Idazle oparoa da Karlos Linazasoro (Tolosa, 1962). Nobela ez beste genero guztietan ugariak dira haren literatur emariak. Poesiari heldu dio Gaur orain da betiko (Erein) lan berrian, eta «gaztetzeko» balio izan dio. Gaztetzeko balio izan dio maitasun poemak direlako liburuan bilduriko 70 aleak, eta batez ere nerabeentzat direlako: «Helduentzako ere egoki ikusten ditut. Baina beste hizkuntza batzuetan badira nerabeek irakurtzen dituzten maitasun poema liburuak. Esaterako, gaztelaniaz Neruda edota Machado. Antzeko zerbait egin nahi nuen nik. Poemarioak balio lezake gazteengan zaletasun hori pizteko».
Gazteentzat, baina «irakurle konkretu» batentzat idatzia dago liburua: «Normalean ez da jakiten nor den irakurlea, ez da jakiten irakurlea existitzen den ere. Irakurle bat izan dut gogoan, eta irakurle hori presente edukiz, saiatu naiz liburua beretzat idazten. Bera nolakoa den jakinda, poemario ulergarri bat egiten saiatu naiz».
Poemarioa ulergarri egiteko, poemok sortzen baino lan handiagoa egin du Linazasorok aleak soiltzen: «Poemario osoa lorategi bat da, eta poema bakoitza lore bat. Poema bakoitzari erreparatu diot, eta guraizeekin kimatu ditut lorez lore. Gehiegizko metafisika edo metafora zailak kimatzen eta soiltzen ahalegindu naiz.Kezka formal bat izan dut. Poetak beti nahi izaten du perfekzioa lortu, baina sekula ere ez du lortzen».
Poemak baino gehiago kantuak direla dio egileak. «Musikaltasunari, erritmoari, doinuari... garrantzi handia eman diot. Oso egokiak izan litezke kantatzeko». Bai poema bakoitzak, baita poemario osoak ere egitura zirkularra dauka, eta horrek ematen dio erritmoa lanari, Linazasororen ustetan.
Sentsualtasuna eta erotismoa
Maitasun kantuak izanik, sentsualtasunak eta erotismoak agerpen nabaria dute liburuan. «Bost zentzuekin irakurri behar da liburua, arrazoiarekin baino gehiago. Emakumearen eta gorputzaren gorazarrea dago, beraz, ukimenarekin irakurri behar da batik bat».
Opari modura idatzi ditu poemak Linazasorok. «Poza eta ospakizuna dago poema hauetan». Honela dio liburuko poemetako baten hasierak: «Musua eternoa da./ Apenas irauten duen,/ eta hortxe nago berriro/ eskaka, orori izkintxo/ eginda. Zureak dira/ eternoenak, kuttun,/ gau eta egun, edo/ lorategiko zeruan».
Maitasun kantuak, lorez lore
Karlos Linazasorok 'Gaur orain da betiko' poema liburua argitaratu du, nerabeentzat bereziki
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu