Bigarren urtez jarraian Arabako Lautada izan zuen topagune Euskal Herriko bertsolaritzaren etorkizunak. Giro onean, Eskolarteko XXIII. Bertsolari Txapelketaren finalak herrialde guztietatik etorritako gazteak lehian jarri zituen Aguraingo Harresi aretoan. Amaieran, bi txapelak Lapurdira eta Bizkaira joan ziren. Hamalau urte artekoen txandan Txaber Altube abadiƱoarra nagusitu zen, eta gazteen taldean, Hendaiako Maddi Ane Txoperenak jantzi zuen.
Aldez aurretik herrialde bakoitzean egindako kanporaketetan bi lagun sailkatu ziren finalerako. Gazteen atalean, hala ere, ez zen izan Zuberoako ordezkaririk, eta Nafarroa Beheretik bakarra aritu zen. Azkenean, 25 bertsolarik hartu zuten hitza Harresiko oholtza gainean.
Goizeko txandan gaztetxoenek kantatu zuten. Txapelaren gertutasunak urduritasuna handitu zuen, eta, hori dela eta, nahiko motel joan zen saioa. Txaber Altube ondo aritu zen ofiziotan Johaines Sarrailletekin, eta bigarren fasean ere Peru Abarrategirekin. Horri esker lortu zuen txapela.
Lapurtarrak jaun eta jabe
Arratsaldean hamalau eta hamazortzi urte bitarteko gazteak igo ziren agertokira. Publiko ugari, eta aretoan animoak emateko pankartak ez ziren falta izan, esaterako, iazko gaztetxoen saileko txapeldun Maialen Akizuren aldekoak. Arratsaldeko saioa arinagoa izan zen. Azkenean, epaileek lehian ziren bi lapurtarrak sailkapeneko lehen tokietara eraman zituzten. Maddi Ane Txoperena atera zen garaile, Maddi Sarasuaren aurretik. Biek saio ederra osatu zuten arratsaldearen joanean, bai ofiziotan baita kartzelako lanean ere. Txoperena eta Sarasua oso parekatuta ibili baziren ere, lehenak jantzi zuen azkenenean txapela.
Arratsaldeko saioa amaitzeko, esker ona bertsotan eman zuten bertsolari guztiek, hurrengo urtera arte.
Maddi Ane Txoperena lapurtarrak jantzi du eskolarteko bertso txapela
Hamalau urte arteko gazteen atalean, Txaber Altube bizkaitarrak irabazi du Agurainen jokatutako saioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu