BERTSO JARRIAK

Maitasun deitzen diozu

(Zarautz, Gipuzkoa, 2002). Zarauzko bertso eskolan hasi zen bertsotan, eta etxetik ere jaso du harekiko lotura —Xabier Euzkitze du aita—. Aurten, besteak beste, bertso idatzien 38. Basarri saria irabazi du, eRRe emanaldiarekin aritu da, eta Señora sariketan buruz burukora heldu da.

BERRIA.
Aner Peritz.
2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Maite zaitut zorion, inun ez zeralako, ezer ez zeralako, maite zaitut zorion.
Hitz soil bat zeralako poetek asmatua zorionik asmatzen ez zekitelako.
Denona zeralako, ezer ez zeralako, maite zaitut zorion beti besterena».

 

Zorion beti besterena, Imanol

1. 5 hileko feto baten
ekografia bat 3Dn*,
masail gorritu batzuk han
eta tximeletak hemen,
gabonetako filme bat,
iragarki bat bederen,
«ze hotz daukazun eskua»,
«atzo zeinen guapo zeunden»,
bi bihotz, bihotz oso bat,
bihotz erdi, bihotz heren,
larrualdi frustratu bat,
hiru emakume lerden...
maitasun deitzen diozu
eta ez dakizu zer den. (bis)

2. Baina horrek berdin dizu.
Beti ez baita norbera
erabakitzeko gai zein
duen barruko joera,
nora daraman gorputzak,
noraino, noren ohera,
noiz doazkion hormonak
edo gora edo behera...
Zuri begira daukazu:
goza zazu egoera.
Ai! Ez! Itxaron! Gauza bat,
nahastu aurretik sobera:
zuk zer maite duzu gehien
maitatzea edo bera? (bis)

3. Desira baldin badago
guraritik betatua
hautu zilegi bakarra
da akaso bekatua.
Konbentziozko engainu
bat izan arren patua
maitasunak dakarkizun
gogo madarikatua
barrenetik datorkizu,
ez da ausaz hautatua,
ordea, noiztik daukazu
erraietara sartua?
Kaxaren barruan hil zen Schrodingerren katua. (bis)

4. Beraz, zer da maitasuna?
Bukatu dezagun gerla.
Poesiarako argi
dago balio duela
-DBHko poetei
begiraiezu bestela...—
ordea, poesia da
fikzioaren langela.
Ez dizut debekatuko
hitz egitea horrela,
bakarrik eskatzen dizut
zintzo porta zaitezela:
egin poesia baina
esan poesia dela. (bis)

5. Eta neuk hauta baneza
nundik buka eta nun has
—bueno, ezin banu ere
igual ja esan dut too much
hitz egin niezazuke
koherentziaren lumaz,
sentiarazi nahi nizun nanoerruduntasunaz,
hitz egin niezazuke
hitz egin dezakezunaz,
diskurtsoen paradoxez,
zarenaz eta duzunaz...
baina zer esango dut ba
zure zoriontasunaz. (bis)

6. Zuekago ez ote den
sortu dudan zutasuna,
ez ote den ispilu bat
ezarri behar nizuna....
Gozoki ustean saldu
zizuten behin behazuna,
digeritzean trakean
kateatuko zaizuna.
Kontzepzio poetiko
hustu bat da maitasuna
aupa zu sortzen badizu
barrunbeetan oihartzuna
baina letra multzo bat da
hainbeste behar duzuna. (bis)

Doinua: Nik ez dut amets handirik (X. Lete, 7 puntuko moldaketa).

*Tres den

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.