M. Ward, edo denbora bere egin nahi duen musikaria, Bilbon ariko da gaur

Howe Gelb ere izango da (Giant Sand) BBK Live Bereziak kontzertu sailaren estreinaldian

M. Ward musikari estatubatuarra, folk sotilaren ikurretako bat. - / BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2011ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zerbaitegatik izango da. Zerbaitegatik eskatu izan diote hainbeste eta hainbeste musikarik beren diskoetan eta kantuetan parte hartzeko. Besteak beste, Giant Sand, Lambchop, Stephen Malkmus, Bright Eyes, Gorky's Zigotic Mynci, Cat Power eta Yo La Tengo lagundu ditu azken urteetan. Musikari estimatua da M.Ward, eta kritikak ez ezik, bereogibideko kideek ere sarri erakutsi dute haren lanarekiko miresmena.

Musikari gaztea da hein batean, 35 urteak igaro berri ditu, baina 2001tik, End of Amnesia argitaratu zuenez geroztik, etengabeko jardun oparoan aritu da.Post-War lanarekin (2006) eskuratu zuen oihartzun mediatikoa, eta duela bi urte kaleratu zuen orain arteko azken lana: Hold Time. Bilboko BBK aretoan ariko da gaur (20:30), BBK Live Bereziak kontzertuei hasiera emanez. Rock jaialdi handia hasi bitartean giroa berotzeko, hainbat kontzertu egingo dira Bilbon.

Denborari eusteaz mintzo zen azken lanean M. Ward, eta denborari eusten saiatuko da gaurko kontzertuan ere, ohikoa duen trebeziaz. Musika estiloak sotiltasunez uztartzen ditu. Fingerpicking teknika erabiliz, behinolako soinua ateratzen dio bere gitarrari, eta 50eko urteetako rocka, 60etako popa eta 70etako folka uztartzen ditu bere kantuetan, country berrituari eta rock estetika alternatiboari muzin egin gabe.

M. Warden hitzetan, musika argazkigintzarekin aldera daiteke. Musikak bizitzako une bereziak harrapatzen laguntzen dio jendeari. Momentu berezi horietako batzuk bizi ahal izango dira gaurko kontzertuan, musikari estatubatuarrak Chinese Translation goxo-hipnotikoa, Poison Cup pozoitsua edota betiereko bihurtu den Hold Time klasizismoz jantzia jotzen dituenean.

Matthew Stephen Ward 1974an jaio zen, Kalifornian. Urte batzuk igaro behar izan ziren M. Ward bihur zedin. Aitak gospela eta countrya entzuten zituen une oro, eta hark barneratu zuen semea musikaren munduan, batez ere Johnny Cashen munduan. Amak musika klasikoa entzuten zuen, eta uztarketa horretatik sortu zen M. Ward. Bere musika eraginak zabalduz joan da urteen poderioz. The Beach Boysen Pet Sounds-en maitalea da, eta bereziki miresten du Brian Wilson.

Bakarkako ibiliaz gain, bi disko atera ditu She & Him bikoteko kide modura. Zooey Deschanel aktorea da beste kidea. Gainera, Monsters of Folk taldeko kide ere bada Jim James (My Morning Jacket), Conor Oberst eta Mike Mogisekin (Bright Eyes) batera.

M. Wardek miresten dituen guztien artean, Howe Gelb da ziur asko miretsiena, AEBetako rock eta folkaren beste munstro bat. Giant Sandeko kidea ere ariko da gaur Bilbon. Lehen ere sarri egona da Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.