Ander Lipus, Estitxu Eizagirre, Luistxo Fernandez, Mari Añes Gorostiaga, Eñaut Elorrieta, Miren Amuriza, Hedoi Etxarte, Maider Unda, Iban Arantzabal, Maia Eder Kururutxet, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, eta Miren Agur Meabe dira Etxegoienekin (Oñati, Gipuzkoa, 1966) solastu direnak.
Galdera jakin bat du abiapuntu Erein argitaletxeak egileari enkarguz eskatutako lanak, baina Etxegoienek gaur goizean Donostian egindako aurkezpenean nabarmendu duenez, abiapuntuko itaun horri besteren bat adarkatzea oso erraza izan da. "Euskarazko espresio bideetara jotzen baldin badugu, ez ote gaude beste krisialdi baten barruan? Badirudi inoiz baino urrutirago heldu dela euskarazko espresio bidea, baina topo egiten duzu indize batzuekin, eta horietako batek esaten du, adibidez, hizkuntzaren erabilera beherantz doala". Beraz, botila erdi hutsik edo erdi beteta ikusten duten galdetu die elkarrizketatuei. "Euskaltzale aktibo batzuei ari gara galdetzen, era berean, ea hizkuntzak eta herriak eutsiko ote dioten". Etxegoienen esanetan, egiten dira irakurketa apokaliptiko batzuk, zera planteatzen dutenak: "Ez ote gaude hasieraren bukaeran?". Dena den, egileak ez du hain apokaliptikoa izan nahi.
Liburuarekin saiatu da, gainera, azken urteotan gailendu den korronte bati erantzuten. "Azken urteotan, teorizazio mailan, loraldi bat gertatu da, ziurrenik unibertsitate giroetan sortutakoa. Oso interesgarria da mundu mailan dabiltzan teorizazioez jabetzea". Idazle eta kazetariak bilatu duena da, ordea, eguneroko lanean oinarritutako esperientzia, lurra zapaltzen dutenena. "Hortik datorren teorizazioa. Izan ere, metafisikara fisikatik ailegatzen zara, eta ez alderantziz".
Hamabi sortzaile horiekin izandako solasaldien emaitza da liburua. Egileak argi utzi nahi du, badaezpada ere, ez dela elkarrizketa liburu trinko bat. "Jendea ohituta dago galdera hausnartu eta trinkoetara, eta gisa bereko erantzunetara. Liburuan ez da hori gertatzen". Etxegoien bera oso modu gorabeheratsuan agertzen da liburuan: "Hitz bat esateko, nire teoria zelebre bat botatzeko... Edo ez naiz agertzen sei orrialdetan!".
Sortzaileek ez dituzte "sekulako errebelazioak" egiten, baina "badago gaia", Etxegoinen aburuz. "Nik uste dut, neurri batean, behintzat, biluztu direla".