Magiari eskainitako musikala

Gontzal Mendibilek 'Gau Magikoa' ikuskizuna sortu du, Easo Txiki abesbatzarekin batera

Gontzal Mendibilek sortutako Gau magikoa musikalaren aurkezpena, atzo, Bilboko Arriaga antzokian. L. JAUREGIALTZO / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2018ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
«Pelikula bat bizitzearen gisakoa da». Esaldi bakarrarekin laburbildu du Gontzal Mendibil musikariak Gau magikoa, Gabonetarako sortu duen ikuskizuna. EasoTxiki abesbatzarekin batera ondu du antzerkia eta kantuak uztartzen dituen musikala, eta, dioenez, film kutsua ere badu ikuskizunak. «Pantaila erraldoi bat izango da obra guztiaren gidaria. Horregatik diot film bat zuzenean ikustearen parekoa dela Gau magikoa». Gabonetako pertsonaia mitologikoaren bila abiatzen diren haur batzuen istorioa du obrak ardatz. Abenduaren 15ean estreinatuko dute, Bilboko Arriaga antzokian, eta Euskal Herriko beste hainbat antzokitara egingo dute handik. «Gure musikari eta ikuskizunei prestigioa ematea da nire asmoetako bat». Ikuskizunerako sortutako diskoa ere kaleratuko dute, datorren astean.

Duela hiru urtetik zerabilen ideia bat oholtzaratu du Mendibilek. «Gure haurrek kanpoko ikuskizun gehiago ikusten dituzte Euskal Herrikoak baino. Erdaraz egindakoak dira Gabonetako emanaldi gehienak, eta, sarritan, badirudi hemendik kanpoko eskaintza hobea dela, kanpokoa izate hutsagatik». Sumatzen zuen gabeziatik tiraka landu zuen musikariak Gau magikoa ikuskizunaren gidoia. «Zerbait egin behar zela pentsatu nuen, Disney konpainiarekin lehiatu behar bada ere, lehiatzeko». Irriz azaldu du musikariak.

Irakaslearen azaletik kontatuko du istorioa Mendibilek, kantuz. «Auñamendi inguruetako Aran izeneko herriko eskolan abiatuko da istorioa. Ihes egingo dute Kai eta Koa haur bihurriek, irakasleari lapurtutako mapa batekin, Gabonetako pertsonaia mitikoaren bila. Haurrak galdu egingo dira, eta herri osoak egingo du haien bila. Mai lagunak lagunduko die herrira iristen, telepatia magiko antzeko batekin». Kontakizunean geldialdia egin du abeslariak, umorez. «Isildu egingo naiz, bestela bukaera ere azalduko dizuet».

Ikuskizun guztia abestuz kontatuko dute. «Orotara, 60 minutuko iraupena du, eta 55 bat minutu egingo ditugu kantuz». Zortzi heldu eta Easo Txiki abesbatzako partaide diren 7 eta 9 urte bitarteko hamalau haur izango dira oholtza gainean.

Mark Twain idazle estatubatuarraren Tom Sawyer-en abenturak (1876) eleberria izan du musikariak gogoan gidoia sortzean. «Haurra nintzenean irakurri nuen lehen nobela izan zen, eta bistan da aztarnaren bat utzi zidala istorioak».

Alegoria du ikuskizunak. «Helduen praktikotasunaren eta haurren ilusioaren arteko talka nabari da obran. Gabonen testuinguruan, ilusioan eta magian sinisten dute umeek eta, helduak garenontzat, tontakeriak eta gezurrak baino ez dira halako kontuak. Bien arteko borroka eta bizikidetza irudikatuko dugu obran». Transmititu nahi duen ideia azaltzeko, piezarako sortu duen abesti baten leloa kantatu du. «Bihotzez, gogoz eta arimaz/ eskatzen badituzu/ ametsak egi/ bihurtuko zaizkizu».

Haur eta gazteak partaide egin nahi ditu abeslariak, eta Santi Antero Txan Magoaren laguntza izango du bide horretan. «Errejidorea behar nuen, eta pentsatu nuen: zergatik ez magoa?».

Haurrak protagonista

Mendibilen bosgarren musikala da Gau magikoa. «Egin dudan piezarik konplexuena da, zalantzarik gabe, teknikoki aldagai asko baititu: kantua, antzezlana eta filma bateratu behar dira, eta ez da lan erraza izan». Talde lana dela azpimarratu du behin eta berriz, horregatik.

Easo abesbatzako haurren «ilusioa» azpimarratu du Gorka Miranda abesbatzako zuzendariak. «Haur eta nerabeentzat oso garrantzitsuak dira halako proiektuak. Oso aukera ona da beren heziketa prozesuarentzat, baita iruditeriaren eremua lantzeko ere; izan ere, irudipena dut gaur egun dena ematen diegula eginda: dela ordenagailuekin edo sakelakoekin».

Hilabete barru taularatuko dute musikala, Bilboko Arriaga antzokian, eta lau emanaldi egingo dituzte bi egunean: abenduaren 15ean, 17:00etan eta 19:00etan; eta abenduaren 16an, berriz, 12:00etan eta 17:00etan. Sarrerak salgai daude jada. Aurrerago ere saio ugari egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.