Luz Fandiño poeta eta ekintzaile galiziarra hil da

Literaturan zein handik kanpo bistaratu zituen Fandiñok feminismoari, langile klaseari, kultura galiziarrari eta batik bat galegoari loturiko aldarriak. Erbesteratua zelarik idatzi zituen zenbait lan. 92 urterekin zendu da.

Luz Fandiño idazlea, 'A poeta analfabeta' dokumentaleko irudi batean. BERRIA
Luz Fandiño idazlea, 'A poeta analfabeta' dokumentaleko irudi batean. BERRIA
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko apirilaren 29a
10:56
Entzun

«Unha fotografía é/ algo máis/ que un cacho/ de papel./ É un tempo/ detido/ que nos fala/ do que foi/ e xa non é». Idatzi zuen Luz Fandiñok argazkilaritzaz, esplikatu nahian zenbat kabiarazi daitekeen foto bakarrean. Esateko «inoiz izan bai, baina dagoeneko ez den zerbait» ere biltzen duela argazki batek askotan; ez dela «paper puska bat» soilik. Olerki horren gainean sarri mintzatu dira Galiziako eskoletan, poesia tailerretan eta galego eskoletan. Ikasteko ez soilik lerrook diotena, ezpada Luz Fandiñoren idaztankera eta bizialdia nolakoa ziren ere. Argazkiak biltzen duen gisa berean «inoiz» izandako zerbait, idazlearen poesiak berak ere biltzen baitu iraganaren arrastoa. Zendu da Luz Fandiño, baina, aurrez, utzi ditu dozenaka kontakizun eta aldarri bere literaturan idatzita. Galiziar kulturari buruzkoak batik bat, baina baita feminismoaz ere, eta militantzia politikoaz, eta justiziaz. Galegoaz eta galegoz. 

92 urterekin hil da Fandiño, Santiago Compostelan; sorterrian, alegia. Sar auzoan jaio zen, 1931n. Baina 1952rako Argentinara egin zuen alde, frankismoaren errepresiotik ihesi eta bizi baldintza hobeen bila. Herrialde hartan eman zituen hamabi urte, eta Frantziara mugitu zen orduan. Bertan bizi izan zen, harik 1979an itzuli zen arte sorterrira.

Hala eta guztiz ere, Fandiñok hainbatetan aitortu du Galiziatik aparte emandako aldietan ere sekula ez zuela bistatik galdu sorterria, eta beti zebilela pentsatzen noiz izanen zuen posible bueltatzea. Bertan zituelako sustraiak, eta bertan, batez ere, hizkuntza. «Galegoa dut nire ama», adierazi ohi zuen askotan. Edonola ere, kariñoarekin ez ezik, asmo politikoarekin esplikatzen zituen Fandiñok galizierari buruzkoak. Sutsuki defendatu zuen haren erabilera, bai eta galegozko poesiak daukan «ahalmen eraldatzailea» ere. Ideia horiek eta beste ikus daitezke islatuta Sonia Mendez zinema zuzendariak idazleari buruz eginiko dokumentalean: A poeta analfabeta (2020).

Adinean gora eginik ere, Fandiñoren hurbilekoek kontatu dute poetak sekula ez ziola utzi idazteari. Egunero idazten omen zuen tartetxo batez. Dena dela, 2014koa du azken argitalpena: O pracer de envellecer (Zahartzearen plazera).

Haren hitzak helduleku izan dira beste artista batzuen sorkuntzetarako; bai inspirazio gisara, bai eta oinarri bezala. Besteak beste, ezaguna da Maria Xose Silvarrek Fandiñoren hitzekin sorturiko kantua. Honela dio: «Eu son da clase dos poetas descoñecidos e ignorados/ para os que nunca se fixeron premios/ nin nunca son publicados/ son a poeta daqueles que loitan por saír de escravos/ son a poeta daqueles aos que todo lles foi negado./ Eu son a poeta daqueles que sobreviven do emprestado/ a poeta analfabeta, a poeta dos desherdados/ eu son a poeta daqueles aos que todo lles foi negado/ son a poeta daqueles que loitan por saír de escravos».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.