilera yoga praktikatzera joan zen batean estolda batera erori zen, filmeko protagonista bezala—, umorean elkarrizketei garrantzia ematen dieten zinemagileak dituela erreferentetzat adierazi zuen, hala nola Howard Hawks eta John Sturges.

Idazketaz ere aritu zen, eta gidoiaren bertsio bakar bat egin ohi duela zehaztu. «Baina nahikoa denbora hartu nuen idazten, zeren ez dut trama aldez aurretik pentsatua izaten, idatzi ahala joaten da sortzen, eta horrek denbora eskatzen du».

Rijtmanek filmaren «tonuari» ematen dion garrantzia nabarmendu zuten Esteban Bigliardi eta Camila Hirane aktoreek. Haien hitzetan, Latinoamerikako antzezleen artean ohikoa da interpretatzeko «estilo rejtmaniarraz» hitz egitea. Hirane: «Bere buruan musika konposizio bat dauka». Rejtmanek aitortu zuen beretzat alderdi hori garrantzitsua dela: «Arreta handiagoa jartzen diot eszena baten erritmoa entzuteari, ikusteari baino; ez daukat irudia ikusteko beharrik jakiteko sekuentzia bat ongi edo gaizki dagoen».

Tailer batean sortua

Arratsaldean, Cristi Puiu zinemagilearen MMXX lana hartu zuen Kursaalek. COVID-19 gaitzaren pandemiak zeharkatzen du pelikula, gai bakarra ez den arren. Film luzea aurkeztu du Puiuk lehiara, 160 minutukoa, lau ataletan banatuta. Kursaalean izan ziren zuzendaria, aktoreak eta ekoizleak, eta amaierara arte geratu ziren ikusleen txaloak jaso zituzten; beste batzuek, berriz, lehenago utzi zuten aretoa.

Lau istorio josi ditu zuzendariak filmean; lehen hiru ataletan, pertsonaia gehienak errepikatzen dira, eta, azkenekoan, aldiz, ia denak egingo zaizkio berri ikusleari. Horien artean daude Oana Pfifer terapeuta, Mihai eta Septimiu haren neba eta senarra, krimen antolatuaren arloko inspektore bat, eta hari testigantza latz bat kontatuko dion emakume bat.

Filma 2021ean egindako interpretazio tailer batean jaio zela kontatu zuen zuzendariak. «Istorioak proposatzen genituen, eta antzezleek ere parte hartzen zuten gidoiaren idazketan. Nork bere onena eman zuen». Modu horretan, denak askatasun handiz jardun zirela esan zuen. Ia baliabiderik gabe eta hamabi egunean grabatu zuten lana. «Egin litekeen gauzarik onena da film batera ondorioetan pentsatu gabe hurbiltzea; publikoan eta izango duen harreran pentsatu gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.