Aurkezpen ofizialean, festibaleko zuzendari artistiko Thierry Malandainek berretsi du dantza aldetik, aitzineko urteetan bezala, "aniztasuna" dela nagusi, "dantza klasikotik garaikidera".
Konpainia guztien artean, saio arraroak nahi dituztenentzat, Alemaniako Nuremberg balleta azpimarratu du Malandainek, biziki gutitan baitira Alemaniako konpainiak handik ateratzen. Benditos Malditos dantza emanaldia ekarriko dute irailaren 13an Gare du Midi aretora.
Egun berean ariko da Belgikako Opinion Public konpainia, Kasinoan, eta hura ere nabarmendu du Malandainek. Bejard Ballet Laussanetik atera bost dantzarik osatzen dute konpainia hori, eta Bob'art ikusgarria ekarriko dute, zeinak arte garaikideaz gogoetatzen duen.
Eta berezitasunak berezitasun, azken emanaldiak bazterrak inarrosiko dituela argitu dute antolatzaileek. Hau da, Olivier Dubois konpainiaren Tragediek, zeinak hemezortzi dantzari biluzik elkartzen baititu taula gainean, dantza kontzeptuala eskaintzeko, humanitatea galdezka.
Euskal Herrikoek ere beren lekua izanen dute, dela Dantzaz eta Arte-An, Mizel Thereten Hiru Zitroin lur hotzean eta beste.
Maitaldiak iaz 21.000 ikusle bildu zituen, erdiak kanpoko emanaldietan, eta aurten baino pare bat ikusgarri gehiago eskaini zituzten antzokietan. Jaialdiak 600.000 euroko aurrekontua du.