Pantaila handiko aktore gisa ezagutzen du mundu zabalak, eta ez da harritzekoa. Jean Renok (Casablanca, Maroko, 1948) ibilbide oparoa egin du hala Frantziako nola AEBetako zinemaren industrian, eta ezin konta ahala filmetan ageri da haren izena. Gogoangarriak dira Le Grand Bleu (1988), Nikita (1990), Les Visiteurs (1993), Léon (1994), French Kiss (1995), Mission: Imposible (1996), Le Jaguar (1996), Godzilla (1998), Ronin (1998), Wasabi (2001), Da Vinci Code (2006), The Pink Panther (2006), L’Immortel (2010), Bronx (2020) eta Loups-Garous (2024), besteak beste. Ehundik gora ditu guztira.
Baina beste esparru batzuetan ere utzi du arrastoa Renok, esate baterako telebistan eta antzerkian, eta, berriki, literaturara egin du jauzi, Emma eleberria kaleratuta. Lehen nobela du aktoreak, eta parez pare zabaldu dizkio letren munduko ateak, milaka ale saldu baititu frantsesez —2024an plazaratu zen—, eta bide beretik doa gainontzeko edizioetan ere. Hain zuzen hamabost hizkuntzatara itzulita dago dagoeneko.
Pandemia garaian ernaldu zitzaion idazteko grina Renori. Esku artean proiekturik gabe egonean egoten jakin ez, eta luma hartzea otu omen zitzaion itxialdian; hartara, aspaldian gogoan zerabilen istorio bat paratuko omen zuen paperean. Apeta horren emaitza da Emma, maitasun erromantikoa, suspensea eta espioitza dosi bertsuan eskaintzen dituen eleberria.
Jakin-mina bai, baina anbizio handirik ez zuen izango nonbait, «erabat txundituta» gelditu baitzen XO argitaletxeko editore Renaud Leblondek baieztatu zionean Emma argitara emango zutela. Ale fisikoak eskuraturik, emozioak gaina hartu eta negar egin omen zuen Renok: «Zure izena liburu batean ikustea askoz ere hunkigarriagoa da film baten edo antzezlan baten afixan ikustea baino, liburua eskuetan har baitaiteke: pisua du, baita usaina ere».
30.000 aleko tirada izan zuen liburuak, eta berehala heldu zen gehien saldutakoen zerrendara Frantzian. Halere, Reno ez omen da idazlea; «begirune handiegia» omen dio langintza horri —eta bereziki Victor Hugori— bere burua idazletzat jotzeko. Halaxe esan du, behin eta berriz esan ere, drama eta umorea landu dituen aktoreak. Izatekotan, «kontu kontalaria» omen da, eta helburu xumekoa: «Irakurleak gogaitu gabe istorioari lotzea lortuko banu, pozik», adierazi zuen liburua sustatzeko elkarrizketetan.
Paisaiaren garrantzia
Bretainiako giro ospeletik Omango basamortuko bero sapara darama irakurlea Renok; itsasbazter gris batetik dunek osatzen duten ozeano gori amaigabe batera. Paisaiaren kontrastea. Horixe du Renok pertsonaia nagusiaren metamorfosia grafikoki erakusteko modua.
Emma Durvan masajista da Bretainiako izen handiko talasoterapia gune batean. Trebeenen artean trebeena da langintza horretan, baita estimatuena ere bezero dirudunen artean, hari askorik axola ez dion arren. Ofizioan duen arrakasta ez da, ordea, bere bizitzari zentzua emateko eta gogobetetzeko lain. 28 urte, eta gozo gabe bizi da nola lan munduan hala eremu pribatuan ere, haren ama auto istripu batean hil zenetik. Hain zuzen, istripu horren nondik norakoek osatzen dute eleberriaren lehen atala, eta bertan azaltzen den eszena batek istorio osoan barrena egiten du oihartzuna: Emmaren autoa iraulita dago, eta haren ama, Jeane, segurtasun uhalak helduta buruz behera, odoletan, begiak zabalik.
Emma errudun sentitzen da, eta ezin gainditu du amaren heriotza. Harrezkeroztik bederatzi urte joan diren arren, aldamenean balu bezala sumatzen du protagonistak: elkarrekin joaten ziren tokietara joaten da, hark egiten zuena egiten du, harekin mintzo da, haren ahotsa entzuten du, eta etxean han-hemenka agerian dituen argazkiei musu ematen die hura musukatzen ari delakoan.
Emmaren egunerokoan dena da monotonoa eta emozio izpirik gabea. Lantokia ere gustura aldatuko luke, nagusia ezin baitu jasan, baina horretarako ere ez du ganorarik. Harik eta Omango goi kargudun baten semea, Tariq Khan, talasoterapia gunera negozio asmoan iritsi eta Emmaren eskuetan jarriko den arte. Hortxe hartzen ditu tonua eta abiadura eleberriak.
Masajistak lehenagotik inoiz sentitu gabeko zirrara bat sentituko du Omandik heldutako gizon aberats handiustea ukitzean. Hatz puntetatik hasi eta bere gorputzeko azken bazterreko mami guztiek egingo diote dar-dar. Antzeko zerbait gertatuko zaio Tariq-i ere.
Masajistak lehenagotik inoiz sentitu gabeko zirrara bat sentituko du Omandik heldutako gizon aberats handiustea ukitzean. Hatz puntetatik hasi eta bere gorputzeko azken bazterreko mami guztiek egingo diote dar-dar, eta ezingo du horren kontrolik hartu. Antzeko zerbait gertatuko zaio Tariq-i ere: fisikoki ez ezik arimaz ere biluzik sentituko da Emmaren aurrean, ohantzearen gainean dagoela larru-haragiak ferekatzen dizkion bitartean. Erabatekoa izango da bien arteko konexioa.
Khanek, liluratuta, baldintza bat ezarriko dio talasoterapia guneko nagusiari, elkarrekin negoziotan jarraitzekotan: Emmak lau hilabete pasatu beharko ditu haren luxuzko turismo gunean, Omanen, hango masajista talde bati bere arte sublimea erakusten.
Aukera profesional paregabea izan zitekeena—hilean 15.000 euroko soldata, bestelako primak eta diru sariak, txoferra eta bizitokia urririk...— desioz, sekretuz eta bizi arriskuz jositako katramila bilakatuko da, eta horra hor Emmaren magia: bere dohain apartei eta iraganeko minek eman dioten adoreari esker, konturatuko da indar menderaezin baten jabe dela.
Pertsonaia nagusia emakumezkoa izateak gutxi du kasualitatetik Renorentzat. «Emakumerik gabe ez nintzatekeen izango orain naizen tokian. Bizitzen lagundu didate, eta estatus soziala aldatzen», azaldu zuen Le Parisien egunkarian. 17 urte zituela Frantziako hiriburura heldu zenean, arte dramatikoa ikastera, ehun libera besterik ez omen zuen patriketan, eta emakumeei esker egin omen zuen aurrera: «Jana, babesa eta maitasuna eman zidaten. Emakumeak dena dira niretzat».
Emma pertsonaia bizirik dago Renoren baitan. Ez omen dio aurpegirik antzematen, ezta begiradarik ere, ezpada hark eragiten duen aldartea. Baina aldean omen darama beti.
Renok ez du idazletzat jotzen bere burua, baina idazten jarraitzen du. Kontuan hartuta Emma eleberriaren amaiera irekia dela, ez ote den haren jarraipena prestatzen ari.