Tomas Aragues

Luzaroan bizirik iraungo duten doinuak

86 urterekin zendu da Tomas Aragues, musika klasikoko konpositorea. Miresmen handiz oroitzen dute haren ibilbide oparoa zenbait musikarik eta abesbatzak.

BERRIA.
Miren Mujika Telleria.
2022ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Musika munduan eredutzat izan du musikari askok Tomas Aragues (Teruel, Espainia, 1935). Musika klasikoko konpositorea izan zen, klasizismo formalaren bidea egin zuena. Txikitatik landu zuen musika, Tomas Aragues Bayarte konpositore, irakasle eta zuzendariaren semea baitzen. Jaioterritik Barakaldora (Bizkaia) egin zuen salto 5 urterekin, aitak herri horretako udal banda zuzentzeko postua eskuratu baitzuen. Herenegun hil zen Madrilen, 86 urte zituela. Haren doinuek bizirik iraungo dute, ordea.

Aitaren arrastoari segituta, Bilboko kontserbatorioan egin zituen lehen musika ikasketak Araguesek, eta handik gutxira nabarmendu zen solfeoan, harmonian eta konposizioan. Galizian eta Italian jarraitu zuen musika ikasketekin gero. Liturgiarako erlijio musika ugari idatzi zuen. Gainera, hezkuntza arloan funtsezko pieza bat izan zen. Horregatik, Donostiako kontserbatorioari estu lotuta gelditu da haren izena; irakasle aritu baitzen urte askoan, eta baita zuzendari karguan ere hiru bat urtez; 1980tik 1983ra.

La Salleko komunitate erlijiosoan egin zituen lehen urratsak irakasle gisa. Izan ere, 1960ko hamarkadan musika sakratuko irakasle aritu zen Salamancako Eliz Unibertsitatearen mendeko San Pio X.a Institutuan (Espainia). Garai horretan hasi zen liturgiarako musika erlijiosoa konposatzen, eta haren pieza asko geratuko dira zenbait musikariren memorian.

Kontserbatorioko orkestra eta Easo abesbatza zuzendu zituen, besteak beste. Eta, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa sortu zenean, 1982an, zuzendaritzari loturiko zereginetan aritu zen. Miresmenez oroitzen dute konpositorea musika munduan aritutako zenbaitek.

«Oinarrizko kidea izan zen Aragues orkestraren lehen urratsetan»: hala mintzo da Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Gainera, orkestraren lehen diskoa zuzendu zuen, eta grabazio horretan agertzen den Euskadiko ereserkia-ren bertsio ofizialaren moldaketen egilea da.

Merezitako aitortza

Euskal Herriko Gazte Orkestrak ere «samina» adierazi du konpositorearen galerarengatik, eta azaldu dute «harrotasunez» erakutsi izan dituztela Araguesen lanak Txinan eta Italian egin dituzten biretan.

Joserra Senperena musikariak maisutzat zuen Aragues, eta konpositorearen galerarengatik doluminak eman ditu jendaurrean, eta haren lana eta umiltasuna azpimarratu: «Tomas Aragues hil da, euskal musikaren erreferentea. Langile nekaezina, itzalean egotea nahiago duten horietakoa. Ez adiorik, maisu». Eresbilek, Musikaren Euskal Artxiboak, uste du konpositorearena «galera handia» dela. Izan ere, Araguesen 500 partitura inguru ditu gordeak musikaren euskal artxiboak. «Musikagilea, irakaslea eta zuzendaria, beti gogoratuko dugu bere adeitasunagatik eta proposatu zitzaizkion musika ekimen guztietan laguntzeko prestasunagatik».

Euskal Herrian ibilbide musikal luze eta oparo bat eginda hil da, beraz. Nolanahi ere, Araguesek azken urteetan jaso ditu zenbait aitortza, musika munduan egindako lanaren erakusle izan direnak. Izan ere, Donostiako kontserbatorioko ikasleen esker ona jaso zuen konpositoreak 2000. urtean; erretiroa hartu baitzuen orduan, eta bere lana eskertzeko ekitaldi bat egin zioten.

Euskal musikagintzaren esker ona ere jaso zuen, 2015ean; haren lanetan oinarritutako programa berezi batekin omendu zuten Donostiako Kursaal auditoriumean. 80. urtebetetzearen harira egin zioten omenaldia, eta bertan izan ziren Araguesekin estuki lotuta zeuden abesbatzak: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Donostiako Orfeoia, Andra Mari abesbatza, Easo abesbatza eta La Salle anaidia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.