Aspaldikoa da espeleologoek beste jakintza arlo batzuetako ikertzaileekin duten harremana. Azken urteetan estua izaten ari da, eta fruitu ugari eman ditu, labar artearen aurkikuntzetan, adibidez. Harpeetan barneratzen hiru hamarkada daramatza jada Arturo Hermoso de Mendoza Iruñeko Satorrak espeleologia taldeko kideak. «Betidanik izan dut kobazuloetan interesa, familiatik datorkit. 18 urterekin satorkide batekin ikastaro bat egin nuen, eta azkar pasatu zidan interes hori». Nafarroako talde zaharrenetako bat da Satorrak, mende erdia bete du aurten. Espeleologoak ez dauka ahazteko Aralarren, Amutxateko leizean aurkitu zuten duela 50.000 urte inguruko leizeetako hartzen aztarnategia. «Ia ziplo erori nintzen lurrera!». Ordukoan, Trino Torres paleontologoarekin lan egin zuten, eta beste aditu batzuekin eskuz esku aritu izan dira gerora ere, beste proiektu batzuetan, Diego Garate eta Jesus Tapiarekin, besteak beste. Bere begiekin ikusi ditu elkarlanaren emaitzak. «Satorrak taldean zientziaren ikuspegitik ulertzen dugu espeleologia;ikerkuntza eta esplorazioa ditugu xede. Lan politak eta aurkikuntza interesgarriak egin izan ditugu».
Atzera begira jarrita, beste diziplina batzuetako adituekin harremana aspaldikoa dela berretsi du. «Espeleologia diziplina anitzeko jarduera da. Nafarroan bederen, arkeologoak hasi ziren; Barandiaran eta Joan Iturralde Suit erreferenteak dira, horiek irakatsi zieten lehen espeleologoei». Edonola ere, bi diziplinek xede diferenteak dituzte. «Gauza ezberdinak egin ditugu, baina gure xedea beti da kobazuloak ikertzea, gure kasuan Euskal Herriko eta, bereziki, Nafarroako karsta. Baina hasieratik izan dugu beste ikertzaileekin harreman estua; arkeologoak, geologoak, biologoak, paleontologoak... Kobazuloetan sartzen garenez, gugana etorri, eta saiatzen dira gu sentsibilizatzen eta hezten haiek behar dutenarekin laguntzeko. Labar artean, Diego Garatek lan polita egin du horretan».
Bide horretan, agerikoak izan dira emaitzak. «Ikerketa zabaldu den heinean, aurkikuntzak etorri dira, eta, beraz, horretan laguntzen dugu. Esploratzen ditugun eremuetan, paretak gehiago eta hobeto begiratzen saiatu gara azkenaldian». Heziketa sarri aipatzen duen gakoetako bat da. Labar artea izan daitekeena identifikatzeko, eta, bereziki, nola jokatu jakiteko. «Irizpide nagusia beti da kontu handiz ibiltzea, eta zerbait deigarria ikusiz gero, abisua ematea; nahiz eta guk zerbait aurkitu, ez dakigu ziur zer den haiek ikusi arte. Irakatsi digute beti ez dela hain erraz ikusten, grabatuak adibidez. Eta kontu handiz ibili behar dela; hasieran arriskutsuena oinak non jarri da, lurrean aztarna asko egon baitaitezke, eta esploratu gabeko kobetan bereziki poliki joan behar da, lurrari begira. Gero, begirada paretetan ere jarri behar da; eskuak paretetan jarri baino lehen begiratu behar da non jarri». Ikerlarien azterketen ondorioz, badakite labar artea agertzeko aukera handiagoa dela gune batzuetan, eta horietan are arreta handiagoa jarri behar dela azaldu du.
Ondarearen babesa
Horietako bat Xareta eskualdea da, Lapurdi eta Nafarroa Garaia artean. Harrobi baten mehatxupean zeuden Urdazubiko leizeak (Nafarroa), Aranzadik zuzendutako diziplinarteko talde bat Alkerdin sartu zenean; bisonte baten eta hiruki baten irudiak topatu zituzteneko unea gogoan du Hermoso de Mendozak —gehiago ere aurkitu zituzten gerora—. «Alkerdi-Berroberria-Zelaieta-Ikaburu sei kilometroko sistema bat da, eta halako labirinto batean aurkikuntzak kokatzea lan zehatza da». Espeleologoen ardura da leizeak esploratzea, dokumentatzea, argazkiak egitea, topografia... «Hori lagungarria da haientzat kobazuloa ulertzeko, geologoei laguntzen diegu sistema hori konprenitzen, eta arkeologoei geologoek laguntzen diete... Nor bere arloaz arduratzen da, eta guztiak funtsezkoak dira». Adituak leizeetan barrena gidatzeaz gain, haien segurtasunaz ere arduratzen dira, eta arkeologoak, berriz, ondarearenaz. «Gurekin, baina gure aurrean, arkeologoa doa, ondarea ez dugula zapaltzen bermatzeko». Talde lanaren garrantzia azpimarratu du espeleologoak.
Amutxaten bezalaxe, Alkerdin ere «zirrara» sentitu zuen Hermoso de Mendozak aurkikuntzen aurrean, baina segidan baita «ardura handia» ere, ondareak irautekoa. Horretarako, gizarteari ondarearen garrantzia transmititzea eta gizarteak «bere egitea» iruditzen zaio babesik eraginkorrena. Egun, aurkikuntzei esker, legez babestuta daude, Alkerdiko labar artea ez ezik, leizea bera ere, natur ondarea, eta hori ere azpimarratu du. «Kobazuloa eremu natural oso berezia da, zapaldu edo esploratu gabe geratzen den ia bakarra planetan, itsasoko sakonaz gain; orain arte ez dugu hondatu, eta, beraz, zaindu egin behar dugu».
Lurpeko mundua ikertzen adituak direnen ekarpena
Arkeologoek eta espeleologoek eskuz esku lan egiten dute ikerketa programa askotan. Bigarrenen laguntzari esker egin ahal izan dituzte lehenek aurkikuntza ugari, gidari izaten baitituzte lurrazpiko barrunbe ilunetan barrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu