Donostiako 72. Musika Hamabostaldia

Maitasunak du azken hitza

Xabier Lete modu hunkigarrian oroitu dute, Arantzazu jendez betearen argitara, Pettik, Amaia Zubiriak, Antton Valverdek, Erramun Martikorenak, Pier Paul Berzaitzek eta JosAnton Artzek.

Petti atzoko emanaldiko une batean. Xabier Leterekiko eta haren lanarekiko atxikimendua agertu zuten oholtza gainean aritu ziren guztiek. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Arantazu
2011ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urtebete ez da igaro Xabier Lete hil zenetik —iazko abenduaren 4an—, baina omenaldiak saldoka egin dizkiote orduz geroztik. Musika Hamabostaldiak ere bere omenaldia eskaini nahi izan dio poeta eta kantariari. Musika liluraz bizi zuen Letek, eta Hamabostaldiko entzule ere bazen. Lilura hori itzuli nahi izan zion atzo Hamabostaldiak.

Lilura ugariren gune da Arantzazu. Kuttuna zuen Letek, eta ez zuen alferrik aukeratu Hamabostaldiak omenaldiaren tenplu izateko. Meza egungehienetan izan ohi ez duen itxura hartu zuen basilikak. Atze eta aurre, eskuin eta ezker, goi eta behe bete zen. Oraindik ere egunaren argi urdinxka leihatiletatik sartzen zela, bertaraturikoak —jende heldua gehien-geihenean— aldarera begira zirela, eta espazioaren girotzeak lasaitasunerako gonbita egiten zuela hasi zen omenaldi kontzertuaren lehen zatia, Letek bereziki maite zituenmusika klasikoko piezekin hasi ere. Tomas Luis de Victoriaren Officium defunctorum a seis voces eta Mozarten Ave verum eta Visperas de confesore piezaren amaiera interpretatu zituen Iruñeko Coral de Camarak. Josep Cabreren zuzendaritzapean, eta Quim Guerra (baxoa) eta Patricia Gonzalez (organoa) musikari zirela santutegi barrena solemnitatezko hunkidura oihartzun batek hartu zuen 40 minutu inguruz. Zeruko arrakalaren batetik aterata ziruditen ahots aratzek barnean sosegu hartzera bultzatu zuten entzulea.

Hunkidura oihartzuna lurtarrago eta haragizkoago bihurtu zen omenaldiaren bigarren zatian, Lete aldez edo moldez ezagutu eta estimatzen zuten zebait kantarik eta musikarik bere hainbat kantu jo eta abestu zituztenean.

Erraien mintzoa

Xabier Letek aurkezpenik behar ez, baina bere burua ezin hobeto definitzen duen Ni naiz kantuarekin hasi zuen bigarren zatia Pier Paul Berzaitz kantari zuberotarrak, enfatizazio eta sentimendutik abestuz —halaxe egin zuten ondorengoek ere; erraien mintzoa taularatu zen—. Xalbador bertsolariaren hitzez osaturiko Negarra begian, Leteren lehen ezagutza izateko baliagarri izan zitzaion Lore gorrien balada —publikoaren laguntzaz kantatua—, eta ikus-entzuleen esku zarta beroenetakoa jaso zuen Habanera kantatu zituen, hurrenez hurren, musikari talde trinkoa atzean zuela. Karlos Gimenez (pianoa), Joxan Goikoetxea (eskusoinua), Txema Garces (baxua), Xanet Arozena (gitarrak), Francisco Herrero (biolina) eta Luis Fernandez (biolontxeloa) fin arituziren aldarean kontzertu osoan, apaiz laguntzaile zintzoen moduan, baina hauek denak beltzez jantzirik.

Leterekin hainbat egitasmo, abentura eta oholtza partekatu zituen Antton Valverdek. Amodio amore-rekin erakutsi zion bere estimua aurrenik.Carlos Gimenezen pianoa hartu eta Letek berak itzulitako Gabriel Zelaiaren Itzulera poema jo eta kantatu zuen, modu biluzian. Halaxe, modu biluzian, tantoka, emeki-emeki, ahotseratu zuen Hitzez hitz hurrengoa ere. Hil baino lehenxeago Letek berak idatzitako Amaitu da bidaiagordin bezain hunkigarriarekin bukatu zuen bere jarduna Valverdek, bera pianoan zela, eta txelo nahiz biolinaren laguntza sotilarekin.

Ez Dok Amairuko garaietatik abiatuta bidelagun izan zuen Letek JosAnton Artze. Poetak, bere mahoizko galtzei leial, heriotzari buruzko poemak errezitatu zituen, Xabier Lete eta Lourdes Iriondo adiskideak gogoan hartuta. «Ez dugu nahi izaten heriotzari buruz hitz egiterik, baina hor dugu guztiok», esan zuen aurkezpen modura. «Ez heriotzak, maitasunak du azken hitza» esanez amaitu zuen bere errezitaldia. Ondoren Joxan Goikoetxeak —Noel Elorga aurkezleak Joxan Tolosa pilotariarekin nahastu zuen une batez, omenaldiaren solemnitateari umore arnasaldi bat emanez—, esku-soinua lagun bakar, Errota zahar maitea kantuaren doinua jo zuen, eta bertaraturikoek, bat-bateko erantzunez eta ahopeka segi zioten melodiari, omenaldiko unerik berezienetakoa sortuz.

Amaia Zubiriak fado lurrinezbusti zuen Zure tristura (pianoarekin) eta Itsasoak ura handi, Nabil eta Maiteaz galdezka kantatu zituen ondoren, jendearen etengabeko koruekin.

Egunkari honen edizio itxi zenean, Petti eta Erramun Martikorena euren kantuak eskaintzeko zeuden artean ere.

Ez heriotzak, maitasunak izan zuen azken hitza atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.