«Hipozentroaren proiekzio bertikala dagoen lurrazaleko gunea da; hau da, lurrikara edo mugimendu sismiko bat indar gehienez sumatzen den lurrazaleko gunea». Hori da epizentro hitzaren esanahia. Azalpen zientifikoa metafora gisa erabili du Nerea Loiolak Epizentroa liburua ontzeko, lanaren aurkezpenean adierazi duenez, gaur goizean. Haur literaturan zenbait lan argitaratutakoa da Loiola, baina hau du helduentzako lehen liburua: zazpi ipuinez osatutako obra bat da, eta, funtsean, lurrikara emozionalen jatorriaren eta haien ondorioen arteko lotura eta distantzia jorratzen dute kontakizunek. Erein argitaletxearekin kaleratu du.
«Bizitzan lurrikara ugari izaten ditugu gure baitan; egunerokoan gertatzen dira batzuk, une konkretu batzuetan beste batzuk —haur bat izaterakoan, harreman bat amaitzerakoan, lan aldaketak... sistemak ezarritako ustezko zoriontasuna osatzean ematen direnak—». Askotarikoak dira, autorearen arabera, seismook eragiten dituzten egoerak eta bizipenak, batzuk «pozgarriak» eta beste batzuk «zorigaiztokoak»; alabaina, batzuetan identifika ezina izaten da horien sorrera, dena abiarazi duen eztanda. Eta hori ere nabarmendu du Loiolak liburuan: «Lurrikarak lurrazalean ikusi eta nabaritzen ditugu, baina antzematen duguna oso urruti dago mugimendu sismikoaren fokutik. Non, noiz eta nola gertatu den lurrikara hori, eta non, noiz eta nola nabaritzen dugun guk: horretaz ari naiz». Horiek horrela, «ipuin askok iraganaren eta orainaldiaren arteko kontrastearekin jokatzen» dutela adierazi du autoreak. «Batzuetan pertsonaiak kontziente dira lotura horretaz, eta beste batzuetan, ez».
Arrakala hori azaleratzen dute bildumako ipuinek. Autonomoak dira, haien arteko lotura zehatzik gabe aurreikusiak, baina, hala ere, bat egiten dutenak. «Esango nuke giza harremanetan ezarritako ardatza eta erabakien inguruko aferak direla liburuari osotasuna ematen dietenak». Jo puntu zehatzik gabe, istorioek eta protagonistek eurek bideratu dituzte narrazioak; «gai ezberdin asko» azaldu dira idazketa prozesuan, baina elementu batzuk errepikatu egiten dira narrazioetan, Loiolak azaldu duenez: «Alde batetik, protagonista guztiak emakumezkoak dira, adin eta ezaugarri desberdinetakoak; beste alde batetik, gai batzuk maiz azaltzen dira narrazioetan: maitasuna, desioa, sexua, nahiak, ardurak, ezinak...».
Forma aldetik ere, askotarikoa
Lurrikara hitzak iradokitzen duen bortizkeriaren kontrara, dardara emozionalek sortutako detaile txikiei erreparatu die Loiolak, Ereineko editore Inazio Mujikak azpimarratu duenez: «Oso ona da egoerak eraikitzen eta amildegiak deskribatzen, baina hobea da keinuak azaltzen eta xehetasunak adierazten». Loiola ados agertu da editorearen balorazioarekin: «Arreta handia jarri dut harremanetan, detaileetan, keinu eta ekintza txikietan eta harremanen simetrian eta asimetrian, eta ez naiz soilik bikote harremanez ari».
Hainbat ikuspuntutatik heldu die errealitate horiei, berarengandik «urrun» kokatzen diren ahotsez baliatuta, kasu batzuetan: Itsaso zuria-ko narratzailea haur bat da; Cuisine et Sante-ko protagonista, berriz, lesbiana da, eta 17.03-koa, migratzailea. Literatur aditu batek ohartarazi zion horretaz, ipuinen zirriborroa irakurtzerakoan: «Hala esan zidan: ´Konturatu zara zugandik oso urruti dauden pertsonaia batzuei eman diezula ahotsa? Ariketa zaila da hori, arriskutsua batzuetan, zergatik egin duzu?’». Onartu duenez, artean ez zuen erantzunik, «sorkuntza prozesuan modu inkontzientean» eginiko hautua izan baitzen. «Baina, gerora, ulertu dut distantzia hori behar nuela: pertsonaiak nigandik urrundu behar nituen gai batzuk mahai gainean jarri eta neure buruarekin zintzoa izan ahal izateko».
Dena den, urrunketa ez du soilik ahotsen bidez erdietsi. Izan ere, kontakizunetako bati distopia trazak eman dizkio. «Exit ipuina da, beharbada, guztietan desberdinena. Besteak egunerokotasunean errotuta daudela esan daiteke, gertuago sentitu ditzakegu hasiera batean. Nolanahi ere, Exit-eko pertsonaiek eta giroak gertutasuna emango digute». Kronologikoki hurbilago, beste emakume bati hizketan ari zaion andre batean ardaztuta dago Egin behar nuena egin nuen, lehen pertsonan idatzia hau ere: «ezohiko bakarrizketa» bat garatuko du narrazioak. Erritmoari erreparatuta, berriz, Cuisine et Sante eta 17.03 «pausatuenak» dira, baita narraziorik luzeenak ere; «nobelaren pultsura hurbiltzen dira», idazlearen arabera.
Helduentzako lehen liburua duen arren, Loiolak dagoeneko lortu du «ahots identifikagarri bat», editorearen iritziz. Kontatzeko modu «lotsagabea» du idazleak, «konplexurik gabekoa, freskoa eta askea», Mujikak aletu duenez. «Apaindurarik gabeko hizkuntza da: efizientea eta efikaza. Zuzen eta zehatz marrazten ditu gaiak eta pertsonaiak».